Nafarroan babes ofizialeko etxeen laguntzak jaitsiko ditu gobernuak

Astizek ohartarazi du neurri «gogorrak» hartu beharko dituztela aurrekontuetan «oreka» lortu ahal izateko

2011ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Nafarroako Gobernuak «gogor» murriztu beharko ditu babes ofizialeko etxebizitzentzako pizgarriak eta krisi ekonomikoari aurre egiteko hainbat neurri. Hala adierazi zuen atzo Anai Astiz Nafarroako Gobernuko Sustapen eta Etxebizitza kontseilariak parlamentuaren aurrean. PP eta PSN alderdiek eskatuta, zuzentzen duen departamentuko lanen ildo nagusien berri eman zuen. «Gutxienez bi urte beharko ditugu aurrekontuetan oreka berreskuratzeko», adierazi zuen. Garraio publikoko zerbitzuei eta errepideetako lanei dagokienez, dagoeneko adostuta dauden hitzarmenak betetzeko «zailtasun handiak» izango dituztela iragarri du.

«Hartuko ditugun neurriak drastikoak izango dira: etxebizitzak erosi eta birgaitzera bideratutako laguntzak bertan behera uztea, babes ofizialeko etxebizitzentzako pizgarriak murriztea eta horiek ordaintzeko emaniko laguntzak jasotzeko epea hiru hilabetetik seira luzatzea, besteak beste». Astizen esanetan, bere departamentuko aurrekontuak egonkortu daitezen «denbora eta murrizketak» beharko dira.

Aurtengo ekitaldi politikoa amaitu aurretik, ordea, diru laguntza gehiago bideratuko dira etxebizitzaren alorrera. Horiek aurrekontuetatik kanpo daude, eta 30 milioi eurora iritsiko direla iritzi diote arduradunek. «Kopuru hori urte osoan eraikuntzara eta etxebizitzen birgaitzera zuzendutako aurrekontuen erdia da ia».

AHTa, «baldintzatuta»

Baina etxebizitzaren gainekoa ez da aurrekontuetan murrizketak jasango dituen sektore bakarra: garraiobideetako zerbitzu publikoek eta errepideetako obrek ere finantzaketa arazoak izango dituztela ohartarazi du. «Garraio publikoan dagoeneko eginda dauden hitzarmenak betetzea zaila izango dela onartu behar dugu». Horregatik, lanak atzeratu egin beharko direla jakinarazi du, epe batez geldituko dituztelako.

2010-2018 Errepideen Hirugarren Plana, halaber, ia erabat gelditu beharko da. «2012. urtean errepideen planari loturiko lan gehienak eten egingo dira, obra publikoak baitira», azpimarratu du. Horregatik, hasita dauden lanen gaineko kontratu batzuk ere «bertan behera utzi» beharko direla azaldu du. Ondorioak jende askok jasango ditu: «Obren suspentsioak enpleguari kalte egingo diola badakigu, beharginak lanik gabe gera baitaitezke».

AHT abiadura handiko trenaren obra hitzarmenei buruz ere aritu da Astiz. «Trenbidearen tarte bakoitzeko proiektuen prezioak gaurkotu egin behar dira, eta, horretarako, beharrezkoa da Espainiarekin bat etortzea. Gaur egun, baina, 2009. eta 2010. urteetako eta 2011ko lehen seihilekoko Nafarroako defizitaren mugak erabat baldintzatu egiten du Espainiarekin dugun hitzarmen oro, baita AHTaren lanei dagozkienak ere».

Erantzun neurriak

Astizek zuzentzen duen departamentuak lehen erantzun neurriak iragarri ditu egoera zailari buelta emateko. «Gure lanaren gaineko ikuspegi orokor eta aldi berean zehatz bat hartzen saiatuko gara, hala egoera zailari erantzuteko bideak bilatzeko; gure departamentuko sailen sinergia eta baliabideen erabateko ustiapena lortu nahi dugu, eta horretarako denen arteko lotura nahitaezkoa dela deritzogu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.