Javier Morentin. Hezkuntzako doktoregaia

«Nire etxeko logela bat alokatzen dut; bertzela, justu ibiliko nintzake»

JAGOBA MANTEROLA /FOKU.
maddi ane txoperena iribarren
2020ko otsailaren 12a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Tesia egiteko kontratu bat izatea «zortea» da Javier Morentinen ustez (Iruñea, 1984), horri esker dedikazio osoa eskaini baitiezaioke ikerketari: «Bertzela, ezinen nukeen ikertu». Batxilergoa bukatu aitzin hezkuntza formala utzi duten ikasleak ditu ikergai: «Pentsatu ohi da ez dutela balio ikasteko, baina ez da egia». UNED Urrutiko Hezkuntzako Espainiako Unibertsitatean ari da egiten tesia, baina Nafarroako Gobernuaren diruarekin.

Hiru urterako dauka kontratua, eta 1.070 euro inguru jasotzen ditu garbi hilean, hamalau pagatan. Ikertzen hasi aurretik, pixka bat hobea zen haren egoera: «Lanean ari nintzen hezitzaile gisa, eta hor ere gutxi kobratzen da, baina 200 euro gehiago-edo bai». Etxea erosi zuen, eta hipoteka batean sartu: «Pertsona bat daukat etxean bizitzen: logela bat alokatzen dut. Ze 1.000 euro hipoteka bat daukazunean... Oso justu ibiliko nintzake». Irakaskuntza orduak ere tartekatu ditu: «Baina ordu horiek ez dituzu kobratzen; kontratuaren barnean sartzen dira». Eta bertze lanik egiten ez diote uzten: «Esklusibitatea daukagu».

Kontratua bukatzear du Morentinek, baina apirilera arte-edo ez du aurkeztuko tesia: «Bizpahiru hilabetez langabezian egon beharko dut, eta ezingo dut bertze lanik egin, tesiaren aurkezpena prestatzen buru-belarri ibiliko bainaiz». Doktoretza ondorako bekak badaudela badaki, eta horrekin saiatuko da beharbada, baina badaki ez duela erraza izanen: «Plaza gutxi daude».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.