Udal eta foru hauteskundeak. Ondorena

Navarra Sumak hogei eserleku lortuta, laukoak gehiengoa galdu du

Boto guztiak zenbatu ostean, EH Bilduk parlamentari bat gutxiago du, zazpirekin geratu baita. Ezkerrak %3ko langa gainditu du, eta horri esker, Marisa de Simon izango da «ahots instituzionala»

Navarra Sumako kideak, igandean, garaipena ospatzen. IÑIGO URIZ / FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2019ko maiatzaren 30a
00:00
Entzun
Errealitateak azken kolpea eman dio laukoari. Igande gauean, azken parlamentaria 24 botoren aldeagatik irabazi zion EH Bilduk Navarra Sumari, baina 8.145 boto falta ziren zenbatzeko: atzerrian bizi direnenak eta igandean gorabeherak izandako hamazazpi mahaietakoak. Atzo egin zen zenbaketa Nafarroako Justizia jauregian, eta azken emaitza Navarra Sumaren aldekoa izan da: 24 botoren alde txiki hori irentsi du, eta azken eserlekua eskuineko koalizioko Angel Ansarentzat izango da. EH Bilduk 304 boto gehiago behar zituen Arantxa Izurdiaga parlamentari izan zedin. Galera hori laukoak ere nozituko du, gobernua osatzeko negoziazioei begira, abantaila taktiko agerikoa galdu baitu: 19 parlamentarirekin jada ez du gehiengorik. Sozialisten aurrean, presio neurri gisa, laukoaren hautagai bat aurkezteko kartak indarra galtzen du; eta aldiz, PSNren posizioa indartzen du —Javier Esparzaren inbestidura baten aurrean, sozialistek nahikoa dute abstenitzea—.

Atzerriko botoez gain, kontatzeko falta ziren mahaien jatorriari begiratuz gero agerikoa zen EH Bilduk zortzigarren parlamentaria gal zezakeela. Iruñean zortzi mahai eta Tuteran, Lizarran, Atarrabian, Burlatan, Cadreitan, Cintruenigon, Eguesibarren, Iguzkitzan eta Mendabian mahai bana zeuden zenbatzeko. Hauteskunde Batzordeak atzo goizean goiz hasi zuen zenbaketa. Eguerdian, Maria Solana Gobernuko eledunak aurreratu zuen ziurrenik gaur iluntzean jakinaraziko zirela emaitzak, baina azkenean atzo arratsaldean eman zen azken kontaketaren berri.

Azken emaitza

Guztira, Navarra Sumak 127.346 boto ditu eta hogei parlamentari;PSNk, 71.838 boto eta 11 legebiltzarkide; Geroa Baik, 60.323 boto eta bederatzi parlamentari; EH Bilduk, 50.631 boto eta zazpi ordezkari; Ahal Dugu-k, 16.518 boz eta bi legebiltzarkide, eta Ezkerrak, 10.472 boto eta ordezkari bat.

Hain zuzen ere, Ezkerra koalizioak parlamentaririk gabe geratzeko arrisku handia zuen. Igandeko emaitzen ostean, justu botoen %3 lortu zituen; hain zuzen, parlamentuan sartzeko behar den ehunekoa. Azken zenbaketa amaitu ostean, tantoa Marisa de Simonen aldekoa izan da, eta horrenbestez Ezkerraren eledun izango da parlamentuan. Emaitza jakin bezain azkar, De Simonek nabarmendu zuen «funtsezkoa» zela erakundeetan ahotsa izatea—ordezkari hori galdu izan balu, EH Bildurentzat izango zen, baina edozein kasutan laukoa 19 ordezkarirekin geratuko zen—.

Azken emaitza jakinda, bere garaipena biribildu du Navarra Sumak, eta igande gauean Javier Esparza pozarren bazen, atzo are gehiago. Haren ustez, atzokoa «albiste bikaina da», eta mezu argia igorri die alderdiei. «Nafarroako gizarteak esan du Navarra Sumak hurrengo gobernua zuzendu behar duela», nabarmendu zuen. Hain zuzen ere, Esparzak azaldu zuen laukoaren blokeak orain ez duela gehiengorik. «Gizarteak ozen esan du abertzalerik eta populistarik ez dagoen gobernu bat nahi duela. Ez du laukoa osatu zuten alderdirik egotea nahi, eta hori defendituko dugu».

Berehala presio egin zion Maria Txibiteri, PSNko idazkari nagusiari. «Txibitek esaten du ez duela Bildurekin itunik egingo, baina ezin du gobernurik osatu Bildu abstenitu ezean, eta abstentzio hori ez da doakoa». Javier Esparzaren esanetan, Pedro Sanchez agintari sozialistak Espainian botoen %28rekin gobernatzeko zilegitasun badu, Navarra Sumak, %36rekin, «are gehiago».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.