Naziotasuna identitate

Euskal Herria da BERRIAren nazioa, zazpi herrialdek osatutako errealitate kultural eta politikoa, eguneroko arretagunea. Nazio ikuspegi hori da BERRIAren eta haren kazetarien eguneroko lanaren oinarri nagusietako bat.  

jarraia229905.jpg
Jone Bastida Alzuru.
2023ko ekainaren 26a
14:44
Entzun

Egunkari nazionala da BERRIA. Euskarazko egunkari nazional bakarra. Naziotasuna da haren identitateetako bat, balio bereizgarrietako bat. Baina... zergatik? Zergatik du horrenbesteko garrantzia nazio ikuspegiak? Amagoia Mujika Tolaretxipik erantzun du, Martxelo Otamendiren ordez BERRIAko zuzendari izango denak: «Arrazoia sinplea da, nahiz eta errealitateak buruhauste asko sortzen dizkigun. Gure herria ez dugu euskararik gabe ulertzen; euskaraz bizi gara, euskaldunak gara, zazpi lurraldeetakoak. Beraz, argi dugu gure nazioa Euskal Herria dela».

Azaldu duenez, Euskaldunon Egunkaria sortu zenean garbi zuten Euskal Herriak egunkari bat behar zuela. Izan ere, leku bat behar zen Euskal Herriko lurralde guztietan gertatzen zenaren berri emateko, eta baita horretarako hizkuntza bat garatzeko ere: «Guri gertatzen zitzaigunaz hitz egin behar zen; gure auziez, ezbeharrez, politikaz eta ekonomiaz. Gure begietatik esplikatuko zen munduaz. Gure imajinarioa irudikatzen zuen eguneroko bat izan behar zuen».

Helburu eta ikuspegi horrekin sortu zuten Egunkaria, eta bide horretatik jarraitu zuen, itxi zuten arte. Asmo eta filosofia berberekin jaio zen BERRIA ere, nahiz eta beste garai bat izan. «BERRIAk egunero berritzen du Euskal Herria erakusteko konpromisoa. Egunero-egunero dauka presente bere eginbeharra hori dela».

Egunkariek pisu nabarmena dute nazioen eraikuntzan, eta garrantzitsua da komunikazio esparru propioa izatea. Euskal Herriaren kasuan, ordea, askotarikoak dira oztopoak; nola lotu egitura administratiboek zatikatutako nazio bat kazetaritzan? Honela azaldu du Mujikak: «Gobernuek zatiketa indartzen dute. Gainerako hedabide gehienek ere bai. Eskolak berak indartzen du zatiketa. Atzerakada bat sumatzen ari gara. Euskal Herriak indarra galdu du imajinario kolektiboan, eta horren kontra egiten dugu».

Eguneroko buruhausteak. Datu nazionalak ematen dituzten erakundeen falta salatu du Mujikak, eta azaldu kazetariek «egunero» aurre egin behar izaten diotela nazio auziari. Pandemia garaia gogoan, adibidea jarri du Ion Orzaiz Nafarroako delegazioko kazetariak. «Infekzioen, ospitaleratzeen eta heriotzen datuak jasotzean, Hego Euskal Herrikoak izan arte, behintzat, ez genituen webgunean publikatzen. Frantziako Gobernuak ez zituen ematen Iparraldekoak, baina saiatzen ginen, hala ere, Ipar Euskal Herritik eskuragarri genituenak ere ematen». Horrek, sarri, «mantsoago» aritzea eragin ziela aitortu du, baina, modu horretara, «ondo landutako kazetaritza bat» eskaini ahal izan zietela irakurleei. Aipatutakoa etsenplu bat baino ez da. «Batzuetan, zaila da, baina merezi du. Uste dut, azken finean, beste kazetaritza molde bati segitzea dela, eta beste eredu bat proposatzea». Eguneroko lanetan eta arnasa luzeko piezetan nazio ikuspegia «barneratuta» daukatela adierazi du.

Buruhauste asko izaten dituzte, ordea, Ekhi Erremundegi Iparraldeko delegazioko kideak aitortu duenez. Zerrendatu egin ditu batzuk: «Agiri bat bidali du Euskal Elkargoak etxebizitza problematikari buruz. Côte Basque aipatzen du frantsesezko bertsioan, Euskal Kostaldea euskaraz. Euskal kostaldea da guretzat? Ala Ipar Euskal Herriko kostaldea? Ez ote da Lapurdiko kostaldea? Eta EFEren teletipoan agertzen den Gobierno Vasco nola itzuliko dugu? Euskal gobernua ala Eusko Jaurlaritza? Zer eremuri buruz ari da Max Brisson Pays Basque aipatzen duelarik? Nola ezarriko diogu euskaraz? Prefeta zer da, Denis Itxasoren parekoa? Eta orduan zer da suprefeta? Zuek Akitanian zaudete ala Pirinio Atlantikoetan? Zer sindikatu dira SATSE, Steilas eta ESK? Zer ildotakoak dira?».

Askotariko galderak izaten dituzte, beraz, egunerokoan. Eta horren harira, dudak: nondik hartu informazioa? Nondik begiratu? Zeren arabera hartu erabakiak? «Gureak ez diren bi estaturen menpe eta hiru administrazio ezberdinetan egoteak egunero baldintzatzen gaitu. Euskal gizartearen eta mugimendu abertzalearen bilakaerak eta inertziek ere bai». Azpimarratu du eguneroko borroka dela aitortzarik ez duen nazio batean «nazionalki pentsatzen saiatzea».

Mujikak ere berretsi du administrazio bakoitzak sarri bere erara interpretatzen dituela datuak, eta kontzeptu ezberdinak jasotzen dituztela. Horrek lana zailtzen die. Halaber, lurraldetasuna beste modu batera ere lantzen dela azaldu du: «Egunkari nazionala gara Euskal Herri osoa hartzen dugulako kontuan, baina baita toki guztietako berriak jasotzen ditugulako ere; ahalegin handia egiten dugu hango eta hemengo egoera islatzen».

Egunkari nazionala izanda, lurralde guztietan du BERRIAk ordezkaritza, eta tokian tokiko kazetariekin ezartzen du agenda. Horri garrantzia eman dio Mujikak: «Berezko agenda lantzeak ere bereizten du egunkari bat bestetik. Aktualitateari erreparatu behar diogu, baina aktualitatea gure agenda propioarekin ere markatu dezakegu, guk proposatutako gaien bidez, gure erreferentziak emanez».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.