Nafarroako Unibertsitateak David Beriain kazetariari emango dio Luka Brajnovic Saria

Beren ibilbide profesionalean gizarte balioen eta pertsonen duintasunaren alde lan egin duten komunikatzaileei eman ohi die sari hori Nafarroako Unibertsitateak. Duela gutxi hil zuten Beriain, Burkina Fason, dokumental bat grabatzen ari zela.

jarraia197494.jpg
Nagore Arin.
2021eko maiatzaren 10a
16:32
Entzun

Nafarroako Unibertsitateko Komunikazio Fakultateak ibilbide profesional nabarmena duen komunikatzaile bat saritu ohi du Luka Brajnovic sariarekin, batez ere pertsonen eskubideen eta duintasunaren alde lan egiten duena. Duela 20 urte pasatxo hasi ziren sari hori banatzen: 1997. urtean banatu zuten lehengo aldiz –Miguel Delibes idazle eta kazetariari eman zioten–, eta, geroztik, urtero banatu izan dute garaikurra. Aurtengoan, 1995. eta 1997. urteen artean unibertsitate horretan bertan ikasi zuen David Beriain kazetariari emango diote. Duela zenbait egun hil zuten, Burkina Fason, eta harekin batera zihoan Roberto Fraile kameraria ere eraso horretan hil zuten. Ezkutuko ehizari buruzko dokumental bat grabatzen ari ziren. Hain justu ere, kazetariaren ibilbide profesionala goratu nahi dute, gizarte balioen eta pertsonen duintasunaren alde egindako lanarengatik.

Charo Sabada Nafarroako Unibertsitateko dekanoak adierazi duenez, «pena handia» baina, aldi berean, «ohore itzela» da Komunikazio Fakultatearentzat Luka Brajnovic Saria David Beriain kazetariari eman izana. Sabadaren hitzetan, kazetariak «arrasto ezabaezina» utzi du gizartean urte luzez egin duen ibilbide profesionalarekin, eta kazetaritzaren arloan egin duen jarduera «ausart eta konprometituan» egin du azpimarra. Halaber, nabarmendu du kazetariak konpromiso irmoa zuela etorkizuneko kazetariekin, eta ikasleekin izan ohi zuen jarrerari besterik ez zaiola erreparatu behar horretaz jabetzeko; Sabadaren hitzetan, «beti baitzuen ikasleentzako denbora». Gainera, azpimarratu du ikasleen gogamenez ere eman diotela sari hori Beriaini, milatik gora ikasleren, irakasleren eta lagunen izenpeak bildu baitituzte horretarako.

Brajnovic, erreferente

Luka Brajnovic kazetariak egindako jarduna du oinarri Nafarroako Unibertsitateko Komunikazio Fakultateak banatu ohi duen sariak. Kazetari kroaziarra izan zen, eta Nafarroako Unibertsitateko irakasle ere izan zen urte luzez. Kazetari izateaz gain, idazle eta poeta ere izan zen Brajnovic. Bigarren Mundu Gerra betean bere sorterria utzi eta erbesteratu egin behar izan zuen; izan ere, atxilotu egin zuten Benito Mussoliniren jarduna agerian utzi eta kritikatzeagatik. 1940ko hamarkadaren amaiera aldera, Espainiara joan zen bizitzera, Madrilera. Zenbait urte geroago, 1960ko hamarkadan, Iruñera etorri eta Nafarroako Unibertsitatean sartu zen irakasle. Bertan pasatu zuen bere bizitzaren zatirik handiena. Liburu asko ere idatzi zituen garai hartan, eta haren ibilbide profesionala omentzeko asmoz sortu zuen Nafarroako Unibertsitateak sari hori.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.