Brian Currinek errieta egin zizueten alderdiei ETAk armak utzi ostean elkarren artean aurretik baino gutxiago hitz egiten zenutela esanez. Elkarrizketak ba al daude?
Hor ere interes konkretu batzuk daude. Adibidez, ekain bukaeran edo uztailean, AietekoKonferentziako partaideak berriz etortzekoak ziren beste bilera bat egitera, proposamen batzuekin, eta hori bertan behera gelditu zen. Ez PPk ez zuelako joan nahi, aurrekoan ere ez ziren egon. Bertan behera gelditu zen momentu horretan EAJk ez zuelako interesik hori egiteko. Iñigo Urkullu Ajuria Enera iristen bada, agian orduan izango du interesa, baina ordura arte ez.
EAJk frenatu zuen?
Bai. Guk uste genuen PSOE izango zela, baina PSOE prest zegoen.
Aieteko Adierazpena bere lorpen gisa azaldu du Urkulluk...
Badakit. Baina gauza bat da saltzea, eta beste bat egitea. Normalizazioaren bidean ez dut esango EAJk ez duela ezer egin. Bere papera ez da izan PPren papera, baina egin duena baino askoz gehiago tokatzen zaio egitea. Egin ahal izan du, baina ez du egin.
Zergatik ez du egin?
Gernikako Akordioa sortzen ibili ginenean EAJrekin egindako bileran ni egon nintzen. EAJ PSEri begira zegoen, eta PSE PPri. Betikoa da, bertigoak ematen die batzuei. Uste dut frogatu zela merezi zuela arriskatzeak. Inork ez dezala ukatu 2012ko egoerak ez duela zerikusirik 2009koarekin. Mugimendu batzuk egin ditu EAJk, ez dut ezetzik esango, baina inondik ere ez ditu egin egin beharreko denak. EAJk gehiago egin dezake, eta ireki ditzake ate gehiago. Erabakita daukate hauteskundeak pasatu arte ez egitea.
Pasatu ostean egingo duela ulertu behar dugu?
Adibidez Patxi Lopezek ez zuen jakin egoera kudeatzen. Nik argi daukat Aieteko Konferentziara agertu izan balitz argazki nagusia berea izango zela. Eta hori EAJk ere badaki. Hori aprobetxatzea nahi duela uste dut. Oposizioan dagoen bitartean ez dauka aprobetxatzerik, baina Jaurlaritzara iristen bada ongi aprobetxatuko du. Ez du PPk duen blokeo intentzioa, baina bai denborak bere alde erabiltzekoa. Ezin daitezke gauzak blokeatzen eta moteltzen ibili. Madrildik nahi baino traba gehiago datoz, eta guk hemen ezin dugu traba eta atzerapen bakar bat gehiago jarri. Jakinda, gainera, nazioarteko eragileak hor daudela gauzak egiteko prestasun guztiarekin. Uztailean proposamen zehatzekin zetozen.
Etorriko dira beranduago?
Suposatzen dut. Espero dut, eta nahi dut!
Urtebete egingo da Aieteko Konferentziatik eta ETAk armak utzi zituenetik. Gauzak asko edo gutxi aldatu dira denbora honetan?
Aldatu dira. Guk balio asko ematen diogu ETAk egindako adierazpenari. Batzuek esaten dute oraindik ez direla pauso guztiak eman eta ETAk desegin egin behar duela. Nik argi daukadana da ETAk ez daukala tokirik etorkizuneko euskal gizartean, baina jakin badakit Hegoafrikan, Irlandan eta beste prozesu batzuetan beren lana egin zutela erakunde armatuetako jendeek, flekoak ixten. Presoen auzia izan daiteke, armena... Azken komunikatu hori ez emateak ez du aitzakia izan behar beste urrats batzuk ez egiteko. Beste egoera batean gaude, baina hala ere, eta hau Brian Currini entzun nion, horrelako prozesuen hasiera alde bakarrekoa izateak alde baikorra duela, eta hori demostratu da hemen, baina ez du ezagutzen prozesurik aldebakarrekoak izanda bukatzen direnik. Alde guztiek egon behar dute prest pausoak emateko.
Ez daude?
Azken urteetan gertatu denari buruz irakurketa posibilistak egiten dituzte nazioarteko eragileek. Jose Luis Rodriguez Zapaterori zegokionean urratsak ez egiteko arrazoia hauteskundeak gertu egotea izan zitekeela zioten. Mariano Raxoi iritsi zen, eta esaten zuten gobernu berriek denbora behar dutela mugimenduetan hasteko, eta hasiko zirela. Hilabeteak joan, hilabeteak etorri ez dute pausurik eman. Zoritxarrez normalizaziorako eta elkarbizitzarako eman beharreko pauso batzuk ematea atzeratzen ari da, eta denbora galtzea da. Prozesua ez da trabatuko horregatik, eta ikuspegi horrekin gabiltza. Oztopatzen den neurrian, denbora galtzen ari gara.
«Nazioarteko eragileak proposamenak egitera zetozen, baina EAJk gelditu zuen»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu