Nafarroako Probintzia Auzitegiak zazpi urte eta sei hilabeteko zigorra ezarri dio gizon bati, iloba bortxatzeagatik

2022an gertatu zen, Iruñetik gertuko herri batean: erasotzaileak 39 urte zituen orduan, eta biktimak, 22.

Nafarroako justizia jauregia, artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / FOKU
Nafarroako justizia jauregia, artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / FOKU
Isabel Jaurena.
2025eko uztailaren 21a
17:55
Entzun 00:00:0000:00:00

Zazpi urte eta sei hilabeteko zigorra ezarri dio Nafarroako Probintzia Auzitegiak gizon bati, iloba bortxatzeagatik. 2022an gertatu zen, Iruñetik gertuko herri batean: erasotzaileak 39 urte zituen orduan, eta erasoa jasandakoak, 22. Kartzela zigorra betetzeaz gain, 11 urtez erasotzailea ezin izanen da emaztekiarekin mintzatu edo harengandik 500 metro baino gutxiagora egon; eta, behin zigorra beteta, bertze sei urtez zaintzapean aske egon beharko du. Horrez gain, 10.000 euro ordaindu beharko dizkio emakumeari, egindako kalte moralengatik.

2022ko otsailaren 19an izan zen erasoa, sententziak erraten duenez. Emakumea, haren osaba eta osabaren lagun bat erasotzailearen etxera joan ziren, eta gizonaren laguna tarte batez joan zenean, 39 urteko gizonak iloba bortxatu zuen. Bertze gizona iritsi zenean, emaztekiak bere anaia deitu zuen, laguntza eskatzeko.

Epaiketa ekainaren 5ean izan zen, eta fiskaltzak eta akusazioak hamalau urteko kartzela zigorra eskatu zuten; defentsak, berriz, absoluzioa, gizonak ukatu egin zuelako eraso egin izana ilobari. Epaileak, baina, erasoa jasandakoari eman dio arrazoia.

Lau atxilotu

Iruñeko Udaltzaingoak jakinarazi duenez, asteburuan lau gizon atxilotu dituzte indarkeria matxista egotzita. Ortziralean, 45 urteko gizon bat atxilotu zuten, bikotekide ohiarengandik urruntzeko zuen agindua urratzeagatik. Larunbat gauean, 56 urteko gizon bat atxilotu zuten, bikotekidearekin eztabaidatzen ari zenean hari eraso egiteagatik. Igandean, berriz, 32 urteko gizon bat eta 44 urteko bertze bat atxilotu zituzten, beren bikotekideei eraso egitea egotzita.

Foruzaingoak, berriz, gizon bat atxilotu zuen asteburuan Elizondon, emakume bati tratu txarrak ematea leporatuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.