Kirol agintari politikoek ez dute barne mugarik gainditzeko inolako asmorik, horren ondorioz euskal kirolari asko arrotz sentiarazten gaituzte Euskal Herrian bertan». Aratz Gallastegi errugbi entrenatzailearen hitzak dira horiek. Gallastegi EHK Euskal Herriko Kirolariak ekimeneko kidea da. Iaz jarri zuen lehen harria EHK-k, Donostiako belodromoan eginiko ekitaldi erraldoi batean. Euskal kirolariak bilduko dituen egitura sortzeko aldarrikapenarekin bi mila kirolari eta kirolari ohik egin zuten bat. «Euskal kirolariak garela adierazteko sortu genuen ekimena. Kirolean ez dugu hori adierazteko aukerarik, batzen gaituen sentimendu horri erantzun nahi genion eta erantzun nahi diogu».
Gallastegik azaldu duenez, euskal selekzioen ofizialtasuna aldarrikatzeaz gain, Euskal Herri osoko kirolariak bilduko dituen egitura osatzea da ekimenaren helburua. «Euskal Herrian ez dugu herri batek izan behar duen kirol antolaketarik. Gure herrian euskal kirolaririk arrotz sentitu ez dadin, antolaketa egokia behar dugu».
Beste arlo askotan bezala, banaketa administratiboa dela-eta, ez dago ia Euskal Herria osoa aintzat hartzen duen kirol egiturarik. «Kirola ere zatitua dago Euskal Herrian», dio Gallastegik. «Guk egiten dugun proposamenaren bitartez, besteak beste, Euskal Herri barneko mugak gainditu nahi ditugu». Horretarako, kirol esparru desberdinetan aritzen diren pertsonak muga horiek gainditzera animatu ditu Gallastegik, eta lan hori herriz herri, ekimen txiki edo xumeen bitartez egin daitekeela uste du: «Euskal Herria aintzat hartuko duen edozelako kirol antolaketa, txapelketa, topaketa antolatzeko deia zabaldu nahi dugu Euskal Herriko kirolari eta kirolzaleen artean».
Kirola eta politika
Gallastegik dio kirolak eta politikak harreman estua dutela. Haren arabera, euskal kirolarien aldarrikapenak badu politikatikasko, agintarien jarrerak duen moduan. «Euskal Herriko zatiketa administratiboa nabarmentzeko ahalegin handiak egiten dituzte. Badakite kirola tresna politiko izugarria dela eta gero, kirola ez dela politikarekin nahastu behar aldarrikatzera ausartzen dira». Agintari horien diskurtso bikoitza salatu du Gallastegik. «Kirolariak euskal selekzioetan jokatzera animatzen dituzte eta ofizialtasuna edo euskal selekzioen aldeko aldarrikapenak ere egiten dituzte, baina egunerokotasunean, Euskal Herriaren kirol zatiketaren ekintzaile aktiboak dira».
NAZIO ERAIKUNTZA. BAI EUSKAL HERRIARI EKIMENA. Barneko mugei aurre egiten
Euskal selekzioen ofizialtasuna aldarrikatzeaz gain, euskal kirolariak bilduko dituen egitura osatzea da Euskal Herriko Kirolariak ekimenaren helburua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu