Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak 66 udalen hizkuntza politikak ikertu ditu 2010. urtean, eta horietatik, hamaseik dituzte soilik euskal hiztunen hizkuntza eskubideak bermatzeko moduko politikak. Udalen %24 da hori. Kontseiluak 2006an neurtu zituen lehenengo aldiz udaletan garatutako hizkuntza politikak, eta lau urte igaro direnean, euskararen normalizaziorako bidean denbora hori galdu egin dela uste du Kontseiluak.
2010ean eginiko azterketaren ondorioak atzo aurkeztu zituzten Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak eta Maite Inda Kontseiluko kideak, Donostian. «Nahaspila da hizkuntza politiken egoera fidelen definitzen duen hitza», adierazi zuen Bilbaok. Nahaspila, ez baitago udalen hizkuntza politiken arteko ezaugarri bateragarririk. Bilbaoren iritziz, alderdiek ez dute hizkuntza politika bateraturik: «Alderdi berekoak diren bi udalen arteko hizkuntza politikan, hamarreko puntuazioaren gainean zazpiko aldea egon daiteke». Euskarak estatus juridiko ezberdina duen herrietan egin du behaketa Kontseiluak, eta elementu horrek ere ez du adierazten euskararekiko hizkuntza politika koherenterik: euskara Bermeon (Bizkaia) bezain ofiziala da Portugaleten (Bizkaia), baina Bermeoko Udalak 9,3 puntu eskuratu ditu; Portugaletekoak, ordea, 1,7.
Nahaspila horren artean, koherentzia ematen duen ezaugarri bakarra egoera demolinguistikoa da,Bilbaoren arabera: «Ezagutza tasaren araberako hizkuntza politikak artikulatzen dira nagusiki Euskal Herrian». Datuek hala adierazten dute: gainditzen duten hamasei herrietan, euskararen jakite maila %73koa da, kasu baxuenean. «Zorigaiztoko kasuak» ere badirela iritzi dio Bilbaok. Izan ere, Baztanen (Nafarroa) euskararen jakite maila %91koa da, baina hango hizkuntza politika ez da lau puntu erdiestera iritsi. Bilbaoren ustez, jakite mailaren arabera, hizkuntza politika bat edo beste abiatzea ez da nahikoa. Euskararen normalizaziorako hizkuntza politika «eraldatzaileak» beharrezkoak direla uste du.
2006ko eta 2010eko datuak alderatuta, ondorio ugari atera ditu Kontseiluak. Alde batetik, euskararen normalizazioa lortzeko bidean lau urte galdu direla: «Herritarren hizkuntza eskubideak beste lau urtez urratu dira; euskaraz bizitzeko nahiari beste lau urtez oztopoak jarri zaizkio». Bestalde, hizkuntza politikek ez dute aurrerapauso sistematikorik egin. Badira lau urtean urratsak egin dituzten udalak —eta horiek zoriondu egin ditu—, baina Bilbaok jakinarazi duenez, hobekuntza horiek ez dira sistematikoak. Azkenik, euskararen aldeko hizkuntza politikak abiatzea borondate politikoaren esku dagoela dio Kontseiluak, eta, horregatik, ahaleginak eskatu dizkie zazpira heldu ez diren udalei.
Hiriburu guztiek, kale
Hizkuntza politika bat eraginkorra izan dadin, bi elementu neurtu ditu Kontseiluak. Euskara sustatzeko neurrien ingurukoa bata; eskubideak bermatzeko araubidezko neurriak hartzea bestea. Bi puntu horiek kontuan hartuta, 0tik 10erako puntuazioa eman die udalei. Kontseiluaren irizpideen arabera, hizkuntza politika batek zazpi puntu eskuratu behar ditu gutxienez eraginkorra izateko.
Aztertutako 66 udalen artean bost hiribururen hizkuntza politika neurtu du Kontseiluak: Baionakoa, Bilbokoa, Donostiakoa, Gasteizkoa eta Iruñekoa. Guztiek zazpi puntu baino gutxiago jaso dituzte, eta, beraz, hiriburu bakar batek ere ez du gainditu. Donostiak du, hiriburuen artean, balorazio onena (6,4 puntu), eta Baiona da hizkuntza politika makurrena duen hiriburua (1,85). Iruñea ere ez da bi puntura heltzen (1,9). Euskara ofiziala den hiriburuetan, balorazioa hobea da, datuen arabera. Aztertutako hiriburuek milioi bat biztanle barnebiltzen dituzte, eta, beraz, biztanle horiek ez dituzte bermatuak hizkuntza eskubideak.
Maiatzeko udal hauteskundeen atarian ezagutarazi ditu datuok Kontseiluak. Horrela, oraindik euskararen aldeko politika eraginkorrik ez duten herriak elkarlanera deitu ditu, eta hizkuntza politika eraginkorrak aurrera eramateko laguntza eskaini die Bilbaok: «Gabeziak eta horiek betetzeko proposamenak ere landu dira. Horiek, berriz ere, udalen eskura jartzen ditugu».
Neurtutako udalen %24tan soilik ikusi ditu Kontseiluak hizkuntza politika egokiak
Kontseiluak udalen hizkuntza politikak aztertu ditu; egoera «nahaspilatsua» dela azaldu du Paul Bilbaok
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu