NEURRI POLEMIKOENAK

2014ko irailaren 12a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Espainiako Gobernuak joan den apirilean aurkeztu zuen Botere Judizialaren Lege Organikoaren aurreproiektua. Epaile, fiskal zein abokatuen elkarteek gogor kritikatu dute geroztik, eta hainbat txosten eman dituzte argitara euren ezadostasunaren berri emanez. Proposamen polemikoenei gainbegiratu bat eman die BERRIAk Garbiñe Biurrun eta Edmundo Rodriguez epaileekin. Atzerapauso hitza da gehien errepikatzen dutena.

JUSTIZIA UNIBERTSALA

Mugak epaileei. Aurreproiektuak bere egiten du otsailean Espainiako Gobernuak urgentziaz onartutako erreforma. Horren arabera, Espainiako epaileen jarduna mugatzen da justizia unibertsalari dagozkion auziak hartzeko, eta irekita daudenak artxibatzeko eskatu. «Atzerapauso ikaragarria» iruditzen zaio Edmundo Rodriguezi. «Herritarrari erraztu egin behar zaio bere oinarrizko eskubideak urratzen dituzten unean hori munduko edozein epaitegitan salatzea. Batez ere, bere herrialdekoetan babesik ematen ez zaionean. Eta orain proposatzen dena da eskubide hori murriztea». Garbiñe Biurrun iritzi berekoa da. «Atzerapauso ikaragarria da. Eta dena interes politiko eta ekonomikoengatik, justizia eta beste balioak —elkartasuna, egia...— ahaztuta».

ADIERAZPENAK DEBEKATUTA

Ahokoa epaileei. Aurreproiektuaren 49.2 artikuluak garbi dio: epaileek eta epaileen elkarteek ezingo dute adierazpenik eta baloraziorik egin komunikabideetan auzitegietan oraindik ebatzi gabe dauden gaiei buruz edo emandako epaiei buruz. Epaileak gehien erretxindu dituen proposamena da, inondik ere. «Hori itsasoari ateak jartzea bezala da. Zentzugabea da. Nori debekatuko zaio adierazpenik ez egitea? Abokatu bati? Abokatu batek defentsa eskubidea gauzatzen ari denean nahi duena esan dezake. Kasua daraman epaileari? Epaile horrek debekatuta dauka berez adierazpenak egitea, ez daukate zertan berriro debekatu. Aldeei? Aldeek badute gauza bat 'adierazpen askatasuna' izena duena, eta aldeetako batek irten nahi badu jendaurrean adierazpenak egiten, eta inputazio jakin baten inguruan pentsatzen duena esan, hori ezin du inork mugatu», dio haserre Edmundo Rodriguezek. Gobernuak egindako proposamen guztiek duten «oinarrizko eskubideen aurkako joera» nabarmendu du Biurrunek, eta artikulu hori jarri du adibide gisa: «Oso adierazgarria da. Epaileoi ukatu nahi zaigu auzitara eramandako gaiei buruz iritzia ematea. Adierazpen askatasuna ukatu nahi zaigu! Ni neu oso kexu nago artikulu horrekin».

EPAILE IZARREN AMAIERA

Organo kolegiatua. Abiatu nahi duten Lege Organikoak ezartzen du konplexutasun handiko kasuak, horien artean Auzitegi Nazionalak bere gain hartzen dituenak —izan Gurtel auzia, Barcenas auzia...—, gizartean eragin handia duten horiek, hiru epailez osatutako organo kolegiatu batek hartzea. Ez uztea horrelakoak epaile bakarraren esku. Epaile izarren sorrera saihestu nahi da horrela. Edmundo Rodriguez ez dator bat horrekin: «Hori atzerapauso bat da. Epaile izarren kontrola beste modu batera ezartzen da. Epaileen kontrola ez, barkatu, horrelako epailerik ez egotea, beste modu batera egin liteke. Nola? Gatazkatsuak edo jendaurrean oso nabarmenak diren kasuak ez utzita gutxi batzuen esku. Hori da orain gertatzen dena Auzitegi Nazionalean. Baina instrukzioa orain epaile bakarraren esku utzi beharrean hiruren esku utzita arazoa konponduko dela pentsatzeak ez du zentzurik. Bakarrarekin zaila bada, pentsa hirurekin. Egin behar dena da Auzitegi Nazionala bezalako organoak desagerrarazi, eta auziak tokatu behar zaizkio epaile naturalari, batzuetan Bilbon egongo da eta bestetan Santa Cruz Tenerifekoan».

BAKE EPAITEGIRIK EZ

Hurbileko justizia, arriskuan. Espainiako Gobernuak berrantolatu egin nahi du justizia egoitzen mapa. Probintzia auzitegiak eta elkarte autonomoetako auzitegi nagusiak indartzearen mesedetan, auzitegi barrutiak (431) eta bake epaitegiak (7.683) nahi ditu desagerrarazi. Hurbileko justizia arriskuan ikusiko dute askok, horregatik. Edmundo Rodriguez: «Organo judizialak kontzentratu behar hori lehendik datorren gai bat da. Bake epaitegien egitekoari buruz guztiok hitz egin behar dugu. Egia da toki askotan ez dutela euren egitekoa betetzen, baina horretarako baliabiderik ez dutelako da, gehienetan. Horrek ez du zertan horiek desagerraraztea ekarri. Pentsatu behar dugu ea egun ematen zaizkien eskuduntzak egokiak diren. Egia da eskuduntza penalak, esaterako, gaur egun ez dutela zentzurik. Baina bitartekari lana, kontziliazio lana, kontentzioso administratibo txikiak... horiek egiten jarrai dezakete. Kentzen badizkiegu benetan arazoak sortzen dituztenak, eta horiek penalak dira, horiek instrukzio epaitegiei edo fiskalei emanda, mantendu daitezke bake epaitegiak, baina horretarako inbertsioak eginda. Zeren orain bake epaitegiek irauten dute udal batzuen borondate onari esker».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.