Kazkabar ekaitz handia izan zen herenegun Fiteron, Cintruenigon eta Corellan (Nafarroa), eta oraindik zehazteko dago zein diren fenomeno meteorologikoak eragindako kalteak. Dena den, Nafarroako Parlamentuko bozeramaileen batzarrak ohar bat onartu du gaur, zeinaren bidez eskatzen duen «eragindako eremuak leheneratzeko legez ezarritako tresnak gaitzeko». UPNk aurkeztu du lau puntuz osatutako oharra, eta PSNk azkeneko biak moldatu ditu.
Lehenbiziko atalean, Nafarroako Parlamentuak elkartasuna adierazi die ekaitzarengatik kaltetuak izan diren horiei, eta bigarrenean, eskerrak eman dizkie kalteak konpontzeko lanetan ari diren guztiei. Hirugarrenean, eskatu dute «eragindako eremuak leheneratzeko legez ezarritako tresnak gaitzeko». Azkenik, «fenomeno meteorologikoei aurrea hartzeko eta kalte posibleak murrizteko gaitasuna etengabe hobetzearen» alde egiten du testuak.
Jose Mari Aierdi Ingurumen eta Landa Garapeneko kontseilariak adierazi du lanean ari direla eremu kaltetuei laguntzak emateko. Hala, Aierdi eta Oskar Txibite Lurralde Kohesioko kontseilariak Fiteroko, Cintruenigoko eta Corellako alkateekin bildu dira gaur, egoera «bertatik bertara» ezagutzeko. «Nafarroako Gobernuaren webgunea zabalik dago, bertan jarri ahal izateko kalteak eta gastu estimazioak. Horrek aukera eman behar digu ekintza guztiak baloratzeko», adierazi du Aierdik.
Gehitu du hainbat alorretako kalteak hartu behar direla kontutan. Erran du ondasun pribatuetan «nabarmenak» izan direla kalteak: «Aseguruek artatu behar dituzte, eta, hondamendi eremuaren izendapena onartuko balitz, ematen diren laguntzek ere kontuan hartzen dituzte kalte horiek». Aierdiren erranetan, azpiegitura publikoetako galerez tokiko administrazioa arduratzen ahal da. Laborantzako azpiegiturak eta laboreetan ere kalteak izan direla azpimarratu du, eta aztertuko dutela nola bideratu laguntza alor horietara.
Aierdik azaldu du laguntzak bideratzeko beharrezkoa dela Txibite kontseilariak foru agindu bat onartzea, babes zibileko larrialdi batek eremu kaltetuaren izendapena finkatzeko. Espainiaren erantzunari dagokionez, adierazi du normalean denbora gehiago behar izaten dutela. Dena den, nabarmendu du badagoela «borondate politikoa horrelako ezaugarriak dituen egoera bati erantzuteko».