Klima larrialdia

Natura «gutxiesteak» ekarri ditu ingurumen krisiak, ikerketa baten arabera

Bioaniztasunaren eta klima aldaketaren krisien erroa balioetan dagoela azaldu du ‘Nature’ aldizkarian argitaratutako lan batek. Unai Pascualek, Ikerbasqueko eta BC3ko ikerlari eta IPBES bioaniztasunari buruzko gobernuarteko plataformako kideak, koordinatu du artikulua.

Merkatuan oinarritzen ez diren balioak aintzat hartzeko eskatu dute; adibidez, mendira joateak eragiten duen poza. ANDONI CANELLADA/FOKU
Gontzal Mendibe Miguel
2023ko abuztuaren 9a
17:26
Entzun

Gizarte bakoitzak bere erara balioesten du natura; baliabide naturalen erabilera ekonomikoaz harago doaz ikuspegi horietako asko, baina aniztasun hori ez da islatzen erabaki politikoak eta ekonomikoak hartzean. Izan ere, bioaniztasunari eta klima larrialdiari aurre egiteko «desegokiak diren balioak etengabe gailentzen» ari dira, Nature aldizkarian argitaratu berri den artikulu batean ondorioztatu dutenez: «Naturaren gutxiespena da egungo ingurumen krisien oinarria». Unai Pascual Ikerbasqueko eta BC3ko ikerlari eta IPBES bioaniztasunari buruzko gobernuarteko plataformako kideak koordinatu du ikerketa; bere ustez, premiazkoa da hobeto ulertzea erabaki politikoak hartzen dutenek natura nola eta zergatik gutxiesten duten: «Ingurumen eta garapen politika nagusiek oraindik ere lehentasuna ematen diote merkatuan oinarritutako natur balioen multzo mugatu bati».

Elikagaiak intentsiboki ekoizteari edo erregai fosilak erauzteari lotuta daude, adibidez, merkatuan oinarritutako balioak. «Gailentzeko joera» dutela berretsi du ikerketak, eta garrantzi gutxiago ematen zaiela merkatuan oinarrituta ez dauden balioei, hala nola klima aldaketara egokitzeko ekarpenei edota bioaniztasuna zaintzeko politikei. Are, artikuluak dio sarri «baztertu» egin direla tokiko komunitateen eta herri indigenen balioak. «Natura errespetuz tratatzen dute: gizartea eta natura bat direla uste dute», azaldu du Pascualek. «Guk, ordea, subjektu desberdin bat balitz bezala tratatzen dugu natura. Ikuspegi hori aldatzen ez badugu, krisian jarraituko dugu. Herri indigenak biodibertsitatearen zaindari onenak dira».

Hala, ingurumen krisiei aurre egiteko eta etorkizun «bidezkoagoak eta iraunkorragoak» lortzeko, «epe laburreko mozkinen eta hazkunde ekonomikoaren» ikuspegia alboratzea hobetsi dute artikuluaren egileek. Eraldaketa horri begira, «balioetan zentratutako lau ikuspegi» identifikatu dituzte ikerlanean: naturaren inguruko balio aniztasuna aitortzea, sektore guztietan erabakiak hartzeko prozeduretan balio horiek txertatzea, politikak eta instituzioen esparrua erreformatzea, eta arau sozialak aldatzea, iraunkortasunarekin lotutako balioak babeste aldera.

Ildo horretan, ikerketa taldeak hiru taldetan sailkatu ditu balioak: instrumentalak, berezkoak eta harremanezkoak. Gizartearen edo norberaren onurarako erabiltzen diren natura elementuak dira balio instrumentalen parte. «Askotan, merkatu ekonomikoak bereganatu egiten ditu elementu horiek. Orain, esaterako, karbono dioxidoaren xurgaketaren inguruko merkatu bat dago. Hala ere, merkatuak ezin ditu balio instrumental guztiak bereganatu», zehaztu du Pascualek. Merkatutik kanpoko balio instrumentalen adibide gisa jarri du mendira joateak jendeari eragiten dion poztasuna.

Balioen arteko talkak

«Gizartea existituko ez balitz ere, naturak bere balio propioak izango lituzke. Horiek dira berezkoak. Tartean dago espezieek bizitzeko duten eskubidea». Balio instrumentalen eta berezkoen artean talkak sortzen direla gaineratu du Pascualek; esaterako, baso edo espezie bat babestean: «Balio instrumentalen aldekoen ustez, gizarteari onura bat eskaintzen diotelako babestu behar dira. Berezko balioen aldekoek, ordea, defendatzen dute arrazoi etikoetan oinarritutako erabakia dela». Harremanezko balioak, berriz, balio sinboliko edo identitarioekin lotuta daude. Paisaia edo natura elementu batekiko atxikimendua da adibide argiena, Pascualen arabera: «Euskal herritar askorentzat Gernikako Arbola zinez berezia da. Arbola bat baino ez da, baina herriarentzat haritz horrek duen esanahiak ematen dio balioa».

Hain zuzen, arrantzak biltzen ditu ikerketa taldeak kategorizatzen dituen hiru balore motak; eta Euskal Herria herri arrantzalea izanik, adibidetzat jarri du Pascualek. «Alde batetik, balio instrumentala dago: arraina dirua ateratzeko hartzen da. Bestetik, berezko balioa: arrantzaleek ulertzen dute espezie batzuek bizitzeko eskubidea dutela. Azkenik, harreman balioa: arrantzale herriek itsasoarekiko atxikimendu ikaragarria dute».

Edonola ere, ingurumen krisiak bukatzeko, «garapen» eta «ongizate» terminoak eraldatzea ere funtsezkoa dela ondorioztatu du Pascualen taldeak. Ikertzaileen iritziz, horretarako errotik aldatu behar da egitura sozioekonomikoa. «Politiketan balio egokiak txertatu behar dira», aldarrikatu dute. Hor ikusten dute «mendebaldeko gizarte hegemonikoak» ongizatea ulertzeko era aldatu behar duela, Pascualen hitzetan: «Guretzat ongizatea materialismoan eta indibidualismoan oinarritzen da. Sorgin gurpil batean sartzen gara hori pentsatzean. Ipar-orratza aldatu eta gure helburuak birplanteatu behar ditugu. Ni ez naiz nor esateko ongizatea nola definitu behar dugun, baina ebidentzia zientifikoak dio horrela ez goazela ondo. Ezinbestekoa da hazkunde ekonomikoaren ikuspuntua alde batera uztea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.