Espero zen mugimendua egin du Navarra Sumak. Larunbatean, Nafarroako Gobernuaren eta EH Bilduren arteko akordioaren berri eman ondotik, eskuineko koalizioak 2021eko aurrekontuaren lege proiektuaren gaineko zuzenketa eta zerga neurrien gaineko zuzenketa aurkeztu ditu. Datorren ostegunean eztabaidatuko dira, baina egun horretan izango duen protagonismo politikoaz harago, ez doa inora, gainerako taldeek atzera botako baitute.
Aurrekontuen gaineko testuan, Navarra Sumak dio ez diola erantzuten lurraldearen behar ekonomiko sozialei eta ez duela balio «benetako aberastasun iraunkor baterako eredurantz» joateko. «Bien arteko oreka bilatu beharrean, ezerezean geratzen da». Pandemiari dagokionez, dokumentuan baikortasun bat islatzen dela uste du, eta, koalizioaren ustez, «bide luzea» geratzen da oraindik. Azpiegitura handien aldeko apusturik ez dela egiten gaineratu du.
Gastu igoera aldarrikatu ostean, zergei dagokionez, diru sarrerak jaistea proposatzen du, gehiegi zehaztu gabe: «jarduera suspertuko duten pizgarriak» eskatzen ditu eskuineko koalizioak, zerga bidez «aurrezkia eta inbertsio produktiboa» bultzatuz. Kexu da inguruko lurraldeen aldean «zerga desabantaila» duelako, Herritarrak «galtzaile nagusi» direla dio.