Eguneroko datuen eguneraketaz harago, astero Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak txosten epidemiologikoa kaleratu ohi du. Iragan aste osoko datuak oinarri hartuta, atzo kaleratutako txostenean ondorioztatu du kasu errealak atzemandakoak baino halako lau direla gutxienez. Hau da, igandean guztira 2.168 kasu positibo atzemanak zituzten, baina, sintoma arinak dituztenen eta zuzenean inolako ondoriorik ez dutenen kalkulu bat eginda, gobernuak uste du egiazki «10.000tik gora» direla.
COVID-19 gaitzaren epidemia hasi zenetik, Hego Euskal Herriko osasun sistemak, publikoak zein pribatuak, 23.990 proba PCR egin ditu; batez beste milioi bat biztanleko 8.440, alegia. Nafarroaren kasuan, gobernuak nabarmendu du beste herrialdeekin alderatuz gero munduan batez beste proba gehien egiten duten tokietako bat dela: Norvegiaren eta Suitzaren atzetik —milioi bat biztanleko 16.800 eta 10.650 hurrenez hurren—; baina Italiaren eta Hego Korearen aurretik.
Dena den, oraindik ere probak ez daude orokortuta. Sintoma arinak izan eta osasun etxera deituz gero, sistemak kasu posible gisa identifikatuko du herritarra, eta bakartzera behartuko. Egun 8.659 kasu posible daude, eta epidemiologiako adituek nabarmentzen dute horietako batzuek ez dutela birusa. Izan ere, erreferentzia erreal bat hartzearren, funtsezko jardueretan aritzen diren eta sintomak dituzten profesionalen artean egindako probetan, ikusi dute %28k ematen dutela positibo. Haatik, Txinan eta beste herrialdeetan egin diren azterketa zientifikoek agerian utzi dute sintomarik gabeko herritar kopuru handi batek birusa kutsatzeko ahalmena duela, eta haiei probarik ez zaie egiten.
Kasu positiboen hazkundearen erritmoa geldotu bada ere, kasuek gorantz jarraitzen dute; baina Santos Indurain Osasun kontseilariak irmo ukatu du larrialdi zerbitzuak «inondik ere kolapsotik gertu» direla. Sistemak 120 oheko gehienezko ahalmena du, eta oraintxe 85 herritar ditu. Indurainen arabera, gainera, larrialdietako ohe kopurua %30 handitzeko aukera dute eta une oro beharren arabera moldatzekoa. Hortik urruti direla deritzo.
Antzeko adierazpenak egin ditu Mikel Sanchez Eusko Jaurlaritzako Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendariak. Sanchezek ziurtatu du ospitaleetako larrialdiak inoiz ez direla «kolapsatuta» egon. Atzo, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan egun lazgarria izan zen: krisia hasi zenetik hildako gehien zenbatu zituzten. Dena den, Jaurlaritzak uste du aurreko asteetan okertutakoen ondorio direla hildakoak, eta, kasuek gorantz jarraitzen badute ere, erritmoa geldotu delakoan dago. Bilakaeran gorabeherak izango dira, baina erritmo hori geldotzeak osasun sistemaren «presioa arinduko du», Sanchezen arabera.
Zortzi milioi gehiago
Nafarroako Gobernuak zortzi milioi gehiago jarriko ditu aurreko asteetan iragarritako neurriak indartzeko. Guztira 14,2 milioi euro banatuko dira. Kopuru horretatik, 7,2 milioi euro egoera zaurgarrienean diren pertsonak babesteko erabiliko ditu; halaber, bost milioi euro gehiago jarriko ditu egoeraren ondorioz lana galdu duten eta egoera zailean diren familiek errenta bermatua jaso dezaten; gainera, familiei alokairu eta elikadura gastuei aurre egiteko laguntza emango diete eta udaletako gizarte zerbitzuetarako milioi bat bideratuko du.
Koronabirusa
Nafarroako Gobernuak uste du kasu errealak halako lau direla
Igandean diagnostikatutako 2.200 kasuetan oinarrituta, uste du egiazki «10.000tik gora» gaixo direla. Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak ukatu dute larrialdi zerbitzuak kolapsotik gertu direla

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu