Parlamentuak ekitaldi instituzional batean ETAk Nafarroan hildako 42 biktimak omendu ditu, eta, haien memoria aldarrikatu nahirik, 42 kandela piztu dituzte ganberako atari nagusian. Minutu bateko isilunea gorde dute. Alberto Catalan Legebiltzarreko presidentea buru zutela, ekitaldian parlamentuko mahaiko ordezkarien gidaritzapean egin dute omenaldia; tartean, NaBaiko Txentxo Jimenez eta Bilduko Koldo Amezketa egon dira. Ekitaldian Yolanda Barcina lehendakaria eta Miguel Sanz lehendakari ohia izan dira, eta PSN, UPN, PP eta Ezkerreko parlamentariek ere parte hartu dute bertan.
Catalanek bere hitzaldian esan du «zalantzarik gabe» gizartea «herrialde honetan gehien sufritu dutenekin zorpetuta» dagoela. Parlamentuko presidentearen aburuz, «idatzita» geratu beharko du ETA garaitua izaten ari dela«terrorismoaren aurkako gizartearen mobilizazioen ondorioz». Ildo beretik, Barcinak ekitaldiaren amaieran «babes osoa» azaldu die ETAren biktimei, «demokraziaren benetako heroiak direlako».
40.000 euro, liburu baterako
Nafarroako Gobernuak 40.000 euro eman ditu Javier Marrodan kazetariaren gidaritzapean «ETAk Nafarroan utzitako ondorioen azterketa zorrotza» egin dezan. Alabaina, proiektuaren abiapuntuan, ETAren lehen biktimatzat hartu dute Begoña Urroz haurraren hilketa.
Indarkeriaren biktimak
Nafarroan ETAk hildako 42 biktimak omendu ditu parlamentuak
Ekitaldi instituzional horretan 42 kandela piztu dituzte, eta Koldo Amezketa egon da Bilduren izenean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu