'La Negresse' auzo izena ez du aldatu beharko Miarritzeko Herriko Etxeak

Oroimenak eta Partekatzeak elkartearen arabera, izen arrazista eta sexista da; helegitea ezarriko du Bordeleko Auzitegi Administratiboan. Miarritzeko Herriko Etxeak oroitarri bat ezarri nahi du, izenaren jatorria esplikatzeko.

Miarritzeko aireportuko biribilguneko bide seinalea, 'La Negresse' izenarekin. IñAKI ETXELEKU
Miarritzeko aireportuko biribilguneko bide seinalea, 'La Negresse' izenarekin. BERRIA
Oihana Teyseyre Koskarat.
2023ko abenduaren 22a
11:00
Entzun

Miarritzeko La Negresse auzoak izen berarekin segitzen ahalko du. Hori trenkatu du Paueko Auzitegiak; auzi saioko txostengilearen iritzia aintzat harturik, La Negresse auzo izena ez da «giza duintasunaren kontrakoa». Oroimenak eta Partekatzeak elkarteak abiatu zuen auzo izen hori aldarazteko prozedura: arrazista eta sexista dela uste du. Izan ere, XIX. mendean Napoleonen soldaduek auzo horretako ostatu batean ari zen emazte beltz bati jarri izenari dagokio izendapen hori. Azken urteetan, polemika iturri bilakatu da. Oroimenak eta Partekatzeak elkarteko lehendakari Karfa Sira Diallok erran du erabakiari helegitea ezarriko diotela Bordeleko Dei Auzitegian.

«Auzi saioa iragan zenean, sentitu genuen txostengilea ez zela izen arrazista eta sexista hori kentzearen aldekoa. Auzitegiak ez du izan behar den kuraia, eta historiako erabaki garrantzitsu batean huts egin du», adierazi du Diallok. Zehazki, 1861eko izen aldaketaren erabaki administratibo bat du jomugan Oroimenak eta Partekatzeak elkarteak; auzitegiaren irudiko, ordea, izena «oroimenaren ikuspegitik» emana izan zaio auzoari, eta ez «esklabo bat edo azal beltzeko esklabo baten ondorengo bat modu iraingarri, umiliagarri edo iraingarrian aurkezteko, ezta komunitate bateko kideak arrazoi arrazista batengatik estigmatizatzeko ere».

Diallo ez dago ados argumentu horrekin. Auzia iragan aitzin honela mintzatu zen: «Zailtasunak dituzte ulertzeko pertsonen duintasuna errespetatzea dela jokoan». Nabarmendu zuen inork ez lukeela onartuko beste komunitate edo herri batzuentzat iraingarria litzatekeen esamolde bat auzo izen bilakatzea. William Bourdon abokatuaren hitzetan, litekeena da afera Frantziako Estatu Kontseiluak ebatzi behar izatea ororen buru. Honela adierazi zuen Ipar Euskal Herriko Hitzan Diallok: «Jende anitzentzat zaila da onartzea auzo izen hori ezin onetsia, ahalkegarria dela; historia kriminala erakusten duela. Baina gure helburua ez da miarriztarrei leporatzea beren gain hartzerik ez duten iraganeko ardura bat».

Herriko etxeak ere ez du izen hori kentzeko asmorik. Maider Aroztegi Miarritzeko auzapezaren arabera, «izen horrek ez du sekula arrazismo kutsurik izan miarriztarren espirituan». Erran du 2024an oroitarri bat ezarri nahi duela, emakume horren historia agerian ezartzeko.

Euskara «baztertzeko»

Herriko etxeak La Negresse izena eman zion arte, auzoak bazuen euskarazko izena:Harausta. 2000. urtean aurkeztu zuen tesi lanean, Hector Iglesias ikerlariak xehe-xehe ikertu zituen Baionako, Angeluko eta Miarritzeko leku izenak. Argiki erakutsi zuen euskaldunek Harausta, Harrausta, Heustarre edo Eguastarre deitzen ziotela Miarritzeko geltokiaren inguruko auzo horri,baita dokumentuetan ere. Gero, 1968an, Herriko Etxeak ofizialki erabaki zuen euskarazko izen hori kentzea. Diallo: «Larria da herriko etxeak erabaki izana 1986an Harausta euskal izenaren kentzea, La Negresse izena atxikitzeko. Zuzengabea da euskal kultura eta hizkuntzaren aldera —hizkuntza krimen bat da kasik, mendeetako euskal izena kendu baitzaio hola—, eta beste izen bat hautatu dute, alimale edo basa mailara azpiratu nahi den komunitate baten izendatzeko erabiltzen zutena. Parekatu daitezke bi zuzengabekeriak».

Bide beretik, hau idatzi du Egoitz Urrutikoetxeak Mediabask astekariko egungo iritzi artikulu batean: «Paradoxikoa eta sintomatikoa da euskaraz Herausta deitua zen Miarritzeko auzo horren izena ordezkatzea [frantses] kolonizazioaren oinarria sinbolizatzen duen terminologia bat erabiliz».

Oroimenak eta Partekatzeak herri heziketako elkartea da, eta beltzen trafikoaz eta esklabotzaz oroitzeko lana darama Bordelen, Arroxelan eta Naoneden. Badu zenbait urte Miarritzeko La Negresse auzo izenaren berri baduela, eta, hura salatzeko, protesta egin zuten G7ko goi bileraren harira, 2019an. Frantziako Polizia bortizki oldartu zitzaien, eta Karfa Sira Diallo, elkartearen sortzailea, bortizki arrastatu zuten. Epaiketa egin, eta errugabetzat jo zuten, 2021eko urtarrilean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.