Nafarroan euskara sustatzeko diru kopurua %37 igoko da

Enaik 4.045.435 euroko aurrekontua izanen du, Nafarroako Gobernuaren aurreikuspenen arabera

Asier Azpilikueta.
2007ko azaroaren 28a
00:00
Entzun
Nafarroako Gobernuak aurkeztu duen aurrekontu proiektua bere hartan onartuko balitz, euskara garatzeko diru kontuak %36,77 handituko lirateke heldu den urtean. Nafarroako Gobernuak dio igoera %66koa dela, baina kontua da hainbat tokitan barreiatuta zeuden funtzionarioak batuko dituela Euskararen Nafar Institutuak, eta, denera, langileen gastuak aurrekontu osoaren laurden bat baino gehiago direla. Beraz, BERRIAk eginiko kalkuluaren arabera, euskara bultzatzeko %36,77 gehiago gastatzea espero dute.

Euskararen garapenerako programak Enairen aurrekontuaren %59,52 hartzen du, hau da, 2.407.842 euro. 2007. urterako, programa beraren aurrekontua 1.760.470 eurokoa zen. Alegia, 647.372 euro gehiago gastatuko dute, antza, euskara garatzeko lanetan. Diru sail zehatzagoetara joz, udaletako euskara zerbitzuetan 120.000 euro gehiago gastatuko dituztela diote (550.000 euro denera); euskaltegietan 10.000 euro gehiago (510.000 denera); eta hedabideetan 12.000 gehiago (310.000 denera).

Bertze diru sail batzuen igoerarekin konparatuta, euskaltegiendako igoerak, adibidez, ez dirudi sobera handia. Baina kontuan hartu behar da joera aldaketa nabarmena gertatuko dela orain. Izan ere, Pedro Pegenautek Nafarroako Gobernuaren hizkuntza politika gidatu zuen urteetan, diru sail horiek izoztu edo gutxitu zituzten urtetik urtera. Konparazio batera, 2000tik 2006ra %47 jaitsi zituzten euskara sustatzeko dirua.



IGOERA HANDIA LANGILE GASTUETAN. Enaik heldu den urtean 4.045.435 euroko aurrekontua izanen du, Hezkuntza Departamentu osoaren %0,65. Lau milioi horiek konparatzen baditugu aurtengo aurrekontuak dituen 2.428.593 euroekin, badirudi sekulako igoera dagoela (%66koa, Gobernuaren azalpenetan). Baina kontua da lau milioi horietan sartu dituztela lehenago euskararen diruen artean sartzen ez zituzten hainbat langileren soldatak -funtzionarioei NAPIn euskara irakasten dieten irakasleena, adibidez-. Hala, langile gastuei dagokienez bakarrik, 1.173.035 euro gehiago gastatuko dituzte 2008an, 2007rekin konparatuta. Baina horrek ez du erran nahi askoz ere jende gehiago hartu dutenik; baizik eta lehen zenbatzen ez zituzten diru batzuk orain Enaik bere gain hartu dituela. Langile gastuen artean sartu dute, jakina, zuzendariaren soldata sortu berria: 58.842 euro.

Hainbat diru sail berri ekarriko omen ditu 2008ko aurrekontuak. Konparazio batera, euskararen garapenerako programan diru sail hauek sortu dituzte: euskararen sustatzea informazio eta komunikazio teknologietan (40.000 euro), eta euskarazko kultur ekimenen sustatzea (150.000).

Gastu arruntetan, hamahiru diru sail berri sortu dituzte. Adibidez: euskararen kanpainak (110.000); terminologia eta hizkuntzalaritza (30.000); ikerketa eta proiektu soziolinguistikoak (60.000); eta hezkuntza eta soziolinguistika argitalpenak (54.481).

Inbertsioen artean, berriz, ondokoak sartu dituzte: euskararen mediateka, fonoteka eta biblioteka (60.000); Nafarroako toponimia (23.322); argitalpen funtsa (18.000); lokalen egokitzapena (500); bulego materiala (5.000); eta ekipo informatikoak (10.0000).

[email protected]





############



Carlos Perez-Nievasek erran du «gutxienez» hiru hautagai dituela

Mikel Aranburu Zudaire ez ezik, «gutxienez» bertze bi hautagai ere baditu Carlos Perez-Nievas Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilariak Enaiko zuzendari izendatzeko. Halaxe erran zuen Perez-Nievasek atzo, Nafarroako Parlamentuan agerraldia egin eta gero. Abenduaren erdialde arte ez omen du zuzendariaren izena emanen, eta Miguel Sanz Nafarroako lehendakariarekin kontsultatuko du erabakia.

Perez-Nievasek onartu zuen Aranburu hautagaietako bat dela, baina bere izendapena egintzat jotzea zabaldu izanak «harritu» egin zuela gaineratu zuen. «Erabakia oraindik ez dago hartuta». Hainbat pertsonarekin elkarrizketatu nahi du Perez-Nievasek, eta gaia aurrekontuei buruzko eztabaidarako lotu.

Zuzendaria aurkitzeko lanetan izandako atzerapenarengatik egin dizkioten kritikak onartu zituen Perez-Nievasek, baina nabarmendu zuen lan horrek baduela «zailtasunik». Erabakia «arinkeriaz» ez duela hartuko gaineratu zuen, «koalizio gobernua baita Nafarroakoa» eta erabakia Miguel Sanzekin eztabaidatu behar du. «Egoera hau dela-eta kezkatuta dauden pertsonekin harremanetan dago lehendakaria. Zuzendari proposamena nik eramanen dut, baina lehendakariari informatu behar diot».

Mikel Aranbururi buruz Perez-Nievasek erran zuen «inozente» jokatu duela. «Inozentekeria hori bakarra balitz, ongi, baina, bertzela, kontuan hartu behar du presio mediatiko etengabea izanen duela, eta horretan mugitzen jakin behar da».





############
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.