Espainiako Auzitegi Nazionaleko Ismael Moreno epaileak Nagore Mujika libre uztea erabaki du. Carmen Monfort fiskalaren eskariz hartu du erabakia, ulertzean ez dagoela "froga objektiborik" esateko 1990eko uztailaren 7an Barakaldon izandako atentatuan parte hartu zuela. Astelehenean igaro zen epailearen aurretik, eta baldintzarik gabe espetxeratzeko agindu zuen.
Auzitegi Nazionalaren iragarpenaren aurretik, Deustuko hainbat lagunek agerraldia egin dute, Mujikaren atxiloketa salatzeko. "Etxetik 700 kilometrora eta sei urteko alabaren aurrean" atzeman izana gaitzetsi dute. Adierazi dutenez, duela sei urte espetxea utzi zuenetik, Mujikak "bizitza guztiz normala" egin du: "Zergatik ez zuten Auzitegi Nazionalean zitatu abokatu batekin bertaratu ahal izateko?".
Manifestaziora deitu dute gaurko, 19:30ean, Done Petri plazan. Deialdiari eutsiko diote. Herenegun Egiari Zor fundazioak salatu zuen Mujikaren atxiloketak ez duela "justifikaziorik".
1996an atxilotu zuen Mujika Frantziako Poliziak, ETArekin harremanetan izatea egotzita. Han sei urteko zigorra bete ondoren, Espainiaratu egin zuten; epaitu eta kartzelara bidali zuten. 2008an utzi zuten aske.