Nafarroako Osasun Departamentuak espero du 2028a hasterako martxan izatea Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko ZIU pediatriko berria. Gobernuak gaur onartu du obra horien exekuzio proiektua, eta 6,3 milioi euro jarriko ditu lan horietarako.
Gobernuaren asmoa da obrak hurrengo urteko apirilean hastea, eta 2027a amaitzerako bukatzea. Hala, haren estimazioen arabera, behin ekipamendu guztia kokatuta, 2028. urtearen hasierarako martxan beharko luke unitateak. Azaldu dutenez, zainketa intentsiboetako unitate berria 15 urtetik beherako pazienteentzat izango da, eta hamar box indibidual izango ditu haiek artatzeko.
Unitate berria Pediatriako larrialdi blokean ezarriko dute. Zehazki, hiru solairu gehiago eraikiko dituzte eraikin horretan, eta haietako bat osorik hartuko du ZIU pediatrikoak. Gaur egun, lau solairu ditu eraikinak; sotoa, behe solairua, aurrena eta bigarrena. Behin obrak amaituta, hirugarren solairua hartuko du ZIUak, eta beste biak hutsik geratuko dira oraingoz.