Nafarroako Parlamenturako hauteskundeak orain egingo balira, parte hartze altua zenbatuko litzateke: herritarren %73k emango lukete botoa. Baina oso irekita dagoen agertoki bat erakusten du zundaketak, erregimenaren aldekoak eta aurkakoak zeharo berdinduta agertzen baitira.
Berez UPNk irabaziko lituzke bozak, 13-14 parlamentari lotura (15 diru orain). Geroa Baik jarraituko lioke atzetik, 10-11rekin (orain baino bat edo bi gehiago), eta EH Bilduk segidan, 9-10ekin (orain baino bat edo bi gehiago). PSNk ere indarra hartuko luke, 8 parlamentarirekin (7 ditu orain). Ahal Dugu-k, ordea, 4 parlamentari galduko lituzke, eta 3rekin geldituko litzateke, eta Ezkerrak 2-3 hartuko lituzke (2 ditu orain).
Inkestaren arabera, Ciudadanosek lehen aldiz lortuko luke ordezkaritza Nafarroako Parlamentuan: 3 eserleku. PPk, berriz, 2 ordezkari ditu orain, eta kolokan leudeke hauteskundeak orain eginez gero: 0-1 ematen dizkio zundaketak.
Emaitza horiekin, aldaketaren laukoak jarraitzea edo ez jarraitzea ehunka boto batzuen mende egon liteke: 24-27 parlamentari artean lor ditzakete bi blokeek. Bestelako gehiengoak osatzeko aukera argirik ere ez du marrazten zundaketak: Geroa Bai, PSN, Ahal Dugu eta Ezkerrak bat egin nahiko balute, 23-25 parlamentari ematen dizkie inkestak —izatekotan, EH Bilduren abstentzioa bermatu beharko lukete, kasu horretan—.
50 eserleku ditu Nafarroako Parlamentuak, eta aise gobernatu nahi duenak 26 eserleku bermatu beharrak dauzka.
Inkesta osatzeko, 1.000 telefono dei egin dituzte aste honetan bertan, apirilaren 16 eta 18 bitartean.