Gizarte murrizketen ondorioz, haur eta nerabe gehiago dago pobrezia arriskuan, Iñigo Lamarca EAEko arartekoaren arabera. Hori dela eta, adingabeen oinarrizko beharrak bermatzeko sisteman atzerapausorik ez emateko eskatu die instituzioei. Arartekoa beldur da Espainiako Gobernuak egin nahi dituen murrizketek adingabeen arretarako programetan eragina izango ote duten. Arartekoak agerraldi bat egin zuen atzo, Haurren eta Nerabeen Bulegoak 2011n jaso zituen kexen berri emateko.Aurrera begira bulegoak dituen asmoak ere azaldu zituen, Elena Aiartza bulegoko zuzendariarekin.
Lamarcaren esanetan, orain arte klase ertainean zeuden familia asko baztertuta gelditzeko arriskuan bizi dira, eta horrek zuzen-zuzenean eragiten die adingabeei. Aiartzak azaldu duenez, zailtasunak dituzten familietako haurrek eta nerabeek arazo ugari dituzte: etxebizitzen egoera txarra, elikadura ezegokia, hezkuntza eta aisialdiaren pribatizazioa... Batzuek, gainera, garaia baino lehen utzi behar izaten dituzte ikasketak. Hala ere, Lamarcak adierazi du gazteentzako gizarte babesa «nahiko ondo» dabilela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. 2008an egindako ikerketa bat gogorarazi zuen arartekoak. Ikerketa horren arabera, EAEko 15 urtetik beherako gazteen artean, %6 bizi dira pobreziaren mugan.
Atzo nabarmendu zituzten datuen arabera, Haurren eta Nerabeen Bulegoak iaz 292 kexa bideratu zituen, arartekoak guztira jasotakoen %12. Aintzat hartu behar dira, era berean, diru sarrerak bermatzeko errentaren inguruan zenbait familiak aurkeztu zituzten 290 kexak. Izan ere, familia horietako askotan haur eta nerabeak daude. Adingabeek beraiek kexen %11 aurkeztu zituzten, eta %89 helduek.
Jasotako kexen artean, hezkuntza arlokoak dira gehienak: %54. Horregatik, hezkuntza arloa aztertzeko, bulegoak hainbat egitasmo jarriko ditu martxan 2012an. Besteak beste, 0 eta 2 urte arteko haurren eskolatzea, eta jarrera arazoak dituzten nerabeentzako egoitzak aztertuko dituzte.
Bestalde, Haur eta Nerabeen Kontseiluarekin aurrera jarraitzeko asmoa du bulegoak. Iaz hiru bilera egin zituzten nerabeekin, eta era askotako gaietan haien ikuspegia jasotzeko erakunde egokia dela uste dute. Beste egitasmo bat ere indartu nahi dute: Eskubideen uhartea webgunea. Webgune hori erabilgarri dago jada lehen hezkuntzako ikasleentzat, eta edukiak eguneratuko dituzte. Rainbow proiektuan ere jarraituko du bulegoak. Bederatzi herrialdetako hainbat erakunderekin elkarlanean, haurrentzako testuak eta bideoak sortzen dituzte proiektu horretan, homofobiaren eta transfobiaren kontra borrokatzeko.
Nerabeen pobrezia arriskuaz ohartarazi du Iñigo Lamarcak
Instituzioei eskatu die atzerapausorik ez emateko haurren eta nerabeen beharrak bermatzeko sisteman
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu