Nazien kontzentrazio esparruetara deportatu zituzten 253 euskal herritar omendu ditu Eusko Jaurlaritzak

Eusko Jaurlaritzak, lehen aldiz, aitortza egin die nazismoaren biktima izandako euskal herritarrei ekitaldi batean, Irungo Ficoban.

Nazien esparruetara deportatu zituzten euskal herritarrak omendu ditu Eusko Jaurlaritzak. EUSKO JAURLARITZA
Nazien esparruetara deportatu zituzten euskal herritarrak omendu ditu Eusko Jaurlaritzak. EUSKO JAURLARITZA
2025eko maiatzaren 3a
12:30
Entzun 00:00:0000:00:00

1940-1945 urteetan nazien kontzentrazio eremuetan izan zituzten 253 euskal herritar omendu ditu Eusko Jaurlaritzak. Lehen aldiz, nazismoaren biktimak aitortzeko ekitaldi bat egin du, Irungo Ficoban. Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakaria izan da buru; Eusko Jaurlaritzak Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren bitartez antolatu du ekitaldia, Nazismoaren esparruetara deportatutako euskaldunak gogoan 1945-2025 izenburupean. Nazien izugarrikeriaren biktima zuzenak izan zirenen sufrimendua aitortzeaz gain, haien familien, historialarien eta elkarteen etengabeko ahalegina ere aitortu du Jaurlaritzak, haien oroimenari bizirik eutsi baitiote erakundeen ahanzturari aurre eginda.

Ikerlariek ondorioztatu dutenez, naziek 253 euskal herritar deportatu zituzten kontzentrazio esparruetara: 243 gizon eta hamar emakume. Horietatik 113 kontzentrazio esparruetan hil ziren. Beste asko handik gutxira hil ziren, kontzentrazio esparruetan pairatutako baldintza ankerren ondorioz: pilaketa, bortxazko lanak, torturak, gosea eta muturreko hotza jasan behar izan zituzten, besteak beste.

Mauthausen-Gusen izan zen euskal herritar gehien hartu zituen kontzentrazio esparrua; erregimen naziak «bereziki arriskutsuak» ziren etsai politikoentzako zigor eremu gisa sailkatua zuen esparru hura. Aurten 80 urte bete dira kontzentrazio esparru hura askatu zutenetik, eta horregatik antolatu dute ekitaldia.

Askotariko ideologiatakoak ziren deportatutako euskal herritar haiek, hala nola sozialistak, anarkistak, errepublikanoak eta euskal nazionalistak.

Pradales nazien kontzentrazio esparruetara deportatu zituzten euskaldunen omenaldian
Pradales, nazien kontzentrazio esparruetara deportatu zituzten euskal herritarren omenaldian, gaur. EUSKO JAURLARITZA

Pradalesen mezua

Erakundeetako ordezkaritza zabala izan da ekitaldian. Pradalesez gain, hauek izan dira, besteak beste: Maria Jesus San Jose Justizia sailburua, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko lehendakaria, Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusia, Alberto Alonso Gogora-ko zuzendaria, Arritxu Marañon Giza Eskubide, Memoria eta Bizikidetzako sailburuordea, Manuel Lezertua Arartekoa eta Marisol Garmendia Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkaria.

«Gure egitekoa zera da, gaur omentzen ditugun haiek defendatu zutena babestea eta sendotzea da: bakea, askatasuna, demokrazia eta giza eskubideak»

IMANOL PRADALES Eusko Jaurlaritzako lehendakaria

Pradalesek ariketa bat egiteko eskatu du: pentsatzeko une batez haien gurutze bidean. Francoren aurka borrokatu ziren; gerraren amaieran Frantziara ihes egin ondoren, han esparru batean itxi zituzten; Frantziako Gobernuak aginduta, nazismoaren aurka borrokatu ziren; naziek atxilotu eta kontzentrazioa esparruetara eraman zituzten, eta muturreko egoeretan bizi izan ziren, bizirik iraun zutenak, haietariko 113 hil egin baitziren.

Bizirik iraun zutenek ere ez zuten bide erraza izan, Pradalesen esanetan: «Alde demokratan borrokatu ziren, eta hark bizkarra eman zien. Lehenik, nazioarteko errefuxiatu estatutua ukatu zieten 1951 arte; eta gero, Francori boterean betikotzen utzi». Gehitu duenez, «naziek duintasuna lapurtu zieten, eta aliatuek, itxaropena». Horregatik azpimarratu du haiek oroitzearen eta aitortzearen garrantzia, «eta barkamena eskatu nahi nuke, publikoki, hainbeste denboran ez aitortu izanagatik», gehitu du.

Eta gaur egungo egoerarekin egin du lotura: «Gure egitekoa zera da, gaur omentzen ditugun haiek defendatu zutena babestea eta sendotzea: bakea, askatasuna, demokrazia eta giza eskubideak». Gainera, demokrazia zalantzan jartzen duten populismoak, estremismoak eta fanatismoak ez hutsaltzearen garrantzia azpimarratu du Pradalesek. «Zutik jarri behar dugu betiko autoritarismoek berpizten dituzten diskurtsoen aurrean: etsai bat edo batzuk asmatzen dituzte gorrotoa ereiteko eta gizartea zatitzeko, beldurra beren mesedetan erabiltzen dute, galdutako handitasuna eta iragan idilikoa gogorarazi, lider karismatikoak aurkeztu, eta edozertarako konponbide azkar eta errazak eman».

San Jose sailburuak, berriz, deportatuen baldintza makurrak ekarri ditu gogora, «txarrantxa artean itxi zituzten, oinarrizkoena ere kendu zieten, baita eskubideak izateko eskubidea bera ere». Pairatutako biktimizazio bikoitza ere aipatu du, 253 pertsona haien eta haien familien bizitza inguratu duen isiltasun «bidegabe eta ahanztura» dela eta.

«Oinarrizkoena ere kendu zieten, baita eskubideak izateko eskubidea bera ere»

MARIA JESUS SAN JOSEEusko Jaurlaritzako Justizia sailburua

Ekitaldian, ikus-entzunezko pieza bat proiektatu dute. Deportazioaren gakoak azaldu dituzte bertan. Pixel S.L. ekoiztetxeak egin du bideoa, eta hauek hartu dute parte: Etxahun Galparsoro historialariak, Juan Francisco Murillo Mauthausen elkarteko kideak eta Maria Jesus Amenabar Errenteriako La Ilusion kolektiboko kideak.

NAZIEN KONTZENTRAZIO ESPARRUETAN IZANDAKO EUSKAL HERRITARREI OMENALDIA
Nazien kontzentrazio esparruetan izandakoen senideek jaso dituzte oroigarriak. EUSKO JAURLARITZA

Bizipenak

Deportatuen bi senidek hartu dute hitza gero, haien senideek pairatu behar izan zutena ikusarazi izana eskertzeko.

Jose Mari Azurza Osategiren kasua azaldu dute, besteak beste. Donostiakoa zen, UGTkoa. 1941ean hil zen Mauthausenen. Eugenio Azurza Gabilondo semeak azaldu duenez, haren aita 1936ko gerran borrokatu zen, eta 1939an Frantziara igaro ondoren, exodo masibo batean, Argeles-sur-Mer hondartzan irekitako kontzentrazio esparruan giltzapetu zuten, beste 80.000 pertsonarekin batera. Apirilaren hasieran, Gursera eraman zuten. Gero, Frantziako Gobernuaren aginduz, nazismoaren aurkako defentsa lerroetara eraman zutela azaldu du. Ez dute haren atxiloketaren eta deportazioaren inguruabarren berri, baina badakite, zenbait eremutatik igaro ondoren, 1941eko urriaren 28an Mauthausenen erail zutela, eremu horretara iritsi eta sei hilabetera.

Pedro Madariaga Rekalde, berriz, Portugaletekoa zen (Bizkaia). Eusko Jaurlaritzako Gerrako Itsas Armadan sartu zen altxamenduaren ondoren. Gerraren amaieran Frantziara ihes egin zuen. Bigarren Mundu Gerra hasi zenean, naziek atxilotu, eta Austriako lehen kontzentrazio esparrura eraman zuten. Gero, Mauthausen, Bremen eta Dachaun ere eduki zuten. 1945eko apirilaren 29an askatu zuten. Frankismo bete-betean, ezin zuen etxera itzuli, eta, beraz, Erresuma Batuan itsas enpresa batean hasi zen lanean, merkataritza ontzi bateko bigarren ofizial gisa. Horri esker, Euskal Herrira itzultzeko aukera izan zuen, eta familia bisitatzen zuen noizean behin, frankismoaren errepresiotik salbu, pasaporte britainiarrari esker.

Bestalde, ekitaldiaren aretoko sarreran, erakusketa bat jarri dute ikusgai, Kepa Ordoki memoria elkartearena, Bidasoa inguruko deportazio kasuei buruzkoa.

«Garrantzitsua da gazteek historia ezagutzea, berriro halakorik ez gertatzeko»

MAITANE IPIÑAZAREAJren EBBko eleduna

Maitane Ipiñazar EAJren EBBko idazkariak eskerrak eman ditu 1940-1945 urteen artean Mauthausenen gatibu izan zituzten euskal herritarren gaineko ikerketa egin dutenei, gertatutakoa jasotzeagatik. Azpimarratu du 1920ko hamarkadan jaioak zirela denak, eta horrenbestez, gazteak: «Garrantzitsua da hori azpimarratzea eta gazteek historia ezagutzea, berriro halakorik ez gertatzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.