Haur eta gazte transei ahalik eta akonpainamendu onena eskaintzeko, ezinbertzekoa da horien errealitatea ulertzea, Naizen Adingabe Transexualen Familien Elkartearen irudiko. Bide horretan, eztabaida eta hausnarketa bateratzeko espazioa sortu du taldeak: haur eta gazteen transexualitateari buruzko Naizen Nazioarteko I. Biltzarra. Gaur hasi da, eta bertan adierazi dute identitateari lotutako eskola jazarpenak gora egin duela, eta hori «atzera egitea» dela: «Kezkagarria».
Gaur eta bihar arlo anitzetako hizlariak bilduko dira Bilboko Bizkaia Aretoan: hezkuntza, sexologia, psikologia, psikiatria, endokrinologia, soziologia... Baita transak, haien senideak edota aktibistak ere. Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak egin du irekiera ekitaldia.
Aingeru Mayor EHU Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta Naizen erakundeko bazkide sortzaileak hartu du hitza lehenbizi: Ulertu, lagundu ahal izateko. Erran duenez, egungo adingabe transek osatzen dute haurtzaroan «identitatea errespetatu» zaienen lehenbiziko belaunaldia.
Haren esanetan, elkartean diote trantsizioa modu positiboan egiteak eragin nabaria duela bai haur horien osasun mentalean, baita familiengan ere. Izan ere, tratamendu hormonalak etetea erabakitzen dutenen kopurua ez da %2ra ere iristen, baina ume horien identitatea ez errespetatu eta onartzeak ondorio larriak ditu haiengan.
«Bakoitza den bezalakoa izateko eskubidea»
Pradalesek, berriz, «ikuspegi erredukzionistak» alde batera uztera dei egin du, eta nabarmendu bermatu egin behar dela «bakoitza den bezalakoa izateko eskubidea».
Martxoa akabailan iragarritakoa berretsi du lehendakariak: tLMAZ pertsona transen lehen mailako arretako zerbitzuak jarriko dituztela martxan aurten. Zerbitzu horiek martxan jarri aitzinetik transei arreta emateko osasun gida bat argitaratuko dutela adierazi zuten, 4/2024 legeari jarraituta. Gida osasun zerbitzuetako profesionalek eta transen familien elkarteek egin dutela azaldu zuen Maite Martinez Zabaleta doktoreak, Asistentzia Sanitarioko zuzendariak. Baina Loratuz Lotu, Anitzak eta Lumagorri HAT kolektiboek salatu dute Osakidetza ez dela trans kolektiboekin bildu gida hori egiteko.
Halaber, Gurutzetako ospitaleko (Barakaldo, Bizkaia) Genero Identitatearen Unitateak egiten duen lana nabarmendu du Pradalesek bere hitzartzean: 2011tik 1.300 pertsona baino gehiago artatu dituzte bertan. Zerbitzu hori da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan transak artatzen dituen unitate bakarra, eta hainbat kolektibok salatu izan dute transek patologizazioa jasaten dutela bertan. Are, Sumin Trans taldea sortu berri dute salaketa horiek bideratzeko.