Nafarroan errauste planta egin nahi dute Gobernuak eta Iruñerriko Mankomunitateak

Hondakinen Plana aurkezteko batzarra egingo dute gaur Iruñerriko Mankomunitatean

Naiara Elola.
Iruñea
2010eko ekainaren 4a
00:00
Entzun
Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentuak onartu du Hondakinen Kudeaketarako Planaren proposamena. Orain herritarren eskura dago, departamentuak Iruñean duen egoitzan, alegazioak aurkezteko epea amaitu arte. Egitasmo horretan, birziklatu ezin diren hiri eta herrietako hondakinekin zer egin aztertzen da. Hala, planak 2015. urterako errauste planta bat jartzearen aldeko apustua egiten du. «Errauste plantaren bitartez, birziklatu ezin diren hondakinak desegin ahal izango dira», jaso dute proposamenean.

Egun, Iruñerria da hondakin gehien sortzen duen Nafarroako eskualdea. Batez beste, lurralde osoan sortzen diren hondakinen %60k Iruñerrian dute jatorria. Hala ere, errauste planta ez da Nafarroako hiriburuan jartzea aurreikusten. Izan ere, planaren arabera, Europako Batasunak arlo horretan duen araudia dela eta, litekeena da Tafalla, Artaxoa eta Larraga artean kokatzea. Ez dago argi oraindik ere. Errauste plantaren ondoan hondakin «arriskutsuak» jasotzeko zabortegi bat ere egin nahi dute. Bertara bota nahi dituzte, besteak beste, errauste plantak berak sortzen dituen errautsak ere. Planaren arabera, «joan-etorri luzeak saihesteko errauste plantatik gertu eraikiko da zabortegia».

Kokagunearen gakoak

Nafarroako Gobernuak Artederretako mendatea proposatu du errauste planta kokatzeko gune «zuhur» gisara, Larraga, Artaxoa eta Tafallatik gertu. Izan ere, batzorde eragilearen irudiko, «zenbait mankomunitateren erdigunean kokatzen da». Erdigune hori aintzat hartuta, 25 kilometroko gune zirkularra markatu dute. Eremu horretan legoke Europako Batasunak errauste plantak kokatzeko araudia betetzen duen esparrua. Hala, planta horrek Nafarroa osoko hondakinak jasoko lituzke.

Errauste planta ezin da egon 650 metro baino gorago, eta ezinbestekoa da gutxienez herrigunetik kilometro batera kokatzea. Bestalde, birziklatu ezin diren hondakinak deusezteko plantaren lur eremuak 15.000 metro koadro baino gehiago izan behar ditu, eta ezin du %10eko pendiza baino handiagoa eduki.

Ingurumen Departamentuak egindako Hondakinen Kudeaketarako Planean jaso duenez, denera 231 milioi euro emango dira errauste plantaren proiekturako. Horietatik 215 milioi euro azpiegitura bera egiteko baliatuko dira. Horiez gain, diruz hornituko dira informazioa, kontrola, sentsibilizazioa, heziketa eta prestakuntza. Proiektuaren finantzaketaz administrazioa bera, tokiko erakundeak eta kudeatzaileak arduratzea dago proiektuan jasota.

Proposamenaren arabera, zaborrak erre eta horietatik etekina ateratzea da xedea: «Hondakinen balorea handitzea erdietsi nahi dugu, konbustioaren bitartez energia lortzeko». Egitasmo horrekin bat dator Javier Torrens Iruñerriko Mankomunitateko presidentea ere. Ziur da errausteplantak ingurumenean izango duen eragina beste hainbat sistemena baino iraunkorragoa izanen dela. «Errauste plantek hondakinen zabortegiek baino gutxiago kutsatzen dute», adierazi du Torrensek.

Hala ere, Txentxo Jimenez NaBaiko kidea ez dator bat Ingurumen Departamentuak eta Mankomunitateak Hondakinen Kudeaketarako Plana proposatzeko moduarekin: «Hondakinei buruz Nafarroan eztabaida irekia eta parte-hartzailea jarri behar da martxan». Hala, ezinbestekoa deritzo hondakinen bolumenik handiena berrerabilgarri bilakatzeari. Dena den, prebentzioa du gako nagusitzat. «Hondakinen kudeaketan, prebentzio politikaren alde egin behar da apustu», adierazi du.

Hondakinen arazoa

Iruñerriko zaborra Gongorako zabortegira eramaten da egun,baina 2022rako zabortegi hori ixteko konpromisoa hartu zuen Gobernuak. Hala, data hori buruan dutela, errauste planta 2015ean martxan jartzea aurreikusi dute. Dena den, azken urteetan hainbat ekimen martxan jartzekotan ziren, eta ezin izan dituzte abian jarri. Kasu horietako bat da Aratzurikoa. Biometanizazio planta bat ezarri nahi zuen Gobernuak, baina eraikinaren %70 egina zegoela Espainiako Auzitegi Gorenak proiektua etenarazi egin zuen «arauak ez zituelako betetzen».

Hala eta guztiz ere ere, errauste plantarena oraindik proiektu bat baino ez da. Hemendik aurrera, proposamen hori balizko proiektu bilakatzeko pausoak emango dituzte. Hala, Hondakinen Kudeaketarako Plana aurkeztuko dute gaur, Iruñerriko Mankomunitateak Iruñean egingo duen batzar nagusian.

Zeintzuen artean

Erakundea Dirua (milioi euroan)

Administrazioa. 200


Tokiko erakundeak. 21,58


Kudeatzaileak. 9,76


Guztira 231,378

Finantzaketa

Atala Dirua (milioi euroan)

Informazioa eta estatistika. 2,057


Sentsibilizazioa, heziketa. 3,09


I+G. 2,371


Ingurumen hobekuntza . 6,420


Azpiegiturak. 215


Bestelakoak. 2,375


Guztira 231,378
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.