'Nazionalismo baztertzailea', gaitegitik at

«Minik» egin ez dezan, gai gisa ez dute landuko Herritartasunerako Hezkuntzan PPk sartu nahi zuen kontzeptua

Garikoitz Goikoetxea.
2012ko maiatzaren 25a
00:00
Entzun
Atzera egin du Espainiako Gobernuak: Herritartasunerako Hezkuntza ikasgaiko curriculum berria egiteko proiektuan ageri den kontzeptu politikoenetako bat, nazionalismo baztertzailea delakoa, programatik kanpora utziko dute. Madrilgo gobernuak orain esan du ez diela «minik» eman nahi sentsibilitate politikoei, eta horregatik kenduko duela kontzeptu hori. Gainerakoekin, ordea, aurrera egiteko asmoa du.

Bilera zuten atzo Espainiako Hezkuntza ministro Jose Ignacio Wertek eta autonomia erkidegoetako kontseilariek —tartean ziren Isabel Zelaa Jaurlaritzakoa eta Jose Iribas Nafarroakoa—. Aztergai zerrendako puntu zalapartatsuena hori zuten: Herritartasunerako Hezkuntza ikasgairako curriculum berria. Aldaketa handiak egingo ditu PPk gaien programan: bazterketari buruzko atalak kendu egin ditu —gay eta lesbianek jasaten dutenarena, emakumeena...—, eta Espainia goratzekoak sartu ditu, konstituzioari berebiziko garrantzia emanda. Kontzeptu politiko batzuk ere ageri dira curriculum berria egiteko proiektuan, ikasgai gisara: terrorismoa, fanatismo erlijiosoa, huts eginiko estatuak eta nazionalismo baztertzailea.

Ezinegona eragin dute PPren asmoek. Kontuak eskatu dizkio Zelaak Wert ministroari, egindako aldaketak ez datozelakoan bat Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxeetan Bakerako Hezkuntza Planarekin abiatutako bidearekin. «Ezin dugu onartu curriculumetik ezabatzea biktimekiko enpatiaren, bakerako kulturaren eta gatazkak konpontzeko elkarrizketa erabiltzearen gisako gaiak». Nolanahi ere, Jaurlaritzak berretsi du aurrera jarraituko duela Bakerako Hezkuntza Planarekin, erkidegoari dagozkion eskumenak baliatuta.

Orain indarrean dagoena ez bezala, PPk onartuko duena gaitegi itxia izango da; horrek mugatu egingo du eskolaz eskola gaiak era batera edo bestera lantzeko eta beste gai batzuk sartzeko aukera.

Espainiako Gobernuaren jarrera salatu dute Ikasle Abertzaleek. Haien esanetan, «inposatu» egin nahi du curriculuma Wert ministroak: «Hezkuntza euren jardun politikoa defendatzeko eta elikatzeko baliatu nahi dute». Bereziki salatu dute homofobia, parekidetasuna eta halako gaiak kanpora utzi izana eta Espainia goraipatzeko edukiak jarri izana.

Aldaketa, «indarrik gabe»

Dekretuz onartuko du aldaketa Madrilek, eta, oinarrizko araua izango denez, eragingo du Hegoaldean. Muzin egiteko eskatu die IAk Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari. Zelaak aurreratu du programaren zati bat antolatzeko duen eskubideari helduko diola, «aldaketak gure hezkuntza sisteman indarrik gabe uzteko».

Zeresan handiena Herritartasunerako Hezkuntzako dekretu berriak eragin badu ere, bileran aztertu zituzten gai gehiago. Bekak lortu ahal izateko sistema berriaz aritu ziren, besteak beste. Espainiako Gobernuaren asmoa da nota onenak dituztenei ematea diru laguntzak, alor ekonomikoari garrantzi gutxiago emanda. Zelaak esan du «gutxi» eragingo duela horrek EAEn; antzera gertatuko da Nafarroan. Berdin Lanbide Heziketako eredu berriak ere, sailburuaren esanetan; ikasketak lantokiko praktika ordainduekin batu nahi ditu Madrilek.

Wertek bilera egitea lortu zuen atzo kontseilariekin. Herenegun, ordea, bakarrik utzi zuten errektoreek, mozketei buruz ez zuelako hitz egin nahi. Beste bilera batera deitu ditu datorren asterako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.