Funtsik gabeko proposamen gisa hartu du Eusko Legebiltzarreko oposizioak Heziberri 2020 plana. LOMCE legea ez dute aipatu txostenean, eta kontuak eskatu dituzte horregatik EH Bilduk eta PSE-EEk. Helburua zein den argitzeko eskatu diote Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuari, ea horrekin egin nahi ote dion aurre erreformari. Ezetz erantzun du sailburuak, LOMCEren asmoak gaindituak dituela euskal hezkuntzak, eta bere bidea egitea dela proiektuaren helburua. Elkarlana eskatu die oposizioko alderdi guztiei.
Goizean eragileekin bilera, eta parlamentuan izan zuen atzo bigarren ekinaldia Uriartek. Oposizioa osorik agertu zitzaion aurka. Isabel Zelaa PSEko eleduna aritu zitzaion irmoen: «Zertan ari zara? Zer ekarri diguzu? Arreta handiz entzun zaitut, baina berritasunik ez dago hemen». Zelaak Uriarteri leporatu dio «denbora galtzen» aritzea, Heziberri abian dauden prozesuen «bilduma» dela iritzita.
Jaurlaritzaren «antzerki bat» da guztia, EH Bilduko eledun Belen Arrondoren ustez. «Sinetsarazi nahi digute sistema propioa garatzeko zerbait egiten dutela, baina ez dira ari bide horretan». LOMCErekin zer gertatuko den, hor ikusten du gakoa koalizioak. «Zer egingo duzu aurre egiteko?», galdetu dio Uriarteri. Salatu du, sindikatu eta ikasle taldeek ezin izan dutela bileretan parte hartu.
PPko ordezkari Iñaki Oiarzabalen arabera, berriz, Jaurlaritza erreformaren aurkako «kontraplan» gisa ari da agertzen Heziberri. Curriculum berria egiteko zer behar dagoen argitzeko eskatu du, eta salatu du «izaera nazionalista» duela lehenengo txostenak.
ELAk konfrontazioa eskatu du LOMCEren aurka, eta «itxurak» egiten ez aritzeko eskatu dio Jaurlaritzari. LABek ere esan du Heziberri ez duela ikusten LOMCEri aurre egiteko tresna gisara. Sindikatuak kanpora utzi izana salatu du, baina eztabaidarako prest da.
Neurri berririk ez dagoela erantzun du oposizioak, eta ez duela balio LOMCEren kontra
EH Bilduk ohartarazi du «antzerki bat» egiten ari dela Uriarte; PSEk uste du «denbora galtzen» ari dela Hezkuntza Saila
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu