Datuek erakutsi dute: bilakaera epidemiologikoak beheranzko joera hartu du. Eta, horren ondorioz, haren aurka ezarritako neurriak murriztuko dituzte Nafarroan, herrialdea «erdi mailako arriskuan» baitago. Hala ere, leuntze hori «apurka-apurka» egin behar dela azaldu du Maria Txibite Nafarroako lehendakariak, eta herrialdeko «bide orri propioari» jarraituz. Izan ere, Txibiteren arabera, Nafarroako Gobernuak beren erabakiak hartzeko besteko baliabideak ditu.
Bada astebete Nafarroako Auzitegi Nagusiak gobernuak bertan behera utzi zituela hartutako etxeratze agindua eta terrazetako ordutegi murrizketak. Hala ere, epai horretan, gobernuak neurriak hartzeko duen ahalmena aitortu diela azaldu du Txibitek. Haren hitzetan, ezarritako neurriak atzera bota zituzten «gehiegizkotzat» jo zituztelako, baina beste erabaki batzuk hartzeko eskumenak izan dituztela berretsi du. Hain zuzen ere, esan du iazko urrian, artean alarma egoerarik ez zegoela, eskumena izan zutela herrialdearen perimetroa ixteko.
Atzo eman zuen neurriak leuntzeko lehen pausoa Nafarroak, ostatuetako barnealdea zabaltzea baimenduta. Leuntze geldo baten lehenengoko urratsa izan zen, eta horrela jarrituko du talde immunitatea lortu bitartean, Txibiteren hitzetan. Horiek horrela, egoera «pozgarria» bada ere, arduraz jokatzeko deia egin die herritarrei lehendakariak.