Atzo iluntzean izan zen atxiloketa. Juan Carlos Iglesias Chouza presoari bisita egin ondoren atxilotu zuten Mujika bilbotarra, sei urteko alabarekin zegoenean. Bidaian ama-alabekin zegoen beste lagun batekin geratu da alaba.
Hainbat lekukok Etxerat-i azaldu diotenez, poliziak kaleko jantziekin hurbildu ziren Mujikarengana. Ez dute zehaztu atxiloketaren arrazoia. Espainiako Barne Ministerioak atxiloketa baieztatu du; dioenez, urriaren 14ko Espainiako Auzitegi Nazionalaren agindu bat dela medio atxilotu dute. Hurrengo orduetan deklaratuko du.
Etxerat-ek salatu du atxiloketa "senideei zuzendutako beste eraso bat" dela, sakabanaketa dela eta. Gainera, "bereziki larria" deritzo adin txikiko bat, bere alaba, gertatutakoa bizitzera "behartu" izana. "Ume honen eskubideak ez al dira beste edozein umerenak bezain errespetagarriak?". Elkartearen arabera, "ikuskizun neurrigabe eta krudela" izan da.
Sortuk ere Mujikaren atxiloketa salatu eta "berehala" aske uzteko eskatu du. Alderdiak kezka agertu du, "mendekuan oinarritutako sumario berriak fabrikatzeko maniobra" izan daitekeelakoan. Espainiako Gobernuaren "ukazioa, inposizioa eta errepresioa" gaitzetsi ditu.
1996an atxilotu zuen Mujika Frantziako Poliziak, ETArekin harremanetan izatea egotzita. Han sei urteko zigorra bete ondoren, Espainiaratu egin zuten; epaitu eta kartzelara bidali zuten. 2008an utzi zuten aske.