Nafarroako haur eskoletan «normaltasun berriarekin» ekingo diote ikasturteari

Lau egoera posible irudikatu ditu Nafarroako Gobernuak, eta COVID-19aren bilakaeraren arabera ezarriko da bat edo beste.

Baztango haur eskola, artxiboko irudi batean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Olatz Esteban Ezkati.
2020ko abuztuaren 5a
13:13
Entzun

Gaur aurkeztu du Nafarroako Gobernuak haur hezkuntzako lehen zikloko zentroen protokoloa, datorren ikasturteari begira. COVID-19aren udako agerraldiek zalantza asko piztu dituzte hastear den ikasturterako; horregatik, Osasun Sailak haur eskola eta familia guztiei helaraziko die gaur bertan aurkeztu berri duten protokoloa. Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariak prentsaurrekoan nabarmendu du egoera berezi honetan ere «haurren eta hezitzaileen ateko lotura afektiboak mantentzea» izango dela lehentasuna, eta neurri bereziak hartuko dituztela une oro horri eutsi ahal izateko.

Hezkuntza Saileko batzorde teknikoak, Osaun Sailak eta hezkuntza arloko beste hainbat profesionalek osatu dute protokoloa, eta, bertan, lau egoera posible jasotzen dira. Ikasturtea lehen jokalekuarekin hasiko da; hau da, «normalitate berrian». Elkarbizitzarako talde iraunkorrak ezarriko ditu zentro bakoitzak, eta eremu jakin batzuk zehaztuko dira talde bakoitzarentzat. Talde horren parte izango dira haurrak, hezitzaileak, hezitzaile laguntzaileak eta, zentroak erabakiz gero, baita zuzendaria eta praktiketan dauden hezitzaileak ere. Asmoa da taldeen arteko kontaktua mugatzea, kutsatzeko arriskua mugatze aldera. Era berean, zentro barruko mugimenduak sahiestu beharko dira ahal den heinean, eta sarrera-irteerak ere modu antolatuan egingo dira. Osasun kontseilariak gehitu du egokitzapen egunak mantendu egingo direla, betiere segurtasun neurri guztiak errespetatuz, eta, ahal dela, beti pertsona bera izatea gomendatuko da.

Elkarbizitzarako talde iraunkor bakoitzeko haur kopurua adinaren araberakoa izango da. Urtebeterainoko taldeetan zortzi haur egon ahalko dira gehienez ere; urtebetetik bi urtera bitartekoetan, hamabi haur; eta bi urtetik hiru urtera bitarteko taldeetan, hamasei. Talde horietan adin desberdinetako haurrak batera badaude, kopuruak honako hauek izango dira: urtebetera bitartekoetan, zortzi haur; urte bat eta bi urte bitartean dituzten haurren taldeetan, hamalau; eta adin guztietako haurrrak dauden taldeetan, hamar.

Nafarroako Osasun Sailaren esku egongo da egoera batetik bestera igarotzea, eta egoera epidemiologikoaren bilakaeraren araberakoa izango da. Agerraldirik balego, bigarren fasera igaroko lirateke haur eskolak. Orduan, haurren laguntzaileak ezingo dira gela barrura sartu, egokitzapen aldian ez bada; eremu amankomunak mugatuko egingo dira; eta haurrek ezingo dute jostailurik edo objekturik eraman etxetik. Egoera okertuko balitz, hirugarren egoera bat ere irudikatu du Hezkuntza Sailak. Jokaleku horretan, unitate berriak ezarriko dira, eta ratioak eta espazioak egokituko dira. Kasu horretan ere, laguntzaileak ezingo dira barrura sartu. Laugarren egoera eta muturrekoena ezarriko balitz, haur eskolak itxi egingo lirateke.

Gimenok azaldu du ezinbestekoa izango dela ikasturtean zehar aztertzaileen lana. Osasun Sailak sarbidea izango du hezkuntza sistemako datu guztietara, kontaktuen jarraipen xehea egin ahal izateko. Kasuren bat atzemanez gero, aztarnariek protokoloa aktibatuko dute zentroan, eta lantaldearen esku egongo da zehaztea neurriak talde orokarrari aplikatuko zaizkion edo zentro guztiari.

Jantokiak martxan izango dira

Hezkuntza Sailak beste zalantza bat ere argitu du prentsaurrekoan: jantoki zerbitzua martxan egongo da haur eskoletan. Ekainean, protokolo bat zehaztu zuen Nafarroako Gobernuak datorren ikasturteari begira, eta, orduan, erabaki zuen ez zela izango jantokirik. Halaber, atzo gobernuko arduradunekin bildu ostean, eta parlamentuaren eta hainbat familiaren eskariei men eginez, jantokiak martxan izango direla baieztatu du Gimenok. Lehen egoeran, haurrek jantokian jateko aukera izango dute, txandak errespetatuz eta segurtasuna une oro bermatuz. Bigarren egoeran ere zentroan bertan jateko aukera bermatuko da, baina ez dago argi eremu berean izango den edo beste eremu bat ezarriko den; esaterako, ikasgelan bertan. Hirugarren egoeran ere ikasgelan bertan jatea aurreikusten da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.