ETAren su-etena. Erreakzioak

Nazioartea, mesfidati eta Espainiari so

Oihartzun nabaria izan du ETAren agiriak nazioarteko prentsan; atzo arratsaldean, kazeta ugarik egin zioten lekua. Zabaldutako mezua, ordea, ezkor samarra da, oro har.

Samara Velte.
2011ko urtarrilaren 11
00:00
Entzun
Komatxo ugari ageri dira nazioarteko egunkarien Interneteko bertsioetan. Gehienek aipatu dute ETAren adierazpena, baina ez dirudi fede handirik dutenik harengan.

Alemaniako Der Spiegel astekariak, esaterako, mesfidantza handiz erabili ditu su-eten, iraunkor eta egiaztagarri hitzak. ETAk «beste behin» su-etena aldarrikatu duela dio kazetak, «behin eta berriro bere hitza jan» ostean.

Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidentea «arrazoiz» eszeptiko agertu dela irakur zitekeen atzo arratsaldean kazeta alemaniarraren Interneteko edizioan: «Usain gozoko hitzei jada ezin zaie sinesgarritasunik eman».

Argentinako Clarin egunkariak ere ez du agiriarengan fede handirik erakutsi: «Argi dago erabaki honek ez dituela [Espainiako] gobernua eta alderdi demokratikoak konbentzituko». Kazetaren arabera, aipatutakoek ez dute ETAren «benetako amore ematea» ez den beste ezer onartuko, «bestelako hitzekin ezkutatu arren». Eta «terroristekiko zapalketak» aurrera egingo duela adierazi du.

The Guardian egunkari britainiarrarentzat, Top story izan zen agiriaren albistea atzo arratsaldean. Erakundearen «konpromisoa» eta «su-eten egiaztagarria» aipatu bazituen ere, zalantza adierazi zuen: «Adierazpenak ez du zehazten nola egiazta daitekeen su-etena».

Egunkari ugarik jo dute erakundearen aurreko su-etenera; The Guardian-ek, Die Zeit kazeta alemaniarrak eta Irish Times irlandarrak gogorarazi dute 2006an amaitu zela, Barajasko aireportuan (Madril) eztanda egin zuen lehergailuaren ondorioz. Azken horrek Interneten argitaratu duenez, azken atxiloketek erakundea «elbarrituta» utzi dute.

Askotan topa daitekeen ustea da «berrantolatu» eta «aurreragoko erasoak» lotzeko erabili izan dituela ETAk su-etenak. Gehienek Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako presidenteorde eta Barne ministroaren hitzak jaso dituzte; Le Monde kazeta frantsesak, esaterako, argitaratu du agiriak ez duela «borroka armatuaren amaiera» ekarriko. Zapateroren hitzak ere errepikatu ditu, adierazpena «aski» ez dela eta «armak betirako uzteko» eskatu duelako. Frantziazko Estatua ez du aipatu, ETAk agirian hari ere erantzukizuna eskatzen dion arren.

«Alderdi politikoen presioa»

Al Jazeera egunkari arabiarrak ere ez die fede handirik ematen ETAren hitzei, ez duelako erakundea «armagabetzeari» edo «deuseztatzeari» buruzko aipamenik egiten. Kazeta horrek dioenez, ETAk azken hilabeteotan pairatu duen «presio handiaren» ondorioz iritsi da agiria.

AEBetako The New York Times egunkariarentzat ere, azken urte eta erdian atentaturik gertatu ez izana presio horien ondorioa da: «Sarraskia geldiarazteko eskatzen duten alderdi politikoek gero eta presio handiagoa egin diote ETAri, eta, horretaz gain, bere jardueren egiturari eusteko borrokan aritu behar izan du».

Il Corriere Della Sera kazeta italiarrak eta BBC agentziak hobetoxeago hartu dute adierazpena; lehenengoaren arabera, «aurrerapauso berria» izan da, eta bigarrenarentzat, agiria «bestetan baino haratago» doa, batez ere su-etena egiaztagarria izango dela dioenean: «Horrek armak uzteko prestasun bat adieraz dezake».

The Wall Street Journal kazeta estatubatuarrak laburki baino ez du aipatu albistea; Gara egunkaria erabili du informazio iturritzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.