Koronabirusa

Nafarroako Gobernuak hilaren 25era arte luzatu ditu neurri murriztaileak

Apaldu egin dira positiboak: 701 kasu atzeman dituzte. 195 pertsona daude Hego Euskal Herriko ZIUetan koronabirusak jota, larri

Iruñeko taberna batean bezeroak terrazan eserita. I. ZABALETA / FOKU.
Edurne Begiristain.
2021eko otsailaren 9a
00:00
Entzun
COVID-19aren transmisio datuak aztertuta, bi joera argi ikusten dira: batetik, kutsatze berriek goia jo dutela eta maldan beherako bidea hartu dutela, eta, bestetik, ospitaleen gaineko zama oraindik ere oso handia dela, bereziki ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan. Kutsatu berriak gutxituz doazen arren, Nafarroako Gobernuak erabaki du otsailaren 25era arte luzatzea indarrean dauden neurri murriztaileak. Hala, besteak beste, ostalaritzaren barrualdeak itxita jarraituko du, bilkurak familia unitatera mugatuta, eta etxeratzeko ordua 23:00etatik 06:00etara. Gobernuak adierazi duenez, bilakaera epidemiologikoak hobera egin duen arren, «arrisku handiko» egoeran dago oraindik herrialdea, eta egokiena murrizketak luzatzea da. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere egoera oraindik larria da, eta ostiralean bilduko da Labi aholku batzordea, baina ez da espero indarrean dauden neurriak malgutzea. «Egoerak eskatzen digu zorroztasuna», gogora ekarri zuen atzo Bingen Zupiria Jaurlaritzako bozeramaileak.

Erietxeetako egoerari begira,badira kezkarako motiboak: guztira 753 dira COVID-19agatik Hegoaldean ospitaleratutako pazienteak, eta horietatik 195 daude larri ZIUetan. Horrelako kopuruak zeuden bigarren olatua goia jotzear zegoenean, hau da, azaroaren hasieran. Ospitaleen egoera apaltzeko egunak beharko dira oraindik, orain ari delako kutsatzeen positibo berrien kurba beheranzko joera hartzen. Guztira, 12.339 PCR eta antigeno proba egin zituzten igandean Hegoaldean, eta horietatik 701ek eman zuten positibo. Bigarren egunez jarraian mila kasutik behera daude positiboak, eta positiboen ehunekoa %5,6 da orain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.