Nafarroako Gobernuak aurrera jarraitzen du AHT abiadura handiko trena eraikitzeko lanekin, nahiz eta oraindik ez dagoen argi Espainiako Gobernuak mantenduko edota atzeratuko ote dituen Nafarroako AHTa Euskal Y-arekin eta Espainiako sarearekin lotzeko lanen epeak. Nafarroako Gobernuak atzo izenpetu zuen Cadreita eta Castejon arteko bidea egiteko kontratua, lan horietaz arduratuko den behin-behineko enpresen batasunarekin; Accionak eta Obenasak osatzen dute talde hori. Irailean hasiko dira lanean, eta, orduan, AHTko lanen %20,75 martxan egongo dira Nafarroan.
Castejongo Trenbidearen Museoan sinatu zuten hitzarmena Nafarroako Sustapen kontseilari Luis Zarralukik eta enpresen ordezkari Jaime Molinak. Castejondik Cadreitarako bideak 6.195 metro izango ditu, eta 28,46 milioiko kostua. Aurten bost milioi euro pagatuko dituzte; datorren urtean, 12,2 milioi; eta 2014an, 11,1. Zati horretako lanak 2014an amaitzea espero dute. Iazko azaroan hasi ziren Cadreita eta Alesbes arteko zatia egiten, eta, beraz, martxan egongo den bigarrena izango da atzo izenpetutakoa. 69,89 kilometro izango ditu orotara AHTak Nafarroan; hala adostu zuten behintzat Adifek eta Espainiako eta Nafarroako gobernuek.
Uste baino atzeratuago doaz AHTa eraikitzeko lanak Nafarroan. Gobernuak berak aitortu duenez, urtebete berandutu dira oraingoz, lurrak desjabetzen behar baino denbora gehiago igaro dutelako. Lanak ematerakoan ere atzerapenak izan dira. Eta litekeena da gehiago atzeratzea; izan ere, Espainiako Sustapen Ministerioak, murrizketak direla medio, lehentasuna eman die martxan dauden lanei, baina beste batzuk atzeratzeko asmoa azaldu du. Espainiako eta Nafarroako gobernuak irailean bilduko dira ziurrenik, lanak amaitzeko epeak berriro finkatzeko. Gauzak horrela, ez dirudi beteko dutenik Nafarroako AHT osoa egiteko jarritako epemuga: alegia, 2015. urtea.
Museoaren barnean atzo kontratua izenpetzen ari ziren bitartean, hainbat herritarrek protesta egin zuten atarian. AHT Gelditu taldeak salatu du protesta egiten aritu ziren guztiak identifikatu zituztela foruzainek, baita kazetariak ere. Sustrai Erakuntzaren eta Erriberako Tren Sozialaren Aldeko Plataformaren iritziz, «propaganda» ekitaldi bat izan zen atzokoa. Nafarroan AHTak 3.000 milioi euroko gastua eragingo duela ohartarazi dute —Espainiako Gobernuak eta Renfek eman du zifra—, eta, Mariano Raxoiren gobernuak ordaindu behar badu ere, diru hori Nafarroakoa aurreratzen ari dela. «Kopuru horri gehitu behar zaizkio eskatutako maileguen interesengatik Nafarroako Gobernuak ordaindu beharko dituen 45 milioi euroak», erantsi du Sustrai Erakuntzak.
Loturak kolokan
Nafarroako lanez gain, beste gai bat ere izango dute eztabaidarako bi gobernuek irailean egingo duten bileran. Hain zuzen, Nafarroako bideak Euskal Y-arekin eta Aragoirekin (Espainia) izan beharreko lotura. Nafarroako Gobernuarentzat «premiazkoa» da Espainiako Gobernuak Aragoiko zatia eta Gipuzkoarekiko lotura egiteko lanak azkartzea, Zarralukik aitortu duenez. Espainiako Gobernuak 2009an eman zuen bi adarrak lotzeko azterketa, eta txosten horrek udazkenerako egon beharko luke prest. Iragan ekainean, Sustapen Ministerioarekin bilera bat egin zuten Eusko Jaurlaritzako Garraio sailburu Iñaki Arriolak eta Nafarroako orduko Sustapen kontseilari Anai Astizek, azterketaren berri izateko asmoz. Lotura Ezkio-Itsason (Gipuzkoa) egitea nahi dute Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak, baina Madrilek ez du ez baiezkorik ezta ezezkorik eman. Sustapen Ministerioak ez badu proposamen hori onartzen, are gehiago atzeratuko lirateke bi adarrak lotzeko lanak.
Hegoalderantz, bi zatitan banatzen dira Nafarroako AHTa eta Madriletik Bartzelonarako trena Aragoin lotzeko lanak. Tuteratik Zaragozarakoa da bat, eta proiektua idazteko fasean da oraindik. Litekeena da 2014an hastea eraikitzen, eta 2017an amaitzea. Beste zatia, Castejon-Tutera, azterketa fasean da. Nafarroako Gobernuak espero du 2016an hastea lanak. Hala balitz, Nafarroako zatiak ez luke Espainiarekin loturarik izango 2019a baino lehenago.
Nafarroan AHTko lanen %20 martxan daude, loturak zehazteko badaude ere
Castejon eta Cadreita arteko bidea eraikitzeko kontratua izenpetu dute gobernuak eta zati hori egingo duten enpresek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu