Aurten ez. Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak ez du lan eskaintza publikorik eginen, Jose Iribas kontseilariak erran duenez. Nafarroako Parlamentuko Hezkuntza Batzordean mintzatu da, murrizketen harira egindako agerraldian.
Ezkerrak deitu du Iribas Parlamentura. Talde horretako parlamentari Marisa de Simon ez da batere kontent gelditu kontseilariak emandako azalpenekin. Hezkuntza sistemaren egoera «larria» dela erran du De Simonek, diru gutxiago eta ikasle gehiago baita. Alarma piztu nahi izatea egotzi dio Iribasek parlamentariari, eta nabarmendu du Hezkuntza Departamentuak 2012rako dituen aurrekontuak «egoera kontuan hartuta onar zitezkeen onenak» direla. 600 milioi euro ingurukoa da aurrekontu hori —2011n baino ia %5 gutxiago—.
Oposizioak antolatzeko aukera ez dutela emanen onartu du, hala ere, Hezkuntza kontseilariak: «Ez du zentzurik egiteak, hagitz postu gutxi eskaintzeko moduan garelako une honetan». Iribasek, dena den, aurre egin die murrizketen harira jasotako kritikei, eta erran du murrizketa horiek gehiago eraginen dutela Hezkuntza Departamentuak eskaintzen dituen zerbitzuak kudeatzeko moduan, ikasleek jaso beharreko arretan baino.
Ikasleak, hain zuzen ere, lehentasuntzat jo ditu Iribasek. Eta, ikasleekin batera, irakasleak eta haien soldatak. «Helburua da ahalik eta gutxien suma dezatela murrizketen eragina. Gure lehentasuna dira ikasleek jaso beharreko arreta eta haiei eman beharreko laguntza, batetik, eta irakasleen soldatak ordaintzea, bertzetik».
Iribasek ukatu egin du soldata horiek gehiago murrizteko asmoa duela Hezkuntza Departamentuak. Dirua bertze hainbat ataletan aurreztea da asmoa, Parlamentuan berretsi duenez. Garbitzaileen lanorduak murriztuko dituztela, adibidez, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak jaso beharreko gastu maileguek ere behera eginen dutela iragarri du kontseilariak. Liburuak doan banatzeko legean ere aldaketak izanen direla erran du, eta liburuok uzteko epea lau urtetik bost urtera luzatuko dela.
Guraso elkarteei eman beharreko diru laguntzei buruz erran du iaz hitzartutakoak aurtengo diru sailarekin ordainduko direla. Iazko diru laguntzak ordaintzeko modu horrek aurtengo balizko ekitaldiei ere eraginen die. Iribasek erran du Hezkuntza Departamentua prest dagoela guraso elkarteen jarduera laguntzeko, eskura dituen baliabideak erabiliz, ekitaldiak antolatzeko espazioak utziz adibidez.
Oposizioko alderdien kezka
Oposizioko alderdi gehienek ez dituzte ontzat eman Iribasen azalpenak. PPNko Amaia Zarranzek baino ez du bat egin kontseilariarekin. Babesa eskaini dio, ulertzen baitu egungo egoeran aurrekontuak prestatzea ez dela erraza. Ezkerrako, Nafarroa Baiko eta Bilduko ordezkariek, berriz, argi utzi dute Hezkuntza Departamentuak martxan jarritako murrizketek zerbitzuaren kalitateari eragiten diotela.
Ezkerrako Marisa de Simon, gainera, murrizketa gehiago izanen ote den beldur agertu da, eta horri buruzko galdera zuzena egin dio kontseilariari. Duela zenbait egun Nafarroako Gobernuko lehen presidenteorde Roberto Jimenezek errandakoaren harira egin dio galdera De Simonek: «Murrizketak iragarri zituen ordezkapenetan eta gaixo diren langileen soldatetan, bertzeak bertze». Neurri horiek Hezkuntzan eraginik izanen ote duten argitzeko eskatu du De Simonek, eta Iribasek ezezko erantzuna eman dio: «Departamentuan ez dago inolako asmorik hezkuntza sistemari eraginen dioten murrizketak egiteko». Etorkizunean zer gerta daitekeen ezin duela asmatu gaineratu du, hala ere, kontseilariak.
Oposizioko kideen kritikak ez ditu ontzat jo Iribasek, eta murrizketekin «poztu» egiten direla erran du, Nafarroako Gobernuaren aurka egiteko aitzakia ematen dielakoan. Kontseilariaren hitzok NaBaiko ordezkari Nekane Perezen eta Bilduko ordezkari Aitziber Sarasolaren haserrea piztu dute. Perezek «lotsagarritzat» jo du kontseilariaren adierazpena. Hezkuntza Departamentua ez dela eraginkorra nabarmendu du, eta oroitarazi du haren lana dela hezkuntza sistema baliabidez hornitzea.
Sarasolak, berriz, zinismoz jokatzea egotzi dio kontseilariari, eta argi adierazi du hezkuntza ez dela gastua, inbertsioa baizik. «Hezkuntzan murriztea egungo egoerari eusteko bidea da». Murrizketak, batez ere, hezkuntzaren, osasunaren eta gizarte politiken arloan egitea egotzi dio Bilduko parlamentariak Nafarroako Gobernuari. Ezkerrako De Simonek gaineratu du argi dagoela baliabide gutxiagorekin ezin dela zerbitzu bera eman.
Euskal Herria eta liburuak
Hezkuntza Departamentuko zuzendari nagusi David Herreros Nafarroako Parlamentuan izan zen atzo, Jose Iribas kontseilariarekin batera. Eskola liburuak izan zituen mintzagai, PPNko Amaia Zarranzek egindako galderaren harira. Liburu horietako zenbaitetan Euskal Herria aipatzen ote den galdetu zion parlamentariak. «Nafarroako ikastetxeetan irakasten denak bertako curriculumarekin bat egin behar du», erran du Zarranzek.
Herrerosek Zarranzi erantzun dio liburuen edukiak curriculum-arekin bat egiten duela ikuskatzeaz arduratzen dela Hezkuntza Departamentua. «Araudia zorrotz betetzea da agindua», gaineratu du.
Nafarroako Hezkuntza Departamentuak ez du oposiziorik eginen aurten
Murrizketei buruz aritu da Iribas kontseilaria Parlamentuan; erran du ikasleak eta soldatak direla lehentasuna
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu