Nafarroan erabiltzen den argindarra berriztagarrien bidez sortu nahi dute

2020a mugarritzat jarri du Iruñeko gobernuak; 968 milioi inbertituko ditu, eta espero du 6.300 lanpostu sortzea

Erredakzioa
Iruñea
2011ko otsailaren 22a
00:00
Entzun
Energia berriztagarriei bultzada bat emateko eta Europako Batasuneko helburuak gainditzeko helburua du Nafarroako Gobernuak. Hala, bada, III. Energia Plana aurkeztu du: 2011tik 2020ra bitartean energia eredua aldatu eta Nafarroan ekoitzitako energiarekin elektrizitate kontsumo osoa bermatu nahi du. Planean 6.300 lanpostu sortzea aurreikusi dute, eta 968 milioi euroko inbertsioa egingo dute. Planari buruz iritzia emateko aukera izango dute herritarrek martxoan.

Nafarroan sortutako energia berriztagarriarekin Nafarroako bertako elektrizitate kontsumoa betetzea nahi du Nafarroako Gobernuak 2020an. Planaren xede nagusia da energia eredua aldatzea eta «energia sistema sozialki, ekonomikoki eta ingurumenerako lehiakorragoa, seguruagoa eta iraunkorragoa» sustatzea.

Nafarroak Europako Batasuneko 2012ko energia planaren helburuak betetzen dituela azaldu du Nafarroako Gobernuak. Izan ere, 2009an energia berriztagarriek 911.000 etxebizitzatarako adina elektrizitate ekoitzi zuten. Nafarroan, berriz, 240.000 etxebizitza daude. Enpresak-eta kontuan izanda, energia garbiek elektrizitate kontsumoaren %81 osatzen dute. Europako 2012. urterako planaren helburua %30 lortzea zen. Gainera, Europako energia planaren arabera, erabilitako energiaren %20k berriztagarria izan behar du; Nafarroan, %21,4 da. Beraz, Nafarroak Bruselako planaren helburuak gainditu dituela azaldu du Iruñeko gobernuak.

Europako 2020 planaren eskaerak gainditu nahi du Nafarroako Gobernuak. Europako planak energia kontsumoa %20 jaisteko eskatzen du, eta Nafarroan %30 jaistea nahi dute; Europako energia berriztagarrien kontsumoa %20 izatea nahi dute, eta Nafarroan, berriz, %31 izatea nahi dute. Garraio publikoetan energia berriztagarrien erabilera Europan %10 bada, Nafarroan %11 izango dela esan du gobernuak; eta energia berriztagarriekin lortutako elektrizitate kontsumoa Europan %29,4 izatea aurreikusi badute ere, Nafarroan %110 izango dela esan du foru gobernuak.

Energia eredua aldatzea da planaren xedeetako bat. Nafarroan %16 jaitsi nahi dute elektrizitatearen kontsumoa. Xede horrekin, energia aurrezteko eta energia eraginkortasunerako neurriak sustatuko dituzte. Gainera, elektrizitate sistema eta energia ekoizteko hornikuntza berriak egingo dituzte. 177 milioi jarriko dituzte horretarako.

Energia eolikoa nagusi

Energia eredua aldatu ondoren, 2020. urtean Nafarroan ekoitzitako energia berriztagarrien bidezherrialdeko elektrizitate kontsumo guztia hornitzea da Nafarroako Gobernuaren nahia. Gainera, Nafarroak sortutako energiaren %10 esportatzea nahi dute.

Gaur egun, parke eolikoak dira energia berriztagarria sortzeko iturri nagusia Nafarroan. Horren aldeko apustua egiten jarraitzeko asmoa du gobernuak, eta %68 handitu asmo du parkeen potentzia. Energia fotovoltaikoa, berriz, etxeetako kontsumorako sustatzea nahi du gobernuak.

Nafarroako Berrikuntza kontseilari Jose Maria Roigek esan du «asmo handikoa» dela aurkeztu duten proiektua. «Beste herrialde batzuetan ez dituzte beteko Bruselak 2020rako jarritako xedeak, baina guk bete egin nahi ditugu». Areago, xedea gainditu egingo du Nafarroak, plana betez gero.

Proiektua jendaurrean egongo da martxoan. Herritarrei informazioa emateko, batzarrak egingo dituzte bailara eta kontzejuekin. 986 milioi euroko inbertsioa egingo dute plana aurrera eramateko. 6.300 lanpostu sortzea aurreikusten du planak. 2015ean berriro aztertuko dute plana .
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.