«Gakoa dirua da, ez udal erakundeen kopurua». Nafarroako Gobernuak Udal Administrazioaren Berrantolatzeko foru legearen aurreproiektua aurkeztu du. Javier Eneriz Tokiko Administrazioko kontseilariaren arabera, proposamenaren asmoa da etorkizuneko udal egitura «bideragarria» izatea eta orain arte herritarrei eskaini ahal izan zaizkien zerbitzuak eskaintzen jarraitzea —urak, zaborrak, osasuna, euskara eta beste—. Egun, Nafarroan 67 mankomunitate daude, eta, horien ordez, sei erakunde sortzea proposatzen du: Lizarraldea, Erribera, Erdigunea, Zangoza-Pirinioak, Iruñerria eta Sakana-Bidasoa.
Gaur egun, Nafarroan 272 udal daude, eta horietatik %55ek 500 biztanle baino gutxiago dituzte. Gainera, 348 kontzeju daude—kontzejua tokiko erakunde bat da; gehienetan, udal batek osatzen du—. Hasiera batean, gobernuak ez du udal eta kontzeju kopurua murrizteko asmorik, baina udalen artean bat egiteko aukera «irekita» utzi du. Gobernuaren apustua da «udalen zerbitzuak mankomunitate handietan biltzea», baina hori udal bakoitzaren esku uzten du proposamenak. Era berean, hauteskundeetan hautagaitzak eratzeko arazoak badaude, kendu egingo dira udal eta kontzeju horiek. Ez da kontzejuen sorrerarik baimenduko, eta eskumenak mugatu egingo dira.
Horrek ez du esan nahi udaletan esku hartuko ez denik. Izan ere, gobernuak murriztu nahi du udalen kudeaketa egitura. Hala, Nafarroan 272 udal daude, baina idazkaritza eta kudeaketa lanari dagokionez, «167 unitate» daude. Gobernuaren asmoa da urte batean unitateok 167tik 103ra gutxitzea eta epe ertainera are gehiago murriztea: 40ra. Aurrera aterako balitz, esan nahiko luke etorkizunean udal guztietako kudeaketa lanak 40 erakundetan egingo liratekeela. Azken neurri horren bitartez urtean batez beste hiru milioi euro aurreztu daitezkeela uste du Enerizek.
Lege aurreproiektuak etorkizuneko udal egituraren ildo orokorrak aurkeztu arren, oraindik zalantza asko daude argitzeko. Horietako bat finantzabidea da. Udalen zerbitzu nagusiak mankomunitate handietan bateratuta eta unitateak murriztuta, finantzabidea ere aldatu egingo da. Hori da erreformaren helburu nagusia. Enerizek azaldu duenez, finantzaketaren gaia aztertzeko batzorde bat eratuko da. Talde hori gobernuko, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko, Kontuen Ganberako eta mankomunitateetako teknikariek osatuko dute. Bideragarritasuna eta finantzaketa formula aztertuko ditu.
Bestalde, mankomunitateen bateratzeak ondorioak izan ditzake langile publikoen artean. Enerizen arabera, horren inguruan oraindik ez dago azterketarik, eta goizegi da ezer aurreratzeko. Sei mankomunitateek bideragarritasun plan bat egin beharko dute: bakoitzak ikusi beharko du zein zerbitzu hartu beharko dituen bere gain eta horiei erantzuteko zenbat langile izango dituen. Kaleratzeen aukerari buruz galdetuta, Enerizek saihestu egin du erantzuna: «Udaletan oso zaila da kaleratzeak egotea. Mankomunitateetan, berriz, plangintza egin behar da. Aukera ez dago ez irekita ez itxita».
Beste zalantza nagusia da erreformak eraginik izango duen mankomunitateetako eta udaletako ordezkariak aukeratzeko orduan. Enerizen arabera, hori ere zehazteko dago, baina ez da arazoa: «Denon artean uste dugun modu onena izango da hautatzeko sistema. Hori ez da giltzarria. Giltzarria da sei erakunde sortzea eta kostuak merkatzea». Ordezkariak jaso beharreko sarien gutxieneko eta gehienezko kopurua ere zehaztuko da.
Bide luzea oraindik
Nafarroako Gobernuaren aurreproiektu hori ez da ezerezetik atera. Aurreko legealdian, 2010eko urrian, parlamentuan Tokiko Administrazioko batzordean talde politikoek udal mapa aldatzeko erreformaren gutxieneko ildoak hitzartu zituzten, eta lege proposamen bat egiteko eskaera egin zioten gobernuari. Irailaren 30ean aurkezteko helburua jarri zuen Roberto Jimenez aurreko kontseilariak. Hain justu ere, hasiera batean PSNri zegokion erreforma bultzatzea, baina haren lehen proposamena gogor kritikatu zuen UPNk maiatzean. Behin PSN gobernutik kanpo, UPNk hartu du erreformaren gidaritza.
Enerizen arabera, parlamentuak hitzartutakoa «errespetatu» du lege proposamenak. Gainera, «udal askorekin» kontsultatu dute edukia. Kontseilariak zehaztu du orain Nafarroako Udal eta Kontzeju Federaziora igorriko dutela. Ondoren, gobernu kontseiluak onartu eta lege proiektua bihurtuta, parlamentura igorriko dute. Nafarroako Gobernuak legea aurrera ateratzeko aukera ikusten du. «Hasiera batean ez luke arazorik egon behar, txostena errespetatzen duelako».
Nafarroako Gobernuak proposatu du 67 mankomunitateak seira murriztea
Udal administrazioa berrantolatzeko foru lege aurreproiektua aurkeztu du, «kostuak merkatzeko asmoz»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu