Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Batzordeko kideek estatu bati buruzko txostena kaleratu aurretik gaiari buruzko adierazpen publikorik egin nahi izaten ez badute ere, horietako bik egin diote lehen balorazioa BERRIA-ri Espainiako ordezkariekin bi egunotan izandako bileren inguruan. Torturak saihesteko neurriei buruz aritu da Niger Rodley, berak ondoen menperatzen duen gaia delako. Theo Van Boven-en aurretik, bera izan zen torturaren aurkako kontalaria.
Inkomunikazioari buruzko eztabaidak utzitako «bitxitasunei» buruz aritu da Rodley: «Inkomunikazioa ezartzen diote atxilotuei, baina badirudi ez dela inkomunikazioa, berme guztiak babestuta omen daudelako».
Ironiaz mintzatu da gaiaren inguruan. «Eskubide guztiak bermatuta» izateko, egin diren murrizketak beste neurri batzuk hartuta konpondu nahi direla dio. «Baina ezin dute konfiantzazko abokaturik izan, ofiziozko abokatuekin ere ezin dutela elkarrizketa pribaturik izan...».
Edozein kasutan, abokatu bat izateak ez duela tortura arriskua saihesten ohartarazi du. «Abokatua ez dagoenean eman ahal zaizkio tratu txarrak atxilotuari».
Espainiako egoeraren inguruan kezkatzen duena, oro har, legearen ezarpena dela adierazi du. Espainiak, legeei buruzko azalpenak ematen dituela, baina ezarpena dela garrantzitsuena.
Elizabeth Palmek, informazio zehatza bota du faltan. Normalean, estatuetako ordezkaritzako kide bakoitza gai batetan aditua dela eta erantzun bakoitza dagokion adituak eman ohi duela azaldu du. Espainiako kideen kasuan, ordea, Fernando Irurzun izan da azalpen guztiak eman dituena. «Pertsona batek ezin du guztia jakin eta dena erantzun. Seguruenik hortik sortu dira zalantzak».
Espainiak torturei buruzko daturik ez izateak harritu egin du Palm, baina horiei buruzko txostenak aztertuko dituztela esan izana positiboa dela dio. «Hala ere, batzordea gusturago geratuko litzateke inkomunikazioa kendu dutela esango balute».
Batzordea gusturago geratuko litzateke inkomunikazioa kendu dutela esango balute»
elizabeth palm
NBEko Giza Eskubideen Batzordeko kidea
«Berme guztiak babestuta omen daude baina datuek diote murrizketak daudela»
niger rodley
NBEko Giza Eskubideen Batzordeko kidea
Niger Rodley: «Arazoa ez da legeak zer dioen, hori nola ezartzen den baizik»
Giza Eskubideen Batzordeko bi kidek bilerari buruzko lehen balorazioa egin dute, kezkak airean utziz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu