Nafarroako Parlamentuak espetxe politika malgutzeko eskatu du

PSNren ekimenez aurrera atera da adierazpena, Bilduren, NaBairen eta Ezkerraren aldeko botoekinUPNk larritzat jo du PSNren urratsa; PPk eskatu dio ezkutuko asmorik duen argitzeko

joxerra senar
Iruñea
2011ko abenduaren 20a
00:00
Entzun
Mariano Raxoi Madrilen bere inbestidura diskurtsoa egiten ari zen bitartean, PSNk urrats bat gehiago egin zuen atzo Nafarroako Parlamentuan. Aurreko astean, Bildu koalizioak espetxe politika aldatzearen aldeko adierazpen bat aurkeztu zuen Parlamentuan, eta PSNk gai hori aztertzeko astebete eskatu zuen. Atzo, Parlamentuko Eledunen Batzordearen asteroko bileran, talde sozialistak zuzenketa bat aurkeztu zuen, eta testu horren alde bozkatu zuten PSNk, NaBaik, Bilduk eta Ezkerrak; UPNk eta PPk kontra bozkatu zuten. Adierazpen instituzional horretan, «Espainiako Gobernuak espetxe politika malgutzearen alde» azaltzen da Nafarroako Parlamentua.

«ETAren jarduera terroristaren amaieraren ondoren, iragarpen horrek bueltarik ez duela sinetsita» daudela diote adierazpenean. Horregatik, Parlamentuaren gehiengoak eskatzen du, «egindakoagatik damutu ostean, delitu terroristagatik zigortutako pertsonak» etxetik gertu dauden espetxeetara hurbiltzeko. Bestalde, «espetxe legediaren barruan» gaixotasun larriak dituzten presoen kasuak malgutasunez aztertzea galdegiten du.

Hala ere, Bilduk iragan astean aurkeztutako ebazpena atzera bota du PSNk. Bilduren testu horretan, egungo egoera historikoa dela eta, euskal preso politikoen eskubideak defenditzeko, sakabanaketa eta iheslarien egoera amaitzeko eta gaixotasun larriak dituzten presoak eta zigorra bete duten presoak askatzeko eskatzen zen. Ezkerrak, berriz, testu horri zuzenketa bat aurkeztu zion. Hala ere, bi proposamen horien aurka bozkatu du PSNk, eta atzera bota dira.

Bilduk ekinbidea txalotu du

Nahiz eta bere hasierako testua ez den babestu, onartutako adierazpenaren garrantzia azpimarratu du Maiorga Ramirezek, Bilduko eledunak. Haren ustez, jada ez du Bilduk soilik eskatzen espetxe politika aldatzeko; «orain, Nafarroako Parlamentuaren gehiengoak eskatzen du». Bilduko ordezkariak gaineratu du parlamentuak mezu argia igorri diola estatuari, eta eskaera horri «lehenbailehen» erantzun beharko litzaiokeela iritzi dio. Ramirezek uste du PPk eta UPNk oraindik ere pausoak eman behar dituztela «gutxieneko heldutasun demokratiko batera» heldu direla erakusteko.

PSNren, Bilduren eta Ezkerraren ekimenak babestu ditu Nafarroa Baik. Patxi Zabaleta eledunaren arabera, onartutakoa «adierazpen positiboa» da, baita «gertaera aipagarria» ere.

Juan Jose Lizarbe PSNko eledunak gogorarazi du espetxe politika Espainiako Gobernuaren eskumena dela eta proposamenak ez dioela «beste munduko ezer». Bilduren hasierako ebazpenarekin alderatuta, «diferentzia nabarmen bat» dagoela deritzo. «Testua alderdi politikoek bere osotasunean onartzeko asmoarekin idatzi da», azpimarratu du.

UPN goizean ez zen kritiko azaldu PSNrekin; arratsaldean, zuzendaritzaren bileraren ostean, berriz, bai. Carlos Garcia Adanero eledunak «larritzat» jo zuen gobernuko bazkideak «Nafarroa amaitzea helburu politiko gisa dutenekin» gai garrantzitsuetan bat egin izana. «Ikusiko dugu PSNren erabakia unean unekomugimendua den edo etorkizuneko erabaki estrategikoa». PSN nahastu egin dela esan zuen.

PP, berriz, «oso harrituta» agertu da, PSNk «nahiago izan duelako PPrekin akordiorik ez egin». Hala, espetxe politikari dagokionez «ezkutuko agendarik» duen argitzeko eskatu dio PSNri.

Urtarrilaren 7rako deia

Egin Dezagun Bidea mugimenduak herenegun amaiera eman zion presoen alde iragan aste osoan Donostiako Ibaeta fakultatean egindako baraualdiari. Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatea bertan zela, Nagore Garcia mugimenduko eledunak azpimarratu zuen Espainiako eta Frantziako gobernuek dutela alor horretan behin betiko konponbide bat lortzeko «giltza», baina hori lortzeko bidean, euskal gizartearen garrantzia aldarrikatu zuen. Horregatik, Bilbon urtarrilaren 7an egingo den manifestaziora joateko deia egin zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.