Nepalgo kabineteari lotu zitzaizkion herenegun gerrillari ohi maoisten ordezkariak, hainbat astetako negoziazioen ondoren. Ekitaldi berean 83 urteko Girija Prasad Koirala lehen ministroaren agintaldia berritu zuten, Legebiltzarrean.
Maoistek iazko azaroan bake akordioa sinatu zuten Gobernuarekin, eta horrekin 10 urteko gerra amaitutzat eman, eta trantsizio prozesua martxan jarri zuten. Prozesua heldu den ekainean bukatuko da, Asanblea Konstituziogilea osatzeko hauteskundeekin. Asanblea horrek Nepalgo estatuaren izaera berria erabakiko du. Gaur egun, monarkia daukate aginte ororen gainetik.
Joan den martxoaren 9an behin-behineko konstituzioa erreformatzeko lege proiektua onartu zuen Legebiltzarrak, Asanblea Konstituziogilea osatuko duten ordezkarien kopurua handitzeko.
Koirala lehen ministroak zazpi alderdiren koalizioa gidatzen du, eta herenegun Legebiltzarrean eginiko saioaren aurretik bere kabinetea desegin zuen. Ondoren diputatuek aho batezko sostengua eman zioten, gobernu berria era zezan. «Nepalgo historian atal berri bat hasi da. Batuta egon beharra daukagu, herrialdean bakea eta segurtasuna ezartzeko», adierazi zuen Koiralak.
Gerrillari ohiak Gobernuan sartzeko negoziazioak Legebiltzarreko saioa baino ordu batzuk lehenago amaitu ziren, kabinetea osatzeko akordio batekin eta hauteskundeak ekainaren 20an egiteko erabakiarekin, CPN-UNL Nepalgo Alderdi Komunista-Batasun Marxista Leninistako buru Jhalnath Khanalek ezagutzera eman zuenez.
GREBA, IKERKETA ESKATZEKO. Bestalde, joan den otsailean piztutako matxinadan hildako 25 pertsona baino gehiagoren heriotzak ikertzeko eskatzeko greba egin zuten atzo Nepalgo hegoaldean, MJF Madhesh Janadhikar Forum alderdiak deituta. Hegoaldearentzat autonomia gehiago galdegiteko egin zuten matxinada otsaileko hainbat astetan, baina Poliziak gogor zapaldu zuen hura. Atzoko grebaren beste helburuetako bat Nepalgo Barne ministro Krishna Prasad Sitaularen dimisioa eskatzea zen.
Hegoaldeko errepideak hutsik zeuden atzo, eta dendak, hezkuntza instituzioak eta fabrikak itxirik egon ziren atzo, Nepalnews hedabidearen arabera. Protestagile batzuek gurpilak erre zituzten zenbait herritako bide eta kaleetan.
Nepalgo kabinetean sartu dira gerrillari ohi maoistak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu