Nafarroako ubidea uholde arriskuko tokietara luzatuko dutela salatu dute

Ura taldeak esan du kanalarekin ureztatu nahi diren lurretan 700 hektarea direla arriskukoak.Lan ildo «kontrajarria» egotzi diote CHEri

Ubidea martxan jarri berritan, Tiebas inguruan. LANDER F. ARROIABE / ARGAZKI PRESS.
arantxa iraola
2015eko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Nafarroako ubidea hedatzeko lehen faseko lanak egin, eta ureztatzeko sistema berriak ipini nahi dira Nafarroako hainbat landa lurretan; Ura plataformak —uraren inguruko kultura eta kudeaketa eredu berri bat sustatu nahi ditu— ohartarazi du, ordea, lur horietan 700 hektarea inguru daudela uholde arrisku handikoak, eta aintzakotzat hartu behar dela hori. Gainerakoan, lan ildo «kontrajarri bat» gailentzen ari dela uste dute. Izan ere, azaldu dute datua atera dutela Ebroko Ur Konfederazio CHEk uholde arriskuen inguruan egin berri duen planetik, eta, beraz, erakunde barruko «koordinazio eskasa» erakusten duela, plan hori eskura izanda ere, ubidea handitzeko egitasmoak lehengoan segitzeak.

Uholdeei buruzko planean udalek —beste hainbat eragilek bezala— esku hartzeko aukera bazutela oroitarazi dute Ura plataformako buruek, baina ez dela horrelakorik izan. «Udal bakar batean ere ez dute jakin planak egiten ari zirenik», salatu dute. Beraz, horren inguruan ekarpenak jasotzeko epea luzatzeko eskatu dute: beste hiru hilabete nahi dituzte, ekainak 30 dituen arte. Zehazki, zazpi eremutan atzeman dituzte arriskuko lekuak, eta horietara begirako azterketak eskatu dituzte aldi horretan: Faltzesen, Azkoienen, Funesen, Miranda Argan, Larragan, Berbintzanan, Mendigorrian, Lerinen, Andosillan eta Carcarren.

«Kostu handiko» lanak

Ohartarazi dute ez duela zentzurik uholde arriskuko eremu horietan ureztatze sistemetan «kostu handiko inbertsioak» eskatzen dituzten modernizazio lanak egiteak. «Izan ere, saihestezina izango da uneren batean eremu horietan uholdeak izatea», nabarmendu dute. Bereziki larria iruditu zaie Urako kideei, Ebro ibaian berriki —otsailaren amaiera aldera— uholde handiak izanda ere, gai hau isilean pasatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.