Nazioarteak gomendatu baino odol gehiago ematen da Euskal Herrian

Odol talde berezietan, une zehatz batzuetan arazoak sor daitezkeela aitortu dute arduradunek

JON REJADO GALDAKAO
2008ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Preziatua. Ezinbestekoa. Odola osasun sistema baten funtzionamendu egokirako gai garrantzitsua da, eta, aldi berean, herrialde baten egoeraren erakusgarri. Hego Euskal Herriak egoera ona bizi du alor horretan, nazioarte mailan zehaztutako gutxieneko kopuruak gainditzen baititu. Mila biztanleko 40 eta 50 emate artean jo du Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) kopuru egokitzat, eta tarte horretan dago Euskal Herria. Kopuru horien artean egoteak buruaski izateko aukera ematen dio herrialde bati, betiere arazoak egon daitezkeen arren une zehatzetan.

Mila biztanleko 47 odol emate egin ziren iaz Hego Euskal Herrian, gutxi gorabehera. 127.974 odol emate egin ziren Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 2007an. OMEren irizpideen arabera Hego Euskal Herria buruaskia da odol emateetan, betiere kontuan hartuta demografikoki batez besteko adina handia duela eta horrek odol eskaria handitzen duela. Baionako Ospitalean 16.077 odol poltsa eta 887 plaketa poltsa atera ziren 2.007an. Alabaina, Ipar Euskal Herrian zaila da zehaztea benetako odol emate kopurua Zuberoako emaitza gehienak Pauen egiten direlako, eta Baionako Ospitalean Landetako (Frantzia) zati bat hartzen duelako.

Probintzien artean Araba da guztien artean odol gehien ematen duena. 23.012 odol emate egon ziren bertan aurreko urtean, mila biztanleko 73 odol emate baino gehiago. Nafarroa da bigarrena, mila biztanleko 50 odol emate baino gehiagorekin.



ORDEZKAEZINA. Odolaren garrantzia ulertzeko likido horren berezitasunetara jo behar da. Hala, oraindik ez da lortu horren ordezkorik asmatzea eta odol emateak dira hori eskuratzeko bide bakarra. Odola bera ere oso galkorra da, eta odol emate bakoitza gai ezberdinetan banatzen den arren -plasma, hematie kontzentratua eta plaketa kontzentratua- erabilera gehien dutenek iraungipen oso mugatua dute. Hematie kontzentratuak 42 eguneko iraungipena du, eta plaketak bost egunekoa. Gaur egun gaixoari behar duen gaiaren transfusioa baino ez zaio egiten, hori baita emandako odolari etekin onena ateratzeko bidea.

Borondatean eta altruismoan oinarrituta daude egiten diren odol emate guztiak. Segurtasunaren ikurra da hori, eta herrialde garatuetan horretara jo zen orain dela hainbat urte. «Odolaren truke zerbait emanez gero borondate onaz gain bestelako interesak egongo lirateke emailea izateko», azpimarratu du Miguel Angel Vesga Euskal Autonomi Erkidegoko Transfusio eta Giza Ehunetako Zentroko zuzendariak. Odola ematea gizakiaren garapenaren ikurra dela azpimarratu du Vesgak eta odoletik ateratako gaien garrantzia osasun sisteman «estrategikotzat» jo du.



ARAZOAK, BOLADAKA. Buruaskia izateak ez dakar erabateko lasaitasuna, ordea. Nafarroako Odol Bankuaren arazoak jakinarazi zituzten aurreko astean. Rh negatiboko odol eskasia salatu zuten Nafarroa Baik eta PSNk orain dela bi aste, Gobernuaren «kudeaketa txarra» dela-eta. Nafarroako Odol Bankuak izan diren larrialdiei aurre egiteko «behar baino odol gehiago» eduki izan duela erantzun zuen Nafarroako Gobernuak ordu gutxi geroago.

Miarritzeko Odol Zentroan 0 negatiboko odol taldearen behar garrantzitsua dute une honetan, eta hori konpontzeko kanpaina egiten ari dira. Arazo horiek konponbide zaila dutela deritzo Vesgak. Jaiegun asko jarraian daudenean, urtarrilean eta abuztuan arazoak etor daitezke, odol emaileek egunerokotasuna aldatzen dutelako. «Une horietan adi egotea garrantzitsua da, eta neurriak hartzen dira; dena den, konponbide zaila du arazo horrek».

Arazoa are zailagoa da odol talde ezohikoetara mugatzen denean; biltegietan talde zehatz horretako odol asko pilatuz gero galtzeko arrisku handia egongo da, eta emaileen ahalegina botako litzateke. «Kontuan hartu behar da emaileek hiru edo lau hilabetean behin ematen dutela odola, eta gaur denei deitzen badiezu arazoa atzeratu baino ez duzu egiten».



«Ospitaleen odol beharra %2 edo %3 handitzen da urtetik urtera»

Miguel Angel VesgaTransfusioen eta Giza Ehunen EAEko Zentroko zuzendaria
Odolaren erabilera findu den arren eskaria nola igotzen den ikusi du Vesgak Tranfusioen eta Giza Ehunen Zentroa zuzentzen duenetik.
j.Rejado

Galdakao

Miguel Angel Vesga Transfusioen eta Giza Ehunen EAEko Zentroko zuzendariak urteak eman ditu Araba, Bizkai eta Gipuzkoako biztanleek emandako odola kudeatzen. Orain dela hogei urte sortu zen zentro hori hiru probintzietako odol bankuak zentralizatzeko. Odola kudeatzeaz gain emaileak «zaindu» eta emaile berriak sortzeko ekimenak sustatzen dituzte bertan. Egoera ona bizi du zentroak, urte asko eman baititu egonkortuta. Dena den, urtero une zailak gertatzen dira.

Nola dago une honetan EAEko Odol Bankua? Erantzuten al dute biztanleek?

Odol emate kopuru garrantzitsua du, baina, kasu honetan, zehaztu behar da kopurua ez dela garrantzitsuena. Hau da, behar den odola baino ez dugu atera behar, ez gutxiago ezta gehiago ere. Osasun aldetik mugimendu asko dago Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Biztanleria nahiko zahartuta dago, eta odol asko behar du. Goizero 500 poltsa horiek behar ditugu, eta hutsetik hasten gara, edozer gauza gerta baitaiteke: gripe epidemia, elurte bat...

Boladaka krisi hitza agertzen da hedabideetan odol eskasia dela eta. Zein puntura arte da hori kezkagarria?

Hedabideetara jo aurretik eskura ditugun tresnetara jotzen dugu, baina une oso zehatzetan tresnak buka daitezke. Odol mota zehatzetan heldu daiteke arazoa. 0 negatiboa oso odol mota arraroa da, eta egun batean odol mota hori duten hiru gaixo egon badira, eta odol asko eskatu badute bankuko odol guztia eramaten dute, eta hori horrela da. Inoiz ez zaude nahi bezain ondo odol mota horretan. Dena den, urteko une zehatzetan odol eskasia izatea ohikoa da hemen eta herrialde garatu guztietan.

Ebakuntzak atzeratzea gertatu daiteke odol eskasiaren ondorioz?

Ez da bat ere ohikoa, baina une oso zehatzetan gerta daiteke. Egunean odol poltsa kopuru zehatza behar dugula esaten dugunean hori saihesteko da, hain zuzen ere. Krisi une batean tresna hori dugu, hau da, odola larrialdietarako gorde eta belaunean ebakuntza izan behar duen pertsonaren ebakuntza atzeratzea aste bat. Hori ez gertatzeko ahalegina egiten dugu ospitaleetako erritmoa asko alda baitezake. Odol multzo zehatzetan urtean behin edo bitan gertatu daiteke ebakuntza bat atzeratzea.

Ospitaleen odol beharrak aldatu al dira?

Urte batetik bestera ospitaleen beharrek behera egitea oso ez-ohikoa da, eta ez dut inoiz ikusi azken hogei urtetan. %2 edo %3 handitzen da beharra urtetik urtera. Ospitaleetan ahal dugun guztia optimizatzen saiatzen gara. Ospitaleetan dagoen odolaren jarraipena egiten dugu, eta mugimenduan egin ditzakegu galtzear dagoen odol hori aprobetxatzeko. Beharrek gora egiten jarraitzen dute, ordea.

Osasun teknologien hobekuntzen ondorioz odola hobeto kudeatzen al da?

Teknologiak eta ezagutzak hobetu ahala, odol beharrak behera egiten du. Orain dela zortzi urte gibel transplante batek 50 odol emaileen odola har zezakeen; gaur egun ez dut uste 10 baino gehiago izango direnik, batez beste. Odol gutxiago behar da prozeduretan, baina jende gehiago dago, eta lehen egiten ez ziren ebakuntzak egiten dira gaur egun.

Zer helburu markatzen dituzue etorkizunera begira?

Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 8.000 emaile inguruk uzten diote odola emateari arazo fisikoen edo bestelakoen ondorioz. Gazteen artean joaten diren horien ordezkoak, emaile egonkorrak, lortzea da gure erronka. Orain arte izan dugun oreka mantendu behar da, urte askotako lana da-eta oreka hori mantentzea. Ez da diruarekin konpontzen oso denbora gutxian.





Zirkulazio aparatu

neurtua
Odol emailearen lana ezinbestekoa da, baina, horren atzean, odolaren kalitatea eta banaketa egokia bermatzeko sare zabala dago.
j.r.

Gasteiz

Ikastetxeak, lantegiak... Adinez nagusi diren pertsona asko duen edozein toki da ona osasun sistemaren odol zirkulazio aparatuaren abiagune izateko. Hala, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako odol emateen %85 ospitaletatik kanpo egiten dira, emaileen egunerokotasunean toki bat lortzeko ahaleginean. Abiagunea ondo jositako sare baten hasiera baino ez da, ordea. Hogeita lau ordutan gehien jota hainbat puntutan bildutako odola ospitaleetara bidaiatzeko prest dago.

Gasteizko Diocesanas Molinuevo ikastetxea da zirkulazio aparatu horren abiaguneetako bat. Ikastetxe aurrean dagoen odol ateratze unitate batek barruan gertatzen ari denaren berri ematen die ikasleei. Odola emateko eguna heldu da. Adinez nagusia izatea, 50 kilo baino gehiago pisatzea eta ordu erdi bat libre izatea da, hasiera batean, eskatzen den bakarra. Hortik aurrera iragazki lanak egingo duten hainbat galdeketa bete beharko dituzte. Test modukoa da lehena, eta sendagile batekin bigarrena.

Urduritasuna sumatzen da odol emaile batzuen artean. Lehen aldia da odola emango dutela eta zalantza asko dituzte. Aulki batean odola ematen ari den irakaslearengana jo dute zalantza horiek argitzeko eta lasaiago gelditu diren arren urduritasun kutsua agertzen da haien hitzetan. Odola ematen hastean zertan kezkatu behar ez dutela ikusi dute. Poltsa beteta dagoenean ondoko gelan esertzen dira, zerbait jaten eta edaten duten bitartean. Emaileak lasai dauden bitartean osasun sistemaren zirkulazio aparatua ez da gelditzen, ordea.



AZTERTU, ZATIKATU ETA BANATU. Odola lau gradutan mantentzen da anbulantzia batek Galdakaoko edo Gipuzkoako Transfusioen eta Giza Ehunen Zentrora eraman arte. Bertan jasotako odol guztia banan-banan aztertuko dute odol mota, odol bakoitzaren berezitasunak eta nolabaiteko birusik duen jakiteko. Odola ez bada egokia ez du iragazkia gaindituko. Azterketa gainditu duten odol poltsak osagaien arabera zatikatuko dituzte: hematieak, plaketak eta plasma. Horren ostean etiketa jartzen zaie, eta behar duten moduan gordeko dira. Hematieak bost gradutan gordeta gehienez 42 egun egon daiteke, plaketak etengabe mugitu behar dira 22 graduko tenperaturan bost egun irauteko. Plasma izozten da -25&fraq14;tan, eta urte bat irauten du horrela.

Odol hori ospitale publiko zein pribatuetan banatuko da azkenean, beharren arabera. Etengabeko harremana dago ospitaleen artean, eta egunean erabilitako odola zein den jakinda berriz hornitzen zaie. Pribatuek aldez aurretik zehaztutako kopuru bat ordaindu behar dute odol poltsagatik, baina ez da odola ordaintzen, odolaren prozesatze lan guztia baizik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.