Bederatzi hilabete iragan dira Bruselako Adierazpena aurkeztu zenetik, nazioarteko izen handiko 21 pertsonak sinatuta. Bide politiko eta demokratikoen alde, ezker abertzaleak konpromisoa bideratzeko formula marraztu zuten Bruselako Adierazpenaren sinatzaileek: su-eten iraunkorra eta benetan egiaztatzeko modukoa. Su-eten horri Espainiako Gobernuak «behar bezala erantzunez gero» bake iraunkorra lortzeko bidea irekiko litzateke. Formula horren arrastoari jarraitu zion gero Gernikako Akordioak, bost alderdi sinatzaileek eta gainerako eragileek bere egin baitzuten joan den urrian «nazioarteko komunitateak egiaztatzeko moduko su-eten iraunkorra eta aldebakarrekoa» aldarrikatu beharra, «jarduera armatua behin betiko uzteko borondatearen erakusle gisa». Erantzuna, azkenean, bide beretik etorri da, konplizitate joko bat indartuz. Horrek guztiak irudikatzen du nazioarteko zenbait eragilek aintzat hartzeko moduko zeregina izango dutela garai berri honetan.
Ez dira zain egon. Bruselako Adierazpenaren atzean dauden eragileak lan isilean aritu dira, lurra lantzen, eta su-eten osteko esku-hartzea prestatzen. Joan den azaroaren 12an, Brian Currinek azaldu zuen dokumentuan argi nabaritzen da nazioarteko eragileek parte hartzeko prest daudela. Harreman taldea osatuta dago, eta zereginak zehaztuta dauzkate: ezker abertzalea legeztatzea bultzatu, erraztu eta ahalbidetzea, konfiantza eragitea, alderdiak animatu eta zerbitzatzea, alde askotako negoziazioa bultzatzea, aldeek eskatzen badute bitartekaritza eskaintzea, bake prozesua gizarteratzea. Nazioarteko Taldearen eginkizuna hain zehaztuta badago betetzeko prest dagoelako da. Nazioarteko kartak garrantzia izango du hemendik aurrera. Hasiera batean, bi norabide nagusitan: ezker abertzalea legeztatzearen aldeko giroa sortzea, eta alderdien arteko askotariko negoziazioa bultzatzea, akordio politiko bat lortzeko xedearekin.
Aurreko prozesutik
Nondik dator nazioarteko esku-hartze hori? Brian Currin abokatu hegoafrikarraren ekimen bat ote da? Ez, lehenagotik dator, aurreko bake eta negoziazio prozesutik, hain zuzen ere. Neurri handi batean, haren jarraipena da. Brian Currin abokatuak kudeatzaile eta sustatzaile gisa zeregin garrantzitsua du, baina nazioarteko esku-hartzea haratagotik dator eta haratago doa.
Aurreko prozesuan, 2006ko su-etena ekarri zuen prozesuan, ezaguna denez, nazioarteko esku-hartzea garrantzitsua izan zen, fase guztietan, molde ezberdinetan bada ere. Henri Dunat Zentroa eragile nagusietako bat izan zen. Haren bitartekaritzari esker egin ziren lehen harreman zuzenak ETAren eta PSOEren artean, 2005eko ekainetik uztailera bitartean. Bilera haien antolatzaile eta anfitrioia izan zen Henri Dunat Zentroa, bilerak zentroak egoitza duen hiri suitzarrean, Genevan, egin baitziren. Bigarren txanda 2005eko azaro amaieran eta abendu hasieran egin zen, Oslon. Horrek esan nahi du bitartekaritzaren hariak ez zirela bakarrik mugatu Henri Dunat Zentroaren esku-hartzera, baizik eta Suitza eta Norvegiako gobernuak tartean zeudela.
ETA eta Espainiako Gobernuaren arteko oinarrizko konpromisoen inguruko akordioa 2005eko urte bukaeran iritsi zen, eta 2006ko otsailean berretsi zuten bi aldeek. ETAren su-etena martxoaren 22an iritsi zen. Su-etenaz geroztik, lau bilera izan ziren urte hartan ETAren eta Espainiako Gobernuko ordezkarien artean, Henri Dunat Zentroaren eskutik. Negoziazio prozesu horretan beste nazioarteko eragile batzuk ere aritu ziren, era batera edo bestera, hala nola Erresuma Batuko Gobernua, Sinn Fein alderdia eta Hegoafrikako ANC alderdia. Barajaseko atentatua gertatu zenean, bazirudien harreman guztiak bertan behera geratuko zirela, baina azken ahalegin bat egin zuten. 2007ko maiatzean hainbat bilera egin ziren egoera berriz bideratzeko asmoz, batzuk ETAren eta Espainiako Gobernuko ordezkarien artean, eta beste batzuk Batasunaren eta PSE-EEren ordezkarien artean. Genevan egin ziren azken bileretan, Henri Dunat Zentroko kideekin batera, Erresuma Batuko eta Norvegiako gobernuko ordezkariek eta Sinn Feineko ordezkariek parte hartu zuten zuzenean.
Beste ekimen bat
2007ko ekainaren 6an ETAk su-etena hautsitzat jo zuenean, harremanak bertan behera gelditu ziren. Eta nazioarteko esku-hartzea albo batera gelditu zen, baina, gerora jakin denez, ez behin betiko. 2007ko urrian nazioarteko ekimen bat abian jarri zuten, hasiera batean elkarrizketarako bideak irekita edukitzeko asmoz. Fundazioen Europako Sareak babestutako ekimena zen, eta Bilbon aurkeztu zuten Euskal Herrian Elkarrizketa eta Bakea Sustatzeko Nazioarteko Ekimena izenarekin. Bertan,Joseph Rouwntree Charitable Trust elkarteko idazkari Stephen Pittman, Hegoafrikako Defentsa ministro ohi Roelf Mayer eta Brian Currin abokatua egon ziren. Ekimen hori lanean aritu da azkeneko urteetan, zubiak eraikitzen eta konponbidearen aldeko jarrera sustatzen. Hari horretatik iritsi zen Bruselako Adierazpena, 2010eko matxoaren 29an. Orduan ikusi zen nazioarteko eragile esanguratsu batzuen konpromisoak euskal gatazkaren konponbidearekin indarrean dirauela. Eta ez da kasualitatea adierazpenaren sinatzaileen artean Jonathan Powell Tony Blair Erresuma Batuko lehen ministro ohiaren kabineteko burua izandakoa eta2006ko prozesuan esku-hartze zuzena izan zuenetako bat agertzea.
ETAren su-etena. Nazioarteko komunitatearen esku-hartzea
Nazioarteko bultzada
Oraingo aukera honetan nazioarteko komunitatearen esku-hartzeak berebiziko garrantzia izango du. Bruselako Adierazpenaren ekimenaren ordua da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu