Nafarroako Parlamentuaren laguntza eskatu dute landa eremuko eskolek, ez ixteko

«Kalitatezko» euskal eskola publikoaren aldeko agiria izenpetu dute irakaskuntzako hainbat erakundek

0-3 zikloko gurasoen plataformak Iruñean egindako elkarretaratzea, atzo. LANDER FDEZ. ARROIABE / ARGAZKI PRESS.
edurne elizondo
Iruñea
2012ko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
Nafarroako landa eremuko eskolek ez dituzte beren ateak itxi nahi. Horixe nabarmendu dute zentro horietako hainbat gurasok, irakaslek eta sindikatuk. Orain arte, udal anitzen atxikimendua lortu dute, 50 inguruk onartu baitute landa eremuko eskolen aldeko mozioa. Lanean jarraitu ahal izateko, hala ere, Nafarroako Parlamentuaren babesa ere lortu nahi dute zentro horiek. Horretarako, alderdietako ordezkariekin bilerak egiten hasiko dira datorren astean, laguntza eske. «Hezkuntza guztion ardura da, eta guztion ardura da, beraz, landa eremuko eskolen egoera», erran du Elurre Iriartek. Arizkungoa, eta ama da Iriarte.

Nafarroan 75 landa eskola inguru daude. Azken ikasturteotan zenbait itxi dituzte, bertzeak bertze Eratsungoa, Izabakoa, Ziraukikoa eta Mañerukoa. «Inoiz ez dute itxitako eskola bat berriz ireki, nahiz eta haur kopuruak gora egin. Landako eskolak ez dira errentagarriak, baina argi dago ezin dugula ekonomiaren arabera erabaki», gaineratu du Iriartek. Bihar, jardunaldia eginen du Landa Eremuko Eskolen Nafarroako Elkarteak Auritzen, zentro horien lanaz eta egoeraz.

Kalitatezkoa eta euskalduna

Kalitatezko irakaskuntza da landako eskolen helburua. Eta kalitateari egin diote so, halaber, Euskal Herriko irakaskuntzaren arloko hainbat erakundek. Euskal Eskola Publikoa harago izeneko agiria izenpetu dute Bigarren Hezkuntzako Zuzendarien Elkarteak (BIHE), Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkarteak (EHIGE) eta Sarean Lehen Hezkuntzako zuzendarien elkarteak, eta deia egin diete herritarrei eta erakundeei, «eskola publikoa, kalitatezkoa eta euskalduna» berma dezaten.

Nafarroan, bertzalde, hitzartutako irakaskuntzako sindikatuek hartu dute hitza, eta esparru horretako mahaia lehenbailehen biltzeko eskatu dute. SEPNAk, UGTk, ELAk eta LABek azpimarratu dute murrizketek handitu egingo dutela itunpeko iraskuntzan eta arlo publikoan ari diren langileen baldintzetan orain dagoen aldea. «Neurri ekonomiko hutsak dira, eta kalitateari egiten diote kalte», gaineratu dute.

Sindikatuak ez dira izan haien haserrea adierazi duten bakarrak. 0-3 zikloko gurasoen plataformak elkarretaratzeak egin zituen atzo Nafarroako hainbat herritan, Nafarroako Gobernuak prestatu dekretuaren aurka. Gobernuak erabaki berri du dekretu berriarekin batera oraingoak indarrean jarraituko duela. Berriak ikasle kopurua igo, eta eskolen baldintzak arintzen ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.