Paxkal Harispuru

"Nahi dute fite pagatu, afera geldi dadin. Ez dute argitu nahi"

Joan den hilabetean, Okzitanian lagun batekin dituen ardiei eraso zieten; hartzaren erasoa izan dela diote, bertsio ofizialak hori konfirmatu gabe ere. Epe ertainean ukanen dituzten kalteez arranguratuak dira.

Paxkal Harispuru. JOANES ETXEBARRIA
Joanes Etxebarria.
2019ko irailaren 20a
11:58
Entzun

Agorrilaren 30ean, lehen alerta auzo batek emanik, Romain Jauregiberri eta Paxkal Harispuru (Bunuze, 1991) oztibartar laborariak Cauteretseko (Okzitania) bortura abiatu ziren beren artaldeak ikustera. Bien artean dituzten 1.010 ardietarik 185 hil dira: gehienak han berean hilik atzemanak, batzuk jasandako zaurien ondorioz gero hilak, eta 41, marexalek eutanasia eginik, larriki zaurituak zirelako. Joan den asteazkenean Urdiñarbeko ardi zentroan egin ekografietan Harispururen 255 ardietarik 45 idortuak eta antzutuak direla agertu zen, estresaren ondorioz; gehiago izanen zirela beldur zen oztibartar laboraria. Atzo salaketa ezarri zuten erasoagatik, eta prefetarekin bildu ziren.

Zuen artaldeei eraso dietenetik egun batzuk joan dira. Nola sentitzen zara orain?

Lasaitasun bat da arriskutik kanpo izatea denak etxean izaki. Dugun problema da hilabete bat goizago sartu garela etxera, eta bazkaren aldetik ez dela aisa izanen.

Bertsio ofizialean ez da erran hartzaren eraso bat izan zela.

Guri erran digute segidan hartzaren gain ezar daitekeela. Guretzat, horrek erran nahi du kontuan hartua izanen dela. Baina gero ez dute erraten nehori. Bertsio ofizialaren arabera, izan daiteke zakurra, otsoa, hartza… dena. Guk badakigu otsoa ez dela izaten ahal, herexak atzemanen baikenituen ardi bizietan, lepotik hasten baita. Zakurrekin berdin. Guretzat, ez da dudarik, han hartza bada, eta auzoetako bortuetan ere ari izan da: izan dira behi batzuk erroizturik, ardi batzuk, baina ez dira kontuan hartu, ez baitzen herexarik. Guk ere uztail hondarretik aste oroz ardi eraso bat ukan dugu; hiru, orotara, azken erasoa aitzin. Hartzaren gain ezar zitezkeenak adituen arabera. Bat bakarrik zelarik ez gara sobera arranguratu, baina hor arrunt gorago gara. Orain falta ditugun 60 ardiak ere hilak dira, ene ustez.

Zure ustez, zergatik ez da erraten hartza izan dela?

Politikoa da, denak blokeatu dituzte. Deitu dugu TF1, France 2… Nehor ere ez da hurbildu, France 3 salbu. Emaitzetan, ez badute hartza aipatzen, gero erraten ahalko dute dena ontsa pasatzen dela, hartzak ez duela deus egiten. Alta, badakite ez dela ontsa pasatzen.

Hartzaren erasoa izan dela ezagutzea ez ote da beharrezkoa kalte-ordainak ukaiteko?

Guk hori badugu, gaurko egunean kausitua dugu. Sosa seguruenik hunkiko dugu, baina behar dugu kasu eman; oraino ardi batzuk falta dira. Haiek nahi dute absolutuki fite pagatu, afera geldi dadin. Ez dute argitu nahi. Guk ez dugu nahi azkenak atzeman arte, beldur baikara bestela ez dituztela sekula pagatuko. Zehar-kalteak ere kontuan hartzen dituzte: badira ardi hilak baina estresarekin batzuk idortzen dira, horiek ez dute esnerik emanen. Azken horientzako laguntza 0,80 zentimokoa da ardi bakoitz, 300 ardi arte gehienez. Hori ez dugu onartzen ahal. Halako eraso bat badelarik, badakigu aitzinetik galtzeak handiagoak direla. Hil den ardi batentzat 240 euro inguru dira; hori pagatzen da, baina kalteak oro kontuan hartuz, guti da. Hastapenetik, parkeko langileekin ardiak oro kontatu ditugu, nahi genuelako argi izan, gibeletik istoriorik ez ukaiteko. Ekografia, berdin; Urdiñarbeko [ardi] zentroari eginarazi diogu, haien kontra ez baitira ariko.

Ohartzen zarete zuen kalteak zenbatekoak diren?

Zaila da jakitea, zeren gauza anitz behar dira kontuan hartu: idortu diren ardi horiek guztiak negu guztian bazkatuko ditugu deusendako [ez baitute esnerik emanen]. Nik bazkak erosiko ditut eta ez ditut barnean atxikiko, karioegi aterako zait. Ekografian ontsa ageri diren horietan ere badira ernariak, baina horien axuriak ontsa jinen direa? Kristoren estresa izan da, gero ikusiko dira ondorioak. Beldur naiz kristoren katastrofea ukanen dugula.

Artalde bat urteetako lanaren ondorioa dela diozu.

Diru mailan espero dugu lagunduko gaituztela, baina egiten dugun lana ez da diruarentzat. Denak ari dira laguntzekin ari garela, eta hor ere laguntzak izanen dira… Baina tropa baten muntatzea zure biziko lana da, betikoa, tropa bat ez da sekula egina. Beti nahi duzu hobeki egin. Beti haiekin zara, familia bat bezala da. Hor bortitza da. Hamar bat ardi pasatzen ahal zen, baina hor sobera da. Bizirik zirenak zauriturik ikustea, hori izan da gogorrena. Ardiak tipi-tipitik maite nituen, 12 urtetan lehena ukan nuen opari axuri batekin, eta, pixkanaka, emendatu, eta tropa muntatu nuen, hor egina nuen.

Eta orain zerotik haste?

Kasik. Erosiko ditut batzuk, baina lanean aritzeko ez da gauza bera. Eneak ezagutzen nituen, hau halakoa da, eta hau halakoa. Hor behar dute usatu bastimenduan, besteekin nola pasatuko den ez dakit, jezte gelan ere beharko dute ikasi… erosita ere lehen urteetan ez dute behar dena emanen. Jendea bezala da, usatu behar dute leku berrian. Eritasunekin ere arrangura badugu, bi tropa nahastean ardura eritasunak ateratzen baitira. Mendira hara joanen garenez, ez dakit. Hemen xerkatzen ahal dugu, baina hemen ere hartzaren arriskua geroz eta handiago izanen da.

Burutik pasatu zaizu mendira gehiago ez joatea, ala fitsik ez?

Bai. Orainokoan, ez dakit zer eginen dugun, baina, halako desmasia ikusi ondoan, ez du batere emeiarik ematen berriz joateko. Ardiak erosirik ere ez gara urtero aritzen ahal ardiak erosten. Lotsa hori orain sartua dut, zerbait gerta dadin, ene bizi osorako hor ukanen dut nik uste.

Bestalde, sostengu azkarra ere ukan duzue.

Behar da erran kristoren sostengua ukan dugula bai laborarietarik, bai adiskideetarik… eta beharrik! Halakoetan ez bada deus, zinez bortitza da, ez gara ontsa izaten ahal. Berrehun bat jende elkartzea, hemendik abiatzea… Biarnoko batzuek erran digute triste zela erratea baina beharrik euskaldunei pasatu zaigula, beharbada zerbait mugiaraziko duelako. Politikoki, aldiz, ez dugu sostengu izpirik, deus ere oraino. Baina aisa da konprenitzea: ekologistak bozen %15 dira, eta laborariak ez gara %2ra heltzen ere. Hautua fite egina dute politikariek.

Artikulu osoa, Iparraldeko Hitza-n.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.