Nazioarteko hegaldi komertzialak hasi dira Loiun, ia hiru hilabetean aurreneko aldiz

Frankfurtetik hegaldi bat iritsi da Bizkaiko aireportura, eta Bizkaitik beste bat irten da ondoren Frankfurterantz. Martxoaren 26az geroztik ez zen hegazkin komertzialik iristen.

Loiuko aireportua, artxiboko irudian. LUIS TEJIDO / EFE
2020ko ekainaren 15a
22:47
Entzun

Koronabirusak hegaldiak ere bertan behera utzi zituenetik, ia hiru hilabete izan dira nazioarteko hegaldi komertzialik gabe: martxoaren 26tik ekainaren 15era. Lufthansako hegazkin batek hautsi du geldialdia, astelehen arratsalde honetan. 85 bidaiari etorri dira Alemaniako hiritik, eta Loiutik hara partitu den hegaldian, berriz, 90 bat bidaiari joan dira.

Osagileek tenperatura hartu diete hegazkinean iritsi diren bidaiariei. Espainiako Osasun Ministerioaren mendeko osagileek hartu dute zeregin hori —Kanpo Osasuna deitzen diote sailari—; mediku bat eta erizain bat arduratu dira bidaiariei tenperatura hartzeaz. Elkarren artean distantzia fisikoa gorde behar dutela gogorarazi diete, eta aireportutik ateratzerako maskara jantzita eraman behar dutela oroitarazi.

Espainiako Gobernuaren ordezkaritzak azaldu du hegazkinez iritsitako bidaiari guztiei egingo dietela ohiko kontrol hori, eta gaixotasun infekzioso bat izateko susmagarriak izan daitezkeen bidaiariei kontrol zorrotzago bat egingo dietela. Ez dute zehaztu zeintzuk diren susmagarriak izateko faktoreak.

Loiuko aireportua bezala, gainerakoak ere nazioarteko hegaldi komertzialik gabe egon dira azkeneko ia hiru hilabeteetan. Europa guztian izan du eragina hegaldien urritzeak. Loiun aritzen diren beste konpainia batzuk ere hasiko dira aste honetan nazioarteko hegaldiak egiten. Jose Luis Abalos Espainiako Gobernuko Garraio ministroak adierazi du prestatua dagoela aireportua, eta «sarrera puntu» gisa berme guztiak eskaintzen dituela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.