Nahia eta Odre Lacroix Segiko militanteak atxilotu ditu Frantziako Poliziak

Paueko polizia etxera eraman dituzte bi ahizpak, «higiezinen aurkako eraso saioa» egitea leporatuta

Atxilotuak eramaterakoan istiluak izan ziren Poliziaren eta elkartasuna adieraztera joandakoen artean. BOB EDME.
Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2012ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Nahia eta Odre Lacroix Segiko gazteak atxilotu zituen atzo goizean Frantziako Poliziak. Goizeko seietan agertu zen Polizia Senperen daukaten etxera. Bost orenez etxebizitza miatu ondoren, hamaikak aldera eraman zituzten Senpereko jendarmeriara, etahortik, Paueko polizia etxera. Santiana Cachenaut abokatua egon zen atxilotuen etxean. Parisko Sekzio Antiterroristak agindu ditu atxiloketak, eta, berri agentziek plazaratu dutenez, «higiezinen aurkako eraso saioa» egin izana leporatua zaie.

Miaketa unean, etxera daraman bidexka itxirik zeukan Poliziak, eta elkartasunez bertaraturiko senide eta lagunak etxera ezin hurbildurik geratu ziren. Hamarnaka ziren, hala ere, Poliziaren hesiaren beste aldean bildurik, eta atxilotuak eramateko unean liskarrak izan ziren polizien eta han bildurikoen artean. Poliziak negarra eragiteko gasa bota zien bertaratuei.

Nahia eta Odre ahizpak dira. Batak 21 urte ditu, eta besteak, 22. Segiko kide izateaz gain, herriko hainbat ekimenetan ere parte hartzen dute.

Lacroix ahizpak berehala askatzeko exijitu zuten gauean Senpereko herriko etxe aitzinean bilduriko 300 bat lagunek.

Frantziaren «ukazio keinuak»

Batasunak salatu du Frantziako Estatuak «jazarpenarekin» eta «ukazio keinuekin» segitzen duela Euskal Herriko gatazka politikoa konpontzearen alde urratsak egin beharrean.

Parisi bake prozesuaren alde engaiatzeko eskatzeko Baionan abenduaren 10ean egin zen manifestazioaz geroztik, laugarren polizia operazioa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.