ekonomia

Nafarroako Gobernuak Gamesako langileak Agoizko plantara bideratzeko "ahalegina" egingo du

Gamesa enpresaren "alboan" lan egiten ahaleginduko da Miguel Sanzen gobernua, Altsasuko enpresatik kaleratuko dituzten 150 langileetatik 90 Agoitzera bideratzeko. Kalera joango diren gainerako 60ak Altsasun geratzeko ekimena bideratuko duela esan du Sanzek, "egungo instalazioen berrindustrializazioa eginda".

2010eko maiatzaren 10a
14:57
Entzun
Gamesaren Altsasuko plantatik (Nafarroa) bidaliko dituzten 150 langileen egoera bideratzeko Gamesarekin "estuki" lan egingo du Nafarroako Gobernuak, eta 150 langileetatik 90 Agoizko plantara bideratzeko enpresaren "alboan" izango da. Gainerakoen egoera konpontzeko "Altsasuko egungo instalazioen berrindustrializazioa" egiteko ekimena bultzatuko duela esan du, baina ez du zehaztu zer egingo duen.

Joan den ostiralean, Espainiako Lan Zuzendaritzak Altsasuko lantegia behin betiko ixteko bideari ekin zion, langile guztien kontratuak eteteko erregulazioa baimenduta. Kalean utzitako 150 langileei beste enpresa batzuetara joateko eskaintza berretsi die Gamesak. Maiatzaren 13ra arte izango dute langileek inguruko enpresetan lanpostua eskatzeko epea. Fabrikan aritutako 90 langile ingururen egoera bideratu nahi du horrela.

Langileak, bien bitartean, Gamesako ordezkariekin bileran dira, egoeraz hitz egiteko. Langileek euren jarreraren berri datozen orduetan emango dute. "Borrokan aritzeko prest" daudela jakinarazi zuten enpresa ixteko albistea jaso zutenean.

Alderdien errakzioak

Alderdi guztiak datoz bat esaterakoan Sakana ingurua berrindustrializatu behar dela, baina Nafarroako Gobernuak inguru horretan egiten duena kritika bide izan da. Patxi Zabaleta NaBaiko bozeramailearen ustez,"Nafarroako Gobernuak konpontzen ez duen arazo larria" dago Sakanan, eta "beste behin" ez da egon Gamesako enpresak eragin duen arazoaren mailan. EspainiakoMinisterioak hartutako erabakian Nafarroako Gobernuak egindako ikerketa aipatu ere egiten ez dela-eta "gobernua agortua" dagoela uste du Zabaletak, "ez baita baliogarria gizartearentzat".

Samuel Carori eta Nafarroako gainerako sozialistei albisteak "zapore gazigozoa" eragin die, irtenbideak beste modu batekoa izatea nahi luketeelako, baina era berean, "positiboa da" haien ustez 150 langileetatik 90ek beste enpresa batzuetan lan egiteko aukera eskaintzea. "Ahalegina" eskatu dio Gamesari "gainerako langileei alternatiba eskaintzeko".

CDNko ordezkari Jose Andres Burgeterentzat "albiste ezin okerragoa" da, eta Nafarroako Gobernua "leku txarrean" utzi du. Gobernuari eskatu dio Sakanako hainbat enpresaren itxieraren ondorioak "murriz" ditzan, eta horretarako industrializaio plan bat bideratzeko eskatu dio.

Nafarroako Ezker Batuak ere bide horretatik jo du, alegia, Sakana biziberritzeko industria plan bat martxan jarri behar da haren ustez ere, eta "ohiz kanpoko naurriak hartu behar ditu Gobernuak horretarako".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.