Nafarroako Kontseiluak «legez kontrakotzat» jo du euskara meritu izatea eremu mistoko osasun arretan

Organo hori aholku emailea da, eta irizpena eman du merezimenduen dekretuaz. ELAren ustez, ezinbestekoa da Euskararen Lege berri bat, «halako erasoei aurre egiteko».

Euskara Nafarroa osoan ofiziala izan dadin eskatzeko aurten Iruñean egindako mobilizazio bat. IDOIA ZABALETA / FOKU
Euskararen ofizialtasunaren aldeko manifestazio bat, Iruñean. IDOIA ZABALETA/FOKU
Ion Orzaiz.
2024ko otsailaren 28a
20:30
Entzun

Nafarroako Gobernuak iazko abenduan onartu zuen merezimenduen dekretua. Horren xedea da administrazioko zenbait lan deialditan euskarak eta beste hizkuntza batzuek merezimendu gisara izan dezaketen puntuazioa arautzea. Euskalgintzako eragileek eta zenbait talde politikok gogor kritikatu izan dute dekretu hori; besteak beste, euskarari ez diolako punturik ematen eremu ez-euskalduneko deialdietan; bai, ordea, alemanari, frantsesari eta ingelesari. Araua indarrean sartu aurretik, baina, beharrezko du Nafarroako Kontseiluaren irizpena. Gaur heldu da txostena, eta bertan, organo aholku-emaileak are dekretu murriztaileagoa galdegin du. Izan ere, «legearen aurkakotzat» jo du euskara meritu izatea Osasunbideak eremu mistoan egiten dituen deialdi guztietan. Ez du halako mugarik eskatu gainerako hizkuntzentzat.

Nafarroako Gobernuko bozeramaile Amparo Lopezek adierazi du Funtzio Publikoko Departamentua «arreta handiz» ari dela irizpena aztertzen, baina begi onez ikusten dutela: «Txosten honen zain izan gara, eta gure balorazioa haren aldekoa da erabat; izan ere, administrazio nukleoko eta Foruzaingoko deialdiei dagokienez, irizpena positiboa da». Kontseiluak proposatutako aldaketei eta iradokizunei dagokienez, Lopezek esan du «aintzat» hartuko dituztela: «Txostena luzea da, eta horren gainean ari gara lanean; prozedurarako beharrezkoak diren edukiak eta formak aintzat hartuta eta legeari erabateko errespetua adieraziz, betiere».

ELA: «Euskararen aurkako erasoa da»

Nafarroako Kontseiluaren irizpena «euskararen aurkako erasotzat» jo du ELA sindikatuak: «Zalantzan jartzen da, besteak beste, euskara era orokorrean baloratu ahal izatea Osasunbidean». Merezimenduen dekretuari buruz, ELAk esan du hasieratik egin zuela arau horren aurka, «hizkuntza eskubideen aurkakoa» dela iritzita. Hala ere, Nafarroako Kontseiluaren irizpenak «are gehiago» murriztu nahi du euskararen balorazioa: «Nafarroako Kontseiluak ontzat jotzen du hizkuntzak jakitea eta meritu gisa puntuatzea, baldin eta hizkuntza horiek ez badira euskara».

Hori dela eta, sindikatuak ezinbestekotzat jo du Euskararen Lege berri bat onartzea, euskarari ofizialtasuna aitortuko diona Nafarroa osoan: «Zonifikazioa erauzi behar da, eta pertsona guztien hizkuntza eskubideak bermatu».

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.