«Ni naiz 'txakurra' deitu zizuna» bertso sortarekin erantzun dio Xabier Silveirak Felix Zubiari

Facebooken hasitako ika-mikak jarraipena eduki du azken orduotan. Bertsolariak bideo baten bitartez zabaldu ditu sendagilearen hitz neurtuei emaniko erantzuna.

Silveira ezkerrean, autengo Bertso Egunean, Iruñean. Eskuinean, Zubia, Donostia Ospitalean. IñIGO URIZ / FOKU - BERRIA
Edu Lartzanguren.
2021eko abuztuaren 13a
09:11
Entzun

«Lesakan bada gizon handi bat, bertsotan aritzen dena, pandemiaren gorabeherekin 'Txakurra' deitu nauena», kantatu zuen Felix Zubiak aurrekoan. Donostia Ospitaleko Zaintza Intentsiboko Unitateko arduradun eta bertsozaleak ez zuen izenez aipatu, baina Xabier Silveira bertsolariari buruz ari zen. Izan ere, azken horrek irain egin zion Facebooken, hitz hori erabilita.

Zubiaren bertsoak bolo-bolo zabaldu dira, eta gaur ere horren inguruko albistea gehien irakurrien artean dago BERRIAren webgunean.

Orain, erantzuna plazaratu du Silveirak, Ni naiz 'txakurra' deitu zizuna izenburuko sortan.

NI NAIZ 'TXAKURRA' DEITU ZIZUNA

Kaixo Felix ni naiz lesakarra
txakurra deitu zizuna
modu polita ez zela aldez
aurretikan jakituna
baña lortu dut bai lortu ere
horrrekin bilatzen nuna
eztabaidari bide eginez
hona nere erantzuna.

Dena ez dela ongi egina
ez da hausnarketa txarra.
Kazetariek zabaldu duten
bertsio bat ta bakarra
zalantzan jarri ezina bera
ez al da bitxi xamarra
zertara dator ados ez dena
ixilarazi beharra?

Zuk telebistan, irratietan
eta egunkarietan
lau haizetara zabaldu duzu
beldurra modu denetan
sentiaraziz bizitza bera
beldurgarria benetan
eta iaz hil ziren adina
hil zen aurreko urtetan

Donostiako ospitaleko
ZIUek nolako sona
hartu duten zu zaren ezkero
bertan buru den gizona
bapatean uy, gogoratu dut
han larri gaixo dagona
eta zu niri bertsoak jartzen
ze gusto txarreko broma

‘Burua martxan ipini eta
errespetuan hitzegin’
erabat ados naukazu Felix
zuk botatako hitzekin.
Antolatu zen eztabaida bat
euskal zientzilariekin
zu gonbidatu ta azaldu ez
eta hori gu ezjakin.

Negazionista diozunean
argudiotan urria
gelditzen zara, nahiz ta iraina
ez den taktika berria
gaitza inorrek ez du ukatzen
baina bere jatorria
isolatu ez den birus bat da?
ze igerlek igerria?

PCR-a diagnosian
erabiltzeko hautua
nik bezain ongi dela dakizu
maltzurkeriz gauzatua
hola nahieran darabilzue
intzidentzi metatua
egoera bat marrazteraino
arras manipulatua

Gorritu gabe aipatze hutsa
asintomatikoena
lehen algara ta gero datoz
haserrea eta pena
mediku batek ez ote daki
ume batek dakiena
ez dela inoiz gaixoa izan
sintomarik ez duena

Txerto esaten diozun horrek
zer du? barruan zer dakar?
ez du sendatzen, ez du babesten
ta hainbat ondorio txar
sortzen ari da
nik ez dut sartu
baña hartu zure bizkar
-idatziz noski- ardura oro
ta txertatuko naiz bihar

Zuk badakizu farmakogintzak
gutxi daukala ‘santa’tik…
iaz Espainian 600 miloi
medikuek hauengandik
jaso zituzten —publikoa da—
nik horrexegatik dakit
Euskal Herrira zenbat iritsi
ote dira hoietatik.

Nahiz ni ez naizen zientzilaria
bertsolariak bagara
entzuten ez den ahotsarentzat
bozgorailu eta aba.
Juanjo Martinez mediku eta
zirujau sonatua da
bion arteko eztabaidara
animatuko al zara?

Hitzak zer duen helburu, haren
baitan da edo ez irain
noski ni ez naiz nere burua
zuritzen hasiko orain.
Ulertzeko gai bazara xapo!
ta bertzela ere bikain
gaizki esanak barkatu eta
zure erantzunaren zain

P.D.

Komunikabideetan jangoikoa zara
ni berriz leproso bat
bertso erronka're bada
jeisteko prest bazaude
zerutik plazara
jokatu genezake
ehun bertsotara

Irainak erantzunetan

Igandero hitz egiten du Felix Zubia medikuak Euskadi Irratiko Osasun etxea saioan, eta BERRIAn ere hamabostean behin artikuluak idazten aritu da azkeneko hilabeteetan. Tarteka, irainak jasan behar izan ditu, COVID-19ari buruzko irizpideekin eta ikuspegiekin bat egiten ez zuen jendearen partetik. Silveiraren irainari erantzun zion Zubiak, Bertsolari aldizkarian argitaratu duen zortzi bertsoko sorta honekin:

TXAKURRA

Lesakan bada gizon handi bat,
Bertsotan aritzen dena,
Pandemiaren gorabeherekin
'Txakurra' deitu nauena
Ederki dakit zer den okerra
Eta zer dugun zuzena,
Zer dela eta jarri didate
Modu hortako izena?

Hil zaizkigunak lau milioi pasa
Zenbatu dira munduan,
Euskal Herrian ia sei mila
Begiratu inguruan
Gauza bat daukat oraindik ere
Ezin sartuta buruan,
Zer dela eta ukatzen duten
Izan ez balitz moduan?

Zazpiehun kasu baino gehiago
Neure begiz ikusiak,
Heriotzaren bidez lezio
asko gara ikasiak
Batzuk saihestu nahi nituzke nik,
Aholkuz adieraziak.
Zer dela eta jasotzen ditut
Holako hitz itsusiak?

Zenbaitek, baina, gertatuari
Egiten diote uko,
Konspirazio baten azpian
Gaituztela zapalduko
Ideia latz bat bururatzen zait
Horiek entzun orduko,
Bost mila aldiz ukatu arren
Ez dela desagertuko

Ez dakit zeinek asmatutako
Gezur bat omen da dena,
Txertoak berriz erdi-pozoia
Guztia galtzen duena.
Dudarik bada, ospitalera
Etor dadila hurrena,
Ikusi nahi ez duen hura
Da itsurik handiena.

Negazionista batzuek ere
Pneumoniaren harira,
ospitalera iritsi dira
Eta nahiko tira-bira.
Hasieran harro xamarrak baina,
Egia hutsa hori da,
Arnasa falta zaien unean
Ederki umiltzen dira.

Makina saltsa izan ditugu
COVID-aren inguruan,
Hautatu dugun bizimoduak
Jarri gaitu apuruan.
Ekonomian, garraioetan
Eta zaintzeko moduan,
Zoritxarrean zertan pentsatu
Asko daukagu munduan

Nabaria da gauza guztiak
Ez direla ondo egin,
Agintariek, kazetariek,
Eta medikuok berdin
Gertatu dena onartuz eta
Errepikatu ez dadin,
Burua martxan ipini eta
errespetuan hitz egin (bis)

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.