Nafarroan kontuak adostu dituzte, «zerbitzu publikoak sendotzeko»

Nafarroako Gobernuak eta EH Bilduk 2021eko aurrekontuak onartzea hitzartu dute. Bakartxo Ruizek itunaren «balio politikoa» nabarmendu du. Navarra Sumaren jarrera salatu dute PSNk eta Geroa Baik

Bakartxo Ruiz eta Adolfo Araiz, atzo, EH Bilduk aurrekontuen akordioa azaltzeko eginiko agerraldian. IDOIA ZABALETA / FOKU.
jon olano
2020ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Nafarroako Gobernuak libre du 2021erako aurrekontuak onartzeko bidea. Atzo prentsa ohar baten bidez adierazi zuen 2021eko Nafarroako Aurrekontu Orokorren Lege Proiektua onartzeko konpromiso hitzarmen bat sinatu duela EH Bildurekin. Itun horretan esan dute «inoiz baino premiazkoagoa» dela «ikuspegi zabalaz» jokatzea, eta egungo gizarte eta ekonomia krisiari aurre egiteko hainbat neurri aurkeztu dituzte. Adostutako dokumentuaren arabera, aurreikusten da aurrekontu proiektua onartzeko bilkura abenduaren 23an egitea.

Bi aldeek adierazi dute horretarako «aitzineko krisian erabili zirenen aurkako irizpideekin» egingo dutela lan. Konpromisoa hartu dute «zerbitzu publikoak sendotzeko»; osasunerako, hezkuntzarako, eskubide sozialetarako, kulturarako eta enplegu politiketarako baliabideak handitzeko; ingurumen jasangarri- tasuneko politikak egiteko; eta politika fiskalaz hausnartzeko, besteak beste. Arlo horietan, gobernuak aurrekontu proiektuan jaso ditu EH Bilduk aurkeztutako proposamen batzuk -guztira bederatzi milioi euroko balioa dutenak-, eta 1,9 milioi euroko kredituak bideratuko ditu indar subiranistak aurkeztuko dituen zuzenketa partzialak finantzatzeko.

Gobernuak eta EH Bilduk akordioaren jarraipen batzorde bat osatuko dute, hiru hilean behin aztertzeko zenbateraino betetzen den adostutakoa.

EH Bilduk abstentzio baten bidez «erraztuko» du Nafarroako aurrekontuak onartzea. Ostiral arratsaldean itxi zuten dokumentua, eta atzo goizean bertan sinatu zuten. Goizean bertan, agerraldi bat egin zuen EH Bilduk, akordioaren inguruko balorazio bat egiteko. Akordioak daukan «balio politikoa» azpimarratu zuen Bakartxo Ruiz parlamentariak: «Navarra Sumak ez du lortu akordioa baldintzatzea. Denok ikusi dugu Navarra Sumaren jarrera zein izan den: modu desesperatuan saiatu dira betoa jartzen. Ez dute lortu ikuspegi aurrerakoi batetik lor zitekeen akordio bat saihestea. Albiste ona da, bi eredu daudelako». Izan ere, Ruizek gogorarazi zuen UPNren gobernuak 2008ko krisiari «murrizketak eginez, arlo publikoa pribatuaren subsidiario izanda» egin ziola aurre: «Beste eredu bat dago, inbertsio publikoa lehenestearena, eskubide sozialetan lehentasuna jartzen duena. Hori eskatu diogu Nafarroako Gobernuari, eta, zorionez, gobernua ez da sartu eskuinaren joko horretan».

Zerga sisteman, nekezago

Akordioa «konpromiso partekatu batzuetan» oinarritzen dela azaldu du Ruizek: «Gure lehentasunak argiak izan dira: osasun krisiari eta krisi sozial eta ekonomikoari aurre egitea ezinbestekoa dela, murrizketarik egin gabe eta aurretik egindako urratsak mantenduz eta indartuz. Hori da akordioaren oinarria».

Hain zuzen, Nafarroako Gobernuak eta EH Bilduk hainbat neurri fiskal ere adostu dituztela adierazi du gobernuak prentsa oharrean, baina EH Bilduko ordezkariek azaldu dute arlo horretan izan dituztela desadostasun handienak: «EH Bilduk bere esku izango balu aurrekontu batzuk egitea, ezberdinak izango ziren. Eztabaida sakonak izan ditugu, eta saiatu gara elkarguneak bilatzen». Erantsi du aurrekontuak ez direla «ezeren amaiera: bidean urrats bat dira, eta balio behar dute aurrera egiten jarraitzeko».

Aurrekontuen aurreproiektuan eragin nahi zutela azaldu du Adolfo Araiz parlamentariak, eta EH Bilduren ikuspuntua zela kontuak, krisiaren testuinguruan, aurreko urteetakoak baino zabalagoak izan beharko liratekeela. Hala izan dela nabarmendu du Araizek: «Espero genuena baino dokumentu hobea atera da».

Akordioarekin konforme azaldu da PSN ere. Ramon Alzorriz talde parlamentarioko bozeramaileak azaldu du egungo egoeran garrantzitsua dela aurrekontuak onartzea, eta nabarmendu 150 milioi euro bideratu dituztela zerbitzu publikoak «indartzera». Gainera, Navarra Sumaren kontra egin du: «Bere burua kanpoan utzi du, gehiago pentsatu duelako bere interes politikoetan herritarren benetako beharretan baino».

PSN, Nafarroa «saltzen»

Aldiz, akordioaren kontra mintzatu da Javier Esparza Navarra Sumako bozeramaile eta UPNko presidentea: Maria Txibite lehendakariari egotzi dio «Nafarroa euskal independentismoari saltzea»: «[EH] Bilduk lanean jarraitzen du Euskal Herriaren eraikuntza nazionalean, eta, orain, Txibiteren eta PSNren eskutik dihardu». Esparzak uste du Txibitek bazuela «beste aukera bat», baina nahiago izan duela «nafarren etorkizuna Bilduren estrategiari lotzea, jakinik okerrena dela ikuspegi sozioekonomikotik».

Geroa Baik, berriz, ohar batean adierazi du hitzarmena «ezinbestekoa» dela, Nafarroari «egonkortasuna» emango diolako, eta erantsi du Navarra Sumak «porrot» egin duela bere estrategian, «ez duelako lan egin aurrekontuen egonkortasunaren alde, ezegonkortasun politikoaren alde baizik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.