Nazionalismoez «pozoirik gabe» ikertzeko masterra abiatu du EHUk

Europan nazionalismoak ikertzeko sekula egin den lehen ikerketa masterra da, eta 50 bat irakasle arituko dira gonbidatu gisa

Aitziber Laskibar Lizarribar.
Leioa
2010eko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Nazionalismoei buruz hausnartzeko eta ikertzeko, inoiz eta inon egin den lehen masterra martxan da Euskal Herriko Unibertsitatean. Duela hiru aste hasi zen Euskal nazionalismoa XXI. mendean ikerketa masterra, baina atzo izan zen hasiera ofizialeko ekitaldia. Oso gonbidatu berezi bat izan zuten hasiera ekitaldiko hizketaldia emateko: C. Ulises Mulines filosofo eta irakaslea.Mulinesek nazionalismoei buruzko azterketa entzutetsuak egin ditu.

Urte osokoa da masterra, eta euskaraz izango da. 50 irakasle arituko dira gonbidatu gisa, eta dozena bat ikaslek jardungo dute ikasten eta ikertzen.Julen Zabalo antolatze lanetan aritu den irakasleak azaldu duenez, gaiari buruzko tesiak egin eta ikerketa interdisziplinarrak egitea da ikastaroaren helburua. Baita ezagutza biltzea eta gizarteari helaraztea ere, Soziologia eta Politika Saileko dekano Alfonso Unzuetaren hitzetan. Hain justu, Soziologia eta Politika Sailak antolatu du masterra.Karmelo Garitaonaindia errektoreordeak, berriz, kalitateko formakuntza ziurtatu du.

Nazionalismoei buruz aritzeak sortzen dituen erreakzioen eta «pozoiaren» aurrean gaiari buruz ikertzeko eta hausnartzeko masterra inoiz egin den lehena dela gogoratu, eta eztabaida horren beharra plazaratu du Alemaniatik espresuki etorritako Mulines filosofoak Leioako campusean.

Municheko Unibertsitateko irakasleak zuzenean bizi izan ditu «pozoia», irain eta bazterketak nazionalismoa defendatzeagatik, Ander Iturriotz irakasleak aurkezpenean gogoratu duenez, eta filosofoak berak baieztatu duenez. Mulinesek bere burua batik bat Kataluniako nazionalistatzat du. Gaztelaniaz kaleratu zuen Manifestu nazionalista (are separatista ere esango nioke,estutuz gero) liburua plazaratu izanak sortu dio aurkari gehien. Hausnarketa hori eta ondoren estaturik gabeko nazioei buruz egindakoak azaldu ditu.



Ulises Moulines. Filosofo eta irakaslea

«Estaturik gabeko nazioak bilduko lituzkeen erakunde bat sortuko nuke»

A. L. Leioa

Filosofoa da Ulises Moulines (Caracas, 1946), eta irakaslea Municheko unibertsitatean. Munduko leku askotan bizi izan da, baina nazionalista sutsua da. Areago, nazionalista izatea beharrezko dela uste du; edozein lekutako nazionalista, eta internazionalista.

Nazionalismoek definizio zehatzik ez dutela eta, zer diren zehazten saiatu zara. Izugarrizko indarra duen sentimendu saihetsezina dela diozu, maitasun sentimenduekin alderatuta. Zer da nazionalismoa?

Nazio bateko kide den edozein pertsonak duen emozio oso sakona da: talde zehatz batekin identifikatzen da mundu guztia, zeinarekin hizkuntza bat, sinesmen bat, mundua ikusteko modu bat, izaera bat partekatzen duen. Pertsona bakoitzaren sentimendu oso emotiboak dira, eta ezin dira ezabatu. Jende guztiak du talderen batekiko halako elkartasun sentimendu bat, edo haren parte izatekoa: familia, lagunak, jaioterritik hasita naziotasunerainokoa. Batzuek ez dute nazio sentimendua atzeman ere egingo, ofizialki onartutako nazioetako kide direlako. Estatua dutenez, ez dute beren identitatea defendatzeko beharrik. Baina nazio horretakoen identitatea mehatxatua denean, sentimendu sendo hori piztu egiten da. Seme-alabenganako edo bikotearenganako sentimenduetan gauza bera gertatzen da: ia era saihetsezinean maitemindu zaitezke edo zure familia maitatu, eta seme-alabei mehatxuren bat datorkiela ikustean edozein gauza egiteko gai zara haiek defendatzeko eta babesteko. Nazionalismoa ere maitasuna da, aberriarekiko maitasuna.

Etniekin lotzen dituzu nazionalismoak. Zein zentzutan?

Gizaki guztiek ez dute ez hizkuntza, ez pentsaera bera, esaterako. Agerikoa da finlandiar batek ez duela tutsi batek bezala hitz egingo edo jango eta ez dira berdin dibertituko; ez dute berdin jokatuko. Bi entitate kultural desberdinekoak dira. Hori da arrazoia. Entitate kultural horiei esaten diet nik etnia. Eta etnia bat identitate horretaz konturatzen bada eta bizirik irauteko programa politiko bat garatzen badu, nazionalismoa sortuko du.

Zure hausnarketak jasotzen dituen Manifestu nazionalista..,-n, nazionalismoen inguruan dauden bi erreakzio mota jasotzen dituzu. Euskal Herrian badira erreakzio horiek?

Nazionalismoei ukazioaren bidez egiten diote aurre batzuek, nazioak ez direla existitzen esanez. Beste batzuek nazio desberdintasunak badaudela onartzen dute, baina hori humanitatearen zoritxarra izango balitz bezala jokatzen dute; desagerrarazteko edozer egin behar dela diote; birus gaizto bat balitz bezala amaitu behar dela hura. Biak daude Espainiako Estatuan.

Bi aldeen talkak gatazkak sortzen dituzte. Horren aurrean, zer egin?

Horrela sortzen dira gatazkak. Baina ni ez naiz politikaria, zorionez, eta ezin dut ezer zehatzik proposatu. Nik egoeren egia azaltzen dut zientzia zehatz batean oinarrituta. Gauza bakarra proposatuko nuke: jendeari ikusaraztea mundu osoko nazionalistek nahi duten gauza bakarra Nazio Batuen Gutunak lehen artikuluan onartzen duen zerbait dela: herriek autodeterminatzeko duten eskubidea. Nola konbentzitu gobernu hegemonistak nazio guztiek dutela autodeterminazio eskubidea? Argi dago ni ez nagoela indarkeriaren alde, bainapresio egiten eta antolatzen jarraitu behar dela uste dut.

Nazionalismoen alde, VIPS printzipio gisa izendatu duzuna aldarrikatzen duzu; aniztasunaren balioa.

Bai, Gizateriaren Pluraltasunaren Berezko Balioa aldarrikatzen dut; horrela izendatu dut, gazteleraz, VIPS kontzeptua. Animalia zein landare espezieen aniztasuna, paisaiena, pluraltasun kulturala eta beste hainbat aniztasun izatea ona dela onartu behar den bezala, nazioen pluraltasuna ere defendatu behar da. Pentsa zein infernu izango litzatekeen munduko jende guztia Kansas Cityko edozein herritar bezalakoa izango balitz. Jasangaitza izango litzateke! Aniztasuna zoragarria da.

XXI. mendeko Europan nazionalismoek duten egoera aztertu duzu. Nola deskribatuko zenuke egoera?

Zoritxarrez, ez da egoera ona estaturik gabeko nazio gutxituentzat. Egon zen garai bat bazirudiena Europako Batasunak nolabaiteko ulermen jarrera bat hartuko zuela nazio txikien identitatea onartze aldera: Sobietar Batasuna hondoratu zeneko unea. Europan hainbat nazio sentimendu berpiztu ziren, eta bazirudien Europako Batasunak ulertuko zuela fenomeno horrek onartua izan behar zuela. Baina mendebaldeko Europako herri txikiek ezin dute gauza onik espero Europako Batasunetik, interes politiko gehiegi daudelako tartean. Estatuek osatzen dute Europako Batasuna, eta horien interesak estaturik gabeko nazio identitateen interesen aurkakoak dira. Arlo horretan eszeptikoa naiz, baina horrek ez du esan nahi pesimista naizenik. Beste leku batzuetan bilatu beharko da babesa.

Non?

Nazioak bilduko dituen erakunde ba sortzea proposatzen dut. Arazoak dituzten estaturik gabeko nazio txiki gehienek uste dute beren arazoa dela munduko bakarra. Baina askorena da: euskaldunena, katalanena, tirolesena,eskoziarrena, bretoiena... Gehienetan arazo berak dituzte baina bakoitzak oso gutxi daki besteei buruz. Nazioen arteko markoak garapen positiboa ematen lagunduko luke. Nazio Batuen Erakundea sortzea proposatzen dut, egun izen hori duena Estatu Batuen Erakundea delako. Azken finean, batasunak dakar indarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.